Tatuatzailea artearekin lotura zuzena duen norbait dela esan daiteke. Tatuatzailea artista baita azken batean, baina oinarritzat mihisea, egurra edo metala erabili beharrean, bizirik dagoen gai bat erabiltzen du, giza gorputza.
Badira azalean kuadroak egiteko gai diren artistak eta horietako bat da Hector Rey beasaindarra. Orain dela 20 bat urte hasi zen tatuajeak egiten. Diseinu grafikoa ikasten ari zen, eta garai hartan Irunen zegoen tatuaje estudio batean bere marrazkiak utzi zituen; «Hilabete batzuen bueltan deitu zidaten, bertan tatuatzaile moduan lanean hasteko». Oraindik gogoan du Irungo estudioan egindako lehenengo tatuajea: «Dragoi txiki bat izan zen» argitu du. Ordundik, makina bat tatuaje egin ditu. Bere estudio propioa du, Eki Tattoo izenekoa, eta baita bi denda ere: bata Donostian eta Beasainen bestea. Orain arte Goierrin izan den tatuaje estudio bakarra da Eki Tattoo.
Marrazkiaren perfekzioa
Txikitatik asko marraztu izan du Reyk, artea oso gustuko du eta betidanik izan du harremana irudiarekin. Orain, pintura klaseak hartzen ditu, eta pintatzearekin batera, tatuajeak egiten ditu. Azken horiek marrazketaren garapen moduan uler daitezke. «Tatuaje batean marrazkia oso garrantzitsua da, eta horretan ez dago akatserako aukerarik», nabarmendu du Eki Tattoko buruak. «Tatuatzaileen munduan, denbora guztian marrazten zabiltza eta hori gustoko du».
Bestalde, tatuajea egiterakoan, «bezeroaren nahiak» baldintzatzen zuela adierazi du. Batzuek nahi dutena oso argi daukate, eta beste batzuek, aldiz, ideia batetik abiatuta, nahi duena egitea uzten diote artistari eta horrela askeago sentitzen da tatuatzailea. «Lehen aldizkariak izaten genituen dendan eta batik bat, horietan agertzen ziren diseinuak tatuatzen zituen jendeak». Gaur egun, ordea, «pieza pertsonalizatuak egin ohi» ditu.
Tatuatzaile bezala gomendioak ere eman ohi ditu, «azal motaren arabera edo tatuajea egin nahi duten tokiaren inguruan». Marrazkiaren arabera, simetrikoa den edo kurbatua den ikusita, «ondo pentsatu behar da zein den tokirik egokiena irudi horrentzat». Horretaz gain, lehenengo tatuajea bada, «eskuetan edo aurpegian ez tatuatzea» gomendatzen du, «gehien ikusten diren gorputz atalak direlako».
Hector Reyk tatuatu daitezkeen estilo ezberdinak egin ditzaketen tatuatzaileak ditu estudioan: «Sei tatuatzaile gaude gaur egun Eki Tattoon; errealismoa, errealismo iluna, japonesa, puntillismoa, tradizionala, mandalak…» Horietaz gain, piercingak jartzen ditu Alaia Mujikak eta tatuatzaile gonbidatuak ere izaten dituzte noizbehinka.
Tatuatzeko arrazoiak
Azken urteetan gorakada izan du tatuajeen eskariak. «Gaur egun pertsonen bizimoduetan aldaketa asko gertatu ohi dira, eta hori tatuajeak egiteko bultzada izan», nabarmendu du alde batetik. Bestalde, «itxura balioen gorenean dagoen garai honetan», jende askok moda kontuagatik eta itxuragatik egiten duela ere argitu du. «Tatuaje bat egiten duenak gainera, askotan, errepikatu egiten du».
Euskal Herrian orokorrean tatuajegintzak ere izan du aldaketa, eta oso nabarmena izan da bilakaera, baita Goierrin ere. Duela hamar urte ez zen batere ohikoa nornahi tatuaje denda batean sartu, eta azala borratu ezin den tintarekin margotzea. Gaur egun, moda ere bada. «Orain dela hamar urte ia inork ez zuen tatuajerik, bakarrik tribu urbano batzuek eta makarrek; ez zegoen egun bezala, modan». Bere gorputza tatuatzeko prest dagoen jende kopuruak gora egin duela azkar antzeman daiteke, ingurura, urruti izan gabe begiratu bat emanda.
Tatuajeak,gaur egungo moda bat baino gehiago
Tatuajeak gaur egungo moda direla pentsatzen duten pertsonak daude, baina XXI. mendean moda bezala nagusitu badira ere, duela milaka urte existitzen dira. Zibilizazioen arabera tatuajeek helburu desberdinak izan dituzte. Tatuajeen jatorria Polinesiako eskualdean izan zela pentsatzen da. Han, apaindura gisa erabiltzen ziren haien erkidego zentzua galdu gabe. Tatuatuen zeudenek errespetu gehiago merezi zuten, eta gainera, tatuajeak gerretan aurkariak beldurtzeko erabiltzen zituzten. Antzinako Egipton erritual edo sinbolo gisa egiten zituzten, gehienbat emakumeek, funtzio babeslea eta magikoa zutela sinesten zutelako. Amerikako indigenak, Egipton bezala, erritual moduan apaintzen ziren, baina horiek haurtzarotik heldutasunerako trantsizio bidea zehazteko jartzen zituzten. Grezian eta Erroman kriminalak markatzeko eta begi–bistaz nortzuk ziren jakiteko erabiltzen ziren. Ekialdeko kulturan, gaur egun bezala, gorputza edertzeko soilik.