Munduko gazten hiriburua bihurtuko da Donostia datorren astean. Euskadi-Basque Country International Cheese Festival Gipuzkoako hiri nagusian aurten egingo den ekitaldi gastronomiko garrantzitsuena izango da, eta guztia zuzentzen elkarte bat, Artzai Gazta. Araba, Bizkai, Gipuzko eta Nafarroako 111 artzain eta gaztagilek osatzen dute elkartea, eta Idiazabalen du egoitza nagusia.
Elkartea gidari bai, baina tamaina horretako jaialdi bat antolatzeko lankidetza publiko-pribatua nahitaezkoa da. Erakunde publikoek –Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala–, Basque Culinary Center unibertsitateak, Idiazabal Jatorri Izendapenak eta beste hainbat eragile pribatuk babestu dute hilaren 16tik 18ra Kursaalen Open your gazta (Ireki zure gazta) goiburupean egingo den jardunaldia.
Antolatzaileek nabarmendu dute gazta ekoizle, banatzaile eta erosle ezberdinen artean «negozioak egiteko lekua ere» izango dela jaialdia. «Espainia mailako jatorri izendapen ezberdinetako ekoizleak, nazioartean ezagunak diren sukaldariak, gaztagile artisauak, gastronomia unibertsitateak eta gastronomia eta gaztagintza alorreko enpresak izango dira Donostian». Hala ere, jaialdiak helburu orokor bat du: artisau gaztaren ekoizpenari lotutako bokazio produktiboak sustatzea eta indartzea, euskal kultura, gastronomia eta turismoa bultzatuz.
Munduko txapelketa
Ez dira berriketa nazioarteko gazta jaialdi honek esku artean darabiltzan zenbakiak: bost kontinenteetako 3.000tik gora gazta; nazioarteko 300 epaile-dastatzaile;?32 dastaketa gidatu; gazta dastatzeko 8 gune; Michelin izarra duten sukaldariekin 9 erakustaldi… Eta bi lehiaketa ere jokatuko dira: World Cheese Awards (Munduko Gazta Txapelketa) eta Txapeldunen Txapelduna. Aurrenekoak 29. edizioa du, eta bigarrengoz egingo da Erresuma Batutik kanpo –2009an Kanariar Uhartean jokatu zen–. Bost kontinenteetako 40 herrialdetako 3.000 gazta ariko dira lehian. Bigarrenak, aldiz, lehenengoa du, eta aurreko 28 edizioetako gazta txapeldunak ariko dira nor baino nor.
Artzai Gazta elkarteko artzain eta gaztagileek ere parte hartuko dute aurtengo lehiaketan –dagoeneko bidaliak dituzte gaztak–, azken zazpi edizioetan bezalaxe. Urte horietan guztietan 169 domina lortu dituzte elkarteko ordezkariek, eta horietako seik super urrea izendapena jaso zuten. Elkarteko bazkide diren Goierriko bederatzi artzain eta gaztagileren artean 40 domina pilatu dituzte urte horietan guztietan. Aurtengo txapelketaren emaitzak hilaren 16ko iluntzean jakingo dira, egun horretan jokatuko baita gazta txapelketa entzutetsu hori.
Goierritarrak jaialdian
Txapelketan ez ezik, bestelako lanetan ere ariko dira jaialdian Artzai Gaztako ordezkari goierritarrak. Aldizkari honek horietako lauren iritziak bildu ditu. Eli Gorrotxategi beasaindarrak eta Jose Mari Jauregi lazkaotarrak Ilarduian (Araba) dute La Leze gaztandegia. Urriaren 29an Euskal Herriko Gazta Txapelketa irabazi zuten Idiazabalen. «Artzai Gazta elkartearentzako pauso handia izan da nazioarteko txapelketa hau Euskal Herrian egitea. Ekoizle txikiak gara eta txapelketa hau hona ekartzea sekulakoa da», adierazi zion Gorrotxategik Goierriko Hitza-ri biharamunean eskainitako elkarrizketan.
Artzai Gazta elkartean egiten duten lana eta transmititzen dituzten balioak goraipatu ditu beasaindarrak: «Ingalaterrako jende honek ikusi du nolakoa den gure bizimodua eta zer nolako gazta egiten dugun. Esan digute beste leku batzuetan ez dagoela hainbeste familia batzen dituen elkarterik. Hori da Artzai Gaztaren indarra. Txikiak gara, baina elkartuta gaude; ardi latxa defendatzen dugu eta ingurunea ere mantentzen dugu».
Luisa Villegas, Artzai Gaztako koordinatzaile eta World Cheese Festivaleko zuzendaria
«Jaialdi hau inflexio puntu bat izatea da gure asmoa, gure egituran eta gure historian mugarri bat izatea»
Jaialdi hori artzainen bizimodua eta haien produktua munduari zabaltzeko «ate bat» izango dela argi du Gorrotxategik. Artzai Gaztak bi postu izango ditu Gazta Market izeneko gunean, eta jatorri ezberdinetako gaztagileekin batera, bertako gazta sustatzen eta saltzen ariko denetako bat izango da Eli Gorrotxategi. «Familia asko garenez, txandatuz joango gara».
Sektorean Gorrotxategik baino eskarmetu gutxiago duen arren, Segurako?Ondarre baserriko Eneko Goiburu hilaren 15ean eta 16an antolaketa lanetan laguntzen ariko da Kursaalen. Orain urtebete hasi zen etxeko martxarekin –Felix Goiburu eta Karmele Muruaren semea da–, eta hasierako bileretan egon ez bazen ere, gerora parte hartu du. «Artzain txiki baten ikuspegitik jaialdia handi antzekoa ikusten da, baina uste dut elkartearen onerako izango dela». Artzainen elkarte batek horrelako jaialdi bat antolatzea «mapan posizionatzeko modu bat» dela uste du segurarrak. «Gure burua ezagutarazteko eta hots pixka bat ateratzeko balioko du. Zer onura izango dituen ez dakigu, baina kalterako ez dela izango behintzat seguru».
Bisitariak etxean
Iaz urrezko domina kolkoratu zuen Josu Aldasoro artzainak ez du jaialdia bertatik bertara ezagutuko. «Laguntza eskatu ziguten guri ere, baina guk txarrena daukagu parte-hartze txikia izango dugula. Arkumeak jaiotzen ari zaizkigu bete-betean, eta nik ez dut joaterik. Emazteak –Pili Imaz– egingo joan-etorriren bat».
Txapelketari egin dio aipamena Troskaeta izenpean gazta saltzen duen ataundarrak: «Hor sari bat ateratzearekin, edo izena aipatze horrekin, bai salmentarako bai ezagutzera emateko onerako izaten da. Elkartearentzat ere garrantzitsua da, baina bere lanak ere eskatzen ditu horrek. Joan deneko sei hilabeteetan ez da beste konturik!», nabarmendu du.
Legazpiko Erraizabal baserriko Karmele Segurolak «ilusio handiarekin» bizi du munduko gazta txapelketa garrantzitsuena Donostian, Euskal Herrian, egitea. «Guk horrelakorik berriz ez dugu ikusiko, kanpora joaten ez bagara behintzat. Jaialdi hau artzainok egindako gaztarentzat oso pausu inportantea da, eta gure gazta munduan zehar erakusteko aprobetxatu behar dugu».
Hilaren 15ean eta 18an izango da Donostian –lehiaketara aurkezten diren gaztak erakutsiko ditu–, baina hilaren 17an bisitariak jasoko ditu Erraizabalen duten Artzaintzaren Ekomuseoan. Goizean lehiaketaren dastatzaile-epaileak joango zaizkio, eta arratsaldean jatorri izendapen ezberdinetako ordezkariak.
Herritarrei irekia
Antolatzaileek adierazi dute Euskadi-Basque Country International Cheese Festival jaialdi «irekia» dela, «herritar guztien parte hartzerako pentsatua». Bisita gidatuak, azoka, dastaketak, tailerrak… eskaintza askotarikoa da. Informazioa eta sarrerak jaialdiaren webgunean aurki daitezke.
Artzai Gazta elkartearen dekalogoa
Artzai Gazta elkarteak urriaren 15ean Donostian aurkeztu zuen dekalogoa. Horietako puntu batzuk laburtuta jasotzen dira.
1. gure ardi latxekin eta karranzanekin harmonian eta orekan lan egitea; eta Euskal Herrian, gure ingurune naturaleko zati gisan, duten milaka urteko existentziak jarraipena izatea.
2. gure ardi latxetatik eta karranzanetatik eratortzen den esne gordina erabiliz ekoiztea gazta, prentsatutako orearekin, egosi gabea, koipetsua eta gutxienez 60 eguneko heltzearekin, arkumearen gatzagia erabli behar da mamiaren eraketarako, arbasoen teknikak egungo tekonologietara egokituz. (…)
3. artzai gaztako artzainak lurraldearen kudeaketaren zati garrantzitsua gara. Hori dela eta, artzaintzaren, naturaren eta bizitzaren arteko lotura argi bat sortu dugu.
4. gure artaldeen gobernatzea ganaduaren bizikidetzarako dauden era guztien arteko orekari lotua dago. Guztiaren gainetik Artzai Gaztako artzainei batzen gaituena osasuna eta animalien ongizatea da. Horretarako, gaur egungo teknologiak erabiltzen ditugu, baina artzaintzak zuen eta duen esentzia galdu gabe.
5. gaztaren ekoizte eta heltze prozesuetan jakintza zientifiko- teknologikoak barneratu dira, esne gordinaren basea beti mantenduz eta gehigarririk gehitu gabe. Hau guztia produktua hobeto ezagutzeko helburuarekin eta artzainen bizi kalitatea hobetu nahian egin da; eta ez ekoizpena handitzeko asmotan.
6. gutako bakoitza unitate independiente eta preziatua da, errespetatu eta babestu behar dena. Artzain bakoitzaren lana eta filosofia berdingabea da, egoera sozio ekonomiko, kultural eta geografikoaren araberakoa.
7. komunitatean eta taldean egiteak artzain eta maisu gaztagile gisan urrunago heltzea ahalbidetu digu. Esperientziak, formakuntzak, laguntza teknikoak, instituzio eta komertzio harremanak partekatzen ditugu; baita elkartzen gaituzten elementu eta proiektuak ere.
8. duela 35 urte inguru hasitako bideak eta bitarte horretan Artzai Gaztak bereganatutako ezagutzak, artzain bizitzara sartu nahi duten gazteei helaraz behar diegun legatu onena da; beharrezkoa sektore honek jarrai dezan.
9. kooperazioa ardatz izanda lan egiteak eta beste kolektiboekin, erakundeekin, ekoizleekin, ikerketa guneekin eta ziurtagariak ematen dituzten organismoekin sinergiak egitea garrantzitsua da. (…)
10. herritarrekin komunikazio zuzena berreskuratzea garrantzitsua da, herritarra bera artzain gaztaren historiara hurbilduz eta artzainon bizitzak gure lurraldeko sustraietara lotuz.