EITBren Bilboko egoitzara lanera joan aurretik, etxean intxaur biltzetik iritsi da Andoni Aizpuru Murua (Gabiria, 1964) Elorrioko plazara. «Beleek eramaten dituzte bestela eta». Mugitua eta aktiboa betidanik, behar beste asti hartu du hizketarako. Honetaz eta hartaz, maratilarik gabe. Mendia, Gailurra saioa eta bizitzak jarri dizkion aldapak, behera nahiz gora, xehetu ditu.
‘Gailurra’ aurkezteko gidari aproposa da Andoni Aizpuru, ezta? Mendizalea zara eta.
Bai. Orain, ez da gauza bera mendira goiz pasa joatea edo saio bat grabatzera. Mendizalea izan beharra dago hori aurkezteko, eta gustura ibili gara. Baina grabazioak oso gogorrak izan dira; asteburuetan, Eguraldia utzi gabe… Azkenerako, ñio, mendizaletasuna ere… Mendira joan nahi dut, baina kamerarik eta jenderik gabe.
Askotan joaten al zara?
Bai. Etxeko mendira egun biz bat, korrika egitera. Tarteka perretxikutan ere bai. Mendia bakarrik bizitzeko zaletasuna dut.
Gaur egun, mendira nola joan behar den erakutsi beharra al dago? Hainbeste karrera eta korrika, taldean eta lasai ere joan litekeela ikusi da saioan.
Ni neu ez naiz adibiderik onenetakoa. Batzuetan, lanera joan aurretik joaten naiz mendira, ordubete, eta korrika txikian igual ibiltzen naiz. Denbora gutxi daukadalako. Egunero bost ordu banitu, lasai-lasai joango nintzateke. Batez ere neguan, elurra egiten duenean, lasai joaten naiz, ibili, eskiatu. Asko Urbian, Gorbeian eta Urkiolan. Baina denbora gutxi dagoenean, bi aukera daude: edo ezer ez egin, edo gimnasioan sartu. Ni gimnasioaren aurkakoa naiz, nahiago dut etxeko mendian lokatz artean ibili.
Zer ematen dizu, edo uzten duzu, mendira joandakoan?
Arnasa ematen dit. Korrika estresaren aurkako botika gisa erabili izan dut. Telebista, beste lanbide asko bezala, estresagarri samarra da. Azkeneko ia 30 urte hauetan, aste bat utzi gabe korrika egin dut. Konbentzituta nago osasunarentzat ona dela; noski, ez Ehunmiliak urtero egitea.
Elorrion, mendi aldean bizi zara. Kasualitatea.
Gabiriakoa izanda, txikitatik atea zabaldu eta kanpora, arnasa hartu eta… Suertez, mendian bizi naiz. Ordubeteko buelta egitea daukat mendian kotxerik hartu gabe. Niretzako hori bizi sentsazio oso ona da. Ardurak bota, izerdia bota, osasunari eutsi; eta pisuari, urteak aurrera doaz eta.
«Ni gimnasioaren aurkakoa naiz. Nahiago dut etxeko mendian lokatz artean ibili»
«Neguan Oltzera joatea paradisuko atea zabaltzea bezala da. Lasaia eta berezia da»
«Ipurtarina naiz, gauza asko egitea gustatzen zait. Horretan antzekoa izan naiz beti»
Non ibili izan zara, gaztetan?
Gehiena, Aizkorrin. Gabiriatik, beti Aizkorrira. Euskal Herriko mendi asko dauzkat pasatuta, Pirinioetan ere bai. Baina gehien bat Aizkorrira, eta neguan. Askotan egiten nuen, Gabirian eliza kantoira joan, eguzki erlojua dagoen ertzera, pijaman eta etxeko zapatila beroekin; Aizkorrira eta Aralarrera begiratu, elurrak marra perfektua egiten zuen; gosaldu, hartu kotxea eta eskiak, eta San Adrianera. Bizkaira etorri nintzela 23 urte dira, eta, gaur egun, bitxia da, hemendik Arantzazu oso gertu daukat, eta handik igotzen naiz Urbiara.
Urbia kutuna duzu, ezta?
Urbia, eta Oltze. Jende askok Oltze ez du ezagutzen. Urbia-Oltzeri buruz lan bat egin nuen, Gerriko ikerketa bekan saritu eta argitaratu zutena. Han ibili nintzenetik, neguan Oltzera joatea paradisuko atea zabaltzea bezala da. Oso leku lasaia eta berezia da niretzat, oroitzapen batzuk ere baditut eta.
Non jaso duzu darabiltzun euskara aberatsa eta joria?
Seguru asko Izar Aundiko sehaska da, amaren jaiotetxea. Aizpuru Urrestillatik datorkigu, eta hangoek ere mingaina arina daukate. Baina ni, hazi, Gabirian hazi nintzen. Izar Aundiko ukuiluan ordu asko pasatutakoa naiz, eta gehien bat osaba Joan daukat maisu. Baserritar peto-petoa, baina oso jantzia, asko irakurritakoa eta ibilitakoa. Berarekin asko egoten nintzen, txikitan. Pentsa, 24 behi jezten, bi ordu igual.
Zerorrek ere landuko zenuen.
Bai. Majisteritza ikasi nuen, eta euskara irakasle ibili nintzen. Hor landu nuen. Zaletasuna ere eduki dut, euskalkiena eta. Gazte jendeari ikusten diot, bai Bizkaian, bai Goierrin bertan, kutsadura izugarria daukala. Erdara daukagu sartuta, bai egitura, bai hiztegi aldetik.
«Komunikatzaile» adjektiboa ere ipini dizute. Zer behar da?
Ez dakit oso ondo. Arduradunek esaten didate pantaila pasatu esaten zaiona. Kamerari hitz egin, pantaila hor egon, eta etxera, sukaldera, egongelara sartu. Komunikatzaileen meritua, inon baldin badago, hori da: kamerari hitz egin jendea hor balego bezala, eta jendearengana iristea lortu. Gertukoa izatea. Bertatik bertara saioa nire alde izan zela uste dut.
Aktiboa izan zara betidanik. 52 urtetan, hala segitzen duzu?
Oraindik oso ipurtarina naiz. Gauza asko egitea gustatzen zait. Bada esaera bat gero eta gehiago buruan daukadana eta esatea gustatzen zaidana: ‘Gazteak baleki eta zaharrak baleza’. leki gehiagora doa, eta leza ari da pixka bat jaisten. 52 urterekin, gu gazteak ez gara jada, zaharrak gara. Baina beste gauza bat da nola sentitzen den bat, zer bizipoz eta gauzak egiteko zer gogo duen. Ni, horretan, 18 urterekin, 25ekin eta orain, oso antzekoa naiz.
Etxeko Andoni nolakoa da?
Etxe barruan buila gehixeago ateratzen dut, hiru seme-alabarekin. Orain, gainera, alargun. Oraintxe hiru urte datoz, alargundu nintzenetik. Lehenengo urtea erabat dolukoa izan zen: negarra, haserrea, onartu nahi eza. Nahasketa izugarria da. Bigarren urtea jada onarpenarena izan da, nire kasuan. Errendizioarena, zentzu onean. Erabaki bat hartu nuen: onartzen dut bizitzak eman didan ona; Eva emaztearen kasuan 20 urte, hiru seme-alaba zoragarri… Baina joan da, eta hori ere onartzea erabaki nuen. Eta, orain, buelta ematen ari gara pixka bat. Bizitzak aurrera egiten du.