Goierriko Mendizale Beteranoek Pirinioak aldenik alde zeharkatu dituzte, bi urte pasan eta 37 etapatan.
Hendaiako hondartzatik Banyulseko itsasertzera. Kantauri itsasotik Mediterraneora. Goierriko Mendizale Beteranoak taldeak osatu duen azken aurreko proiektua da, Pirinioetako goi ibilaldiarena. 2014ko apirilean hasi eta aurtengo abuztuan bukatu, 37 etapatan zatituta, 775 kilometro luzeko zeharkaldia egin dute. Mendizaleen garai bateko esentziari fidel, gainera: taldean, korrika-txikirik gabe, txango bakoitza ondo antolatuta, eta azkenari itxaronda.
Ibilbidea ez dute jarraian egin; ez denboran, ez espazioan. Tavascan-Areu etaparekin jarri zuten azken puntua, abuztuaren 27an. Euskal Herria, Okzitania, Espainia, Andorra eta Kataluniako lurrak zapaldu dituzte: 9 etapa Mendebaldeko Pirinioan, 11 Erdialdekoan eta 17 Ekialdekoan.
«Lehenengo 11 etapak egun bereko joan-etorrietan egin genituen. Ondorengo zortziak, bi eguneko irteera batean eta hiru eguneko bitan; eta azkeneko 18 etapak, seina eguneko hiru irteeratan, 2014, 2015 eta 2016ko abuztuetan», diote Goierriko Mendizale Beteranoek.
Batez beste, 30 lagun eta 66 urtekoak izan dira etapako, (edadekoena 78koa); gehienekoan 58 lagun, gutxien 16. Desnibel metatu handieneko bidea Andorran egin zuten, Serratetik Vall d’Inclesera: 1.725 metro igo eta 1.560 metro jaitsi. Etaparik luzeenak 34 kilometro zituen.
Zeharkaldian 20 gailur igo dituzte. Tuc de Mulleres (3.010 m), Pica del Carlit (2.920) eta Canigo (2.785) aipatu dituzte.
Proiektuak kateatzen
Goierriko Mendizale Beteranoak 2009an hasi ziren, Euskal Pirinioko bira eginez. Harrezkero, 7 hiriburuak oinez lotu dituzte; Nafarroako mugetan zehar eta euskal kostalde luzean ibili dira, eta Euskal Herriko zeharkaldi handia burutu dute.
Azkenekoa, Nafarroako Zezenen Ibilbidea egin dute, Tuteratik Debara, 9 etapa. Irailaren 29an bukatu zuten.