Josu Aztiria
Zer gertatzen zaigu maite dugun norbait hiltzen denean? Zer gertatzen zaigu heriotza hori gainera bat-batean denean? Hiru negu luze izango dira urtarrilean gure aita hil zela eta lehen negu luzean murgiltzen ari gara Xabi gabe. Zein zaurgarria eta gordina den bizitza! Zein ahulak garen! Bizitzaz ustez bagenekien zerbait, baina okerrera joan daitekeela ohartzea zaplasteko handiegia da. Berriro lanbroa.
Dolua norberarena da eta norberak eramaten du ahal duen bezala, baina izan daitezke lagungarri aurretik bizitakoak. Ez zaitezte gaizki sentitu amorrua sentitzeagatik, eskatu laguntza nahi duzuenean eta eskatu bakarrik egotea nahi duzuenean. Zaindu zuen burua, eta maite duzuna gogoratu, egiten edo gustuko zituen gauzak eginez. Niri balio izan dit.
Eta gogoratu dut nola aitari eskua emanda pasa nuen gaua nire urtebetetzeetako egunean ospitalean eta gogoratu dut elkarrekin egon ginen azken aldietako batean, Xabik bizikleta konpontzera zihoala nire alabekin egin zituen barreak. Xabiren algara berezi hori…
Gogoratzeak lanbro artean eguzki printzak ere ekarri dizkit, eta itsasoa ere lanbro egon arren hasi naiz imaginatzen, nola datorren olatu bat itsas ertzera eta nola elkartu den beste olatu batekin, eta nola doan beste olatuak besarkatzera itsas barrura: urrutira, oso urrutira; eta aldi berean ondora, gure ondora, ondo-ondora.
Lanbroa eta argia betazaletan. Bagoaz eta bagatoz olatuak bezala. Minak eta barreak. Geure bizitzetan daude eta beraiekin bizitzea gure erronka.
Gorka Erostarbe
Ez gabiltza tabuen faltan gaur hemengo ingurumarian Josu adiskidea; baina, akaso, tabuetan tabuena ez ote heriotzarena?
Erlijioek eman diote erantzunik heriotzari, nork bere talaiatik, bere sinismenetik. Eta ez dut auzitan jarriko erlijioak babesa, baretasuna eta aurrera egiteko indarra eman dion sinesdunaren jarrera, baina nago, sinesdun ez garenok ere erlijioaren ukendu mirarizkoen eskuetan utzi izan dugula sarriegi heriotzaren inguruko lanketa, gogoeta, dolua. Hain ditu atzapar luzeak tradizio judeokristauak gurean…
Filosofiak eta arteak ere maiz jorratu dute gaia, eta ez gutxitan sentitu gara identifikatuak, kantu edo liburu batekin, esaterako; baina… Baina ezintasun handi batek harrapatuak gauzka. Ez heriotzari berari aurre egiteko ezintasunak, egin egiten baitugu aurrera, baizik eta haren inguruan beste sosegu batekin hitz egiteko ezintasunak. «Hil artean bizi», «aurrera egin behar da, ez dago besterik» , eta gisakoak esaten ditugu hurbileko norbaiten heriotzak kolpatzen gaituenean. Ez dute egiaren faltarik ohiko esaldiok, baina iruditzen zait ezkutatzen dutela gaiaz beste molde batez hitz egiteko ezintasuna, bai norbaiten heriotzaren ondorenean, eta are gehiago, aurretik ere. Zenbat aldiz hitz egiten dugu heriotzaz, morbotik aldenduta, hark sortzen dizkigun beldur, kontraesan, min, bizigogo, maitasun aitorpen eta abarrez? Gutxitan. Pribatutasunaren estalpean gordetzen ditugu gaiok, sexuarekin, bizi baldintza ekonomikoekin eta beste kontu garrantzitsuenekin egin ohi dugun bezala…
Ariketa zintzo ederra egin duzu, adiskidea; barne-gogoeta pertsonaletik abiatuta pribatutasun ditxosozkoaren mitoa hautsi eta dolua partekatu, kolektibizatu… Guretzat ere lagungarri.