Koldo Cadierno margolari zumarragarrak ‘Makilari goraipamena’ erakusketa ireki du.
Txakurra gizakiaren lagunik finena dela esan ohi da, baina gizakiak badu txakurra bezain fidela den beste lagun bat: makila. Gainera, seguru aski, hau da bere lagun zaharrena. Halako lagun on batek aspaldi merezi zuen omenaldi bat, eta omenaldi hori zuhaitz baten izena daraman herri batean antolatu dute, noski: Zumarragan.
Makilari omenaldia Koldo Cadierno margolari zumarragarrak prestatu du: Makilari goraipamena erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean. Bertan, ekialdeko erara egindako margolanak ikus daitezke. Lan guztietan makila da protagonista eta testu batzuk ere egin ditu.
Cadiernok erakusketak bi irakurketa dituela azaldu du. «Makila, alde batetik, bidearen metafora da. Eta bidea, bizitzaren metafora. Bestalde, makila da, seguru aski, gizakiak erabili zuen lehen erreminta. Dena den, nire ustez erreminta hau gizakia baino zaharragoa da:?seguru aski beste espezieren batek erabili zuen gizakia sortu aurretik».
Erabilpen asko
Zumarragako margolariaren ustez gizakiak asko zor dio makilari. Izan ere, hamaika erabilpen eman dizkio historian zehar: arrauna, aitzur-kirtena… Denetarako balio du, txakurra baino merkeagoa ateratzen da (ez baitzaio jaten eman behar) eta, gainera, Pinttok bezala, ez du koska egiten.
Erakusketan, makilez gain, edankuiak ikus daitezke. Izan ere, horiek ere aspalditik bidea egiten lagundu diote gizakiari. «Likidoak eramateko erabiltzen direnez, hauek ere bidaiekin estuki lotuak daude», aipatu du.
Bidea zen pinturako gai nagusietako bat da, eta Cadiernok teknika hau erabili du, hain zuzen ere, erakusketako bastoiak, edankuiak eta pertsonak margotzeko.
Tinta eta lagunek eman dizkioten paper eta kartoi zatiak erabili ditu. «Asiako tradizioa jarraitzen saiatu naiz. Honen oinarria pintzelkada sinpleak dira».
Ordutegia
Makilari goraipamena erakusketa igandea arte egongo da zabalik. Zumarragako kultur etxeko aretoko ateak egunero irekitzen dituzte: astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era eta larunbat eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Aipatzekoa da, bestalde, Cadiernok sumi-e (pintura japoniarra) ikastaroa emango duela urriaren 13tik aurrera. Eskolak hileko lehen ostegunetan izango dira, 18:30etik 20:30era. Hilaren 12a baino lehen eman behar da izena, arte ederren eskolan.