Beñat Torresek (Urretxu, 1995) Luzio Gabiriaren omenezkoan bertso jaialdian kantatuko du. Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolako irakaslea, bertsozalea, euskaltzalea eta euskal filologiakoa ikaslea da Gasteizen (Araba). Torresek gaurko Luzio Gabiriaren omenezko bertso jaialdian kantatuko du Alaia Martin, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluzerekin batera.
Ez da nolanahiko kartela.
Orain arte saio honetara beti etorri dira punta-puntako bertsolariak. Azken urteotan herriko jendea kartelean sartu edo ez eztabaida izan dugu bertso eskolan. Umeentzat irakasle batek kantatzea, irakasle bat oholtza gainean horren izen potoloa duten bertsolariekin kantatzen ikustea, eredugarria izan daitekeela iruditu zaigu. Aurretik gai-jartzaile lanak egin ditugu eta ikasleak puntuak kantatzera atera dira.
Aurten gutako norbait ateratzea erabaki genuen eta niri egokitu zitzaidan. Akaso, eskolako beste kide batzuek eskarmentu gehiago daukate taula gainean, baina ni ateratzea erabaki genuen eta kideei eskuzabaltasuna eskertzen diet.
Nola ikusten zara Zelai Ariztiko oholtza gainean?
Niretzako egundoko plazera izango da bertsolariokin aritzea, sekula ez dut halako jaialdi batean kantatu eta zorte onekoa sentitzen naiz. Presioa ere badut, jakina. Baina nik erronka baten moduan hartu dut.
UZ Bertso Eskolako irakasle izan aurretik ikasle izan zinen.
Bai, noiztik ez naiz akordatzen. 10-11 urte nituela hasiko nintzen.
Zergatik harrapatu zaitu bertsoak? Zer ekartzen du zure bizitzara?
Niretzat bizitza ulertzeko modu bat da. Bertsolaria izateko teknika ikas daiteke, baina bertsozalea ere izan behar da. Gustuko dut atzetik daukana; jaialdi batera joan zaitezke edo bikaintasuna nahiz zuzentasuna saritzen den txapelketa batera joan, eta bertso txute bat jaso. Bertso afari batean lagunekin ongi pasa dezakezu eta barre egin bertso artean. Niri bietatik hartzea gustatzen zait.
Bertsolari bezala, bertsoak hizkuntzarekin jolasten uzten dizu, sormena lantzen.
Nola ikusten duzu bertso mundua gaur-gaurkoz?
Oso sano. Nire ustez, gizartean badauka jarraipen bat. Interesa sortzen du. Bertsolaritzaz asko jakin gabe, bertsolaritzaz gozatu daiteke. Jende gazteari interesatzen zaiolakoan nago.