«Denon artean» antolatzen ari diren jaialdi bat bada ere, Artzai Gazta elkartean duen karguak jaialdiaren zuzendari izateko ardura ere eman dio Luisa Villegasi (Irurtzun, Nafarroa, 1971).
Artzai Gaztari zer suposatu dio jaialdi hau antolatzeak?
Bi ikuspuntutik hitz egin behar dugu. Artzai Gaztak bi urte daramatza jaialdi hau antolatzen, ez da kasualitatea. Artzai Gaztak 33 urte daramatza lanean, elkarrekin, ehun eta gehiago bazkiderekin, prozesu zientifiko-teknologikoak lantzen, esne gordinaren kalitatea, harremanak organismo publikoekin… Baina jaialdi hau proiektu bezala oso garrantzitsua da: Artzai Gaztaren lan esparrua lokala da, baina errekonozimendu handia du nazioartean. Gure mahaira proposamen bat iritsi zen, bai Euskal Herriko artzainei, bai Artzai Gaztari ate berriak irekitzeko. Honen bitartez, beste prozesu batzuk, beste mugimendu batzuk ezagutzen ari gara, eta berrikuntza sozialerako oinarriak jartzen.
Erronka handia, inondik inora.
Jaialdi hau inflexio puntu bat izatea da gure asmoa, gure egituran eta gure historian mugarri izango dena. Artzai Gazta ez da horren ezaguna, famatua dena Idiazabal marka da, edo artzain bakoitzaren markak. Artzai Gazta horren itzalean dagoen elkarte bat da, lan asko egiten duena, jende serioa duena, profesionala, ohitura, natura eta kultura defendatzen duena. Gure artzainek konplizitate handia daukate naturarekin, beraien ingurumenarekin, eta nik uste dut orain kontsumitzaileekin konplizitatea lortzeko zerbait egin behar dugula.
Testuinguru horretan ulertu behar al da jaialdia?
Jaialdia ez da kasualitate bat izan, ez da azaleko zerbait, inflexio puntu bat izango da. Harreman asko izaten ari gara hainbat eragilerekin, beste enpresa eta elkarte batzuekin, Basque Culinaryrekin… Ikaragarria da. Hasieran zenbaitek ez zuten oso garbi ikusten, baina bidean konturatu gara jende askok babesten gaituela.
Jaialdiaren barruan World Cheese Awards –Munduko Gazta Txapelketa– jokatuko da, bigarrengoz Erresuma Batutik kanpo. Nola lortzen da hori?
Herrialde oso garrantzitsuekin lehian aritu gara, Brasilekin, Suitzarekin… Garbi genuen Euskal Herrira, Gipuzkoara, ekarri nahi genuela. Munduko lehiaketa garrantzitsuena da bai, baina lehiaketa bat da. Artzai Gaztari mundura zabaltzen eta berrikuntza soziala egiten lagunduko dio. Jaialdi hau betiko gauzak ez egiteko jaialdi bat da –betikoa egiten ari gara, eta ondo gainera: Ordizia, Idiazabal…–. Ikur horiek hor daude, baina une honetan oso ezberdina den zerbait egin beharra daukagu. Jaialdia antolatzeko proposamena gure mahai gainera etorri zen, eta erronkari heldu genion.
Jaialditik zer nabarmenduko zenuke?
Hiru atal estrategiko ditu jaialdiak: World Cheese Awards, Gazta Market eta Artzaintzaren Nazioarteko Foroa. Foroa garrantzitsua da, baina zertaz hitz egiteko? Komunikazioaz. Nola transmititzen diogu kaleko jendeari gure historia, ohitura, kultura, natura eta etorkizuna? Lehenik gure artean hausnartu beharra daukagu, eta horregatik izan da garrantzitsua guretzako urriaren 15ean Donostian aurkeztu zen manifestua eta dekalogoa. Eta ez da ohikoena elkarte batek manifestu bat egin, eta erakundeen babesa jasotzea. Denon artean antolatutako jaialdi bat da, eta guztia zuzentzen elkarte bat ari da, Artzai Gazta.
Eta elkarteko bazkideak, artzainak, nola ari dira hau guztia bizitzen?
Momentu interesgarria bizitzen ari gara, eta haize berria sartzen ari dela sentitzen dugu, arnas freskoa. Azken hamar urteetan gure bazkideen adinaren bataz bestekoa 50 urtekoa izatetik 42 urtekoa izatera pasa da. Eta sartu den gehiena jende gaztea da, ez belaunaldi aldaketaren ondoriozkoa.