Zesantenk?! gazteei zuzendutako proiektu komunikatiboa sortu berri da Goierrin. Orain gutxi egin dute proiektua ezagutzera emateko sorrera festa Urretxuko eta Zumarragako gaztetxean. Proiektua Goierriko herri guztietako gazteen bilgune izateko sortu da.
Jon Dorronsoro Zesatenk?!-eko talde motorreko kideak esan duenez, 2015eko uda hasieran sortu zen mota honetako zerbait martxan jartzeko ideia. Helburu nagusia ordura arte antzemanda zituzten zenbait hutsune betetzea izan da. Dorronsororen hitzetan, «gazteek libreki espresatzeko» gune bat sortzea izan da helburuetako bat. Baita, bestalde, «Goierriko gazte guztien arteko komunikazioa hobetzea» ahalbidetuko duen espazio bat bilatzea ere. Amaitzeko, «musika taldeek eurek sortutako lanak zabaltzeko» bitarteko ere izan nahi du proiektu berriak.
Ideia horietatik tiraka sortu da zesantek.eus webgunea. Hasieran proiektuari forma ematea ez dela lan erraza izan aitortu du Dorronsorok, baina poliki-poliki joan da egitura finko bat hartzen. Momentuz «30 bat laguneko sarea osatu dugu, eta bi hilabetean behin euren hausnarketak, iritziak, ideiak… webgunera igotzeko konpromisoa hartu dute», dio. Gaiak edotarikoak izan daitezke, «baita horiek espresatzeko aukeratutako moduak ere». Hitzak, argazkiak, irudiak… erabiltzea parte hartzaile bakoitzaren aukera izango da. Hori bai, «marra gorri batzuk» ezarri dituzte, guztien arteko errespetua bermatze aldera.
Iraunaraztea helburu
Bestalde, Goierrin gazteek antolatzen dituzten ekintza guztien erakusleiho ere izango da webgunea. Batetik, «ekintzak antolatzeko orduan, beste herri batzuetan egiten direnak ez zapaltzeko», eta bestetik, «gure arteko komunikazioa hobetu ahal izateko». Musikarientzako txoko bat ere izango da sarean: «Oso gustura daude, beraiei ez die lan askorik suposatzen, eta euren lanak zabaltzeko bide berri bat ireki zaie».
Momentuz, talde motorrak kudeatuko du gazteen aldetik iritsiko den informazio guztia. Dena den, proiektu irekia da eta proposamen eta ideia berriak txertatuz joango dira agertzen doazen neurrian. «Aukera asko eman ditzakeen proiektua da, eta zaila da, momentuz, noraino irits daitekeen aurreikustea», esan du Dorronsorok.
Proiektuan parte hartu nahi duten gazteek euren ideiak eta proposamenak luzatu ditzakete ondoko helbidean: gaztekomunikazioa@gmail.com. Errazena, dio Dorronsorok, eginda dago. «Orain proiektuak denboran iraunaraztea guztion ardura izango da».