Urritik Txindoki Atletismo Taldeko lehendakaria da Eneko Agirrezabal (Segura, 1986). Atleta ere bada, krosetan eta maratoi erdietan dabil azkenaldian. Hurrengo erronka apirilaren 2an Berlingo maratoi erdian du jarria: ordu bete eta bost minutuan egin nahi ditu 21 kilometroak.
Txindoki Atletismo Taldeko lehendakari berria zara.
Tokatu egiten da. Iaz juntan sartu nintzen eta aurrekoak, Karratuk, utzi egin zuenez, norbait behar zen. Atleta naizenez eta denbora bat neramanez, niri proposatu zidaten. Normalean inork ez du nahi izaten…
Zenbat atleta biltzen ditu Txindokik?
Federatuen 100 fitxa inguru daude, baina eskolartekoak ere badaude. Bakoitzak bere eskolatik parte hartzen dute, baina entrenatzera Altamirara joaten dira. 200en bat egongo dira denera.
Atleta kopuruak gora edo behera egin du? Eta kalitateak?
Kantitatez antzera gabiltza; eta kalitatez ondo. Txindokin beti distantzia luzeko lasterkariak eta esprinterrak izan ditugu; orain denetik dago. Jaurtitzaile onak ere badaude eta saltoak egiten dituzten neskak ere bai. Orain dabiltzan gazte batzuk jarraitzea lortzen badugu, marka onak lortuko dituzte. Kosta egiten da jarraitzea, batez ere neskei.
Atletismoa zabala da, diziplina ugari hartzen ditu.
Gaztetan denek denetik egiten dute eta errazagoa da antolatzea. Baina helduagotzen doazen ahala, bakoitzak bere espezialitatea hartzen du, atletismoan 20 proba desberdin daude. Batzuetan zaila da denei behar bezalako arreta ematea.
Entrenatzaile asko beharko dira.
Hori da daukagun erronka, eguneroko lana eta funtzionamendua ondo berrantolatzea. Jendeak urte askoan musutruk egin du lana. Peña, Txiki, Josetxo Imaz, Txato Caballero… Peña eta Txiki hil direnetik, norbait falta da. Haiek han egoten ziren egunero. Karratuk ere utzi du. Altamiran egunero egoten zen jendea, orain falta da. Taldean berriz kokatzen ari gara, egoera horri nola aurre egin.
«Txindokin beti izan dira distantzia luzeko lasterkariak eta esprinterrak; orain denetik dago»
«Ematen du ezaguna izateko Ikaztegietako krosa irabazi behar dela»
«Atleten kantitatea jaitsi egin da, eta orokorrean, kalitatea ere bai»
Zu zeu korrikalaria ere bazara, gero eta distantzia luzeagoetan zabiltza.
Bai, azkeneko urteetan pixka bat neurri luzeagoetan ari naiz. Gazteagotan 800 eta 1.500 metro egiten nituen. 800eko denbora ezin nuela hobetu ikusi nuenean, 1.500 metrora pasatu nintzen. 1.500en ere ezin nuela hobetu ikusi nuenean, 5.000 eta 10.000an hasi nintzen. Iaz maratoi erdia egin nuen lehenengo aldiz, Behobia ere bai. Orain Berlingo maratoi erdia egingo dut; denboraren bila noa, 01:05 egin nahi dut. Pentsatzen dut hemendik urte batzuetara maratoia egingo dudala. Krosa egiten jarraitzen dut, krosa nahiko bateragarria baita distantzia hauekin.
Maratoia noizko?
Ez dut denbora asko pasako maratoia egiteko. Hurrengo denboraldian ez dut uste. Oso azkar ez dut pasatu nahi distantzia horretara. Baina bi denboraldi barru edo…
Pista, lokatza, asfaltoa… zer egiten zaizu gogorrena?
Pista. Pistan beti denboraren aurka ari zara, buru aldetik gogorragoa egiten da, monotonoagoa. Norberaren marka hobetzea bera kosta egiten da; asko entrenatu eta presio handia egoten da. Kros bat irabazi eta gustura sentitzen zara. Agian ez duzu oso maila ona eman, baina denborak ez duenez inporta, postuak balio duenez, irabazita gustura. Baina pistan karrera batera joan, karrera oso ona egin, baina zure markatik bi segundora bukatzen baduzu ez zara gustura gelditzen.
Azkeneko Behobian lehenengo gipuzkoarra izan zinen eta komunikabide askotan atera zinen. Herri lasterketako emaitzek oihartzun handiagoa daukate?
Bai, Behobiak beti eduki du indarra, baina bai, herri lasterketek indarra hartu dute. Urte batzuk badaramatzat atletismoan eta marka politak eginda ere bai, baina jendeak ez nau ezagutzen. Gipuzkoako txapelketa hiru aldiz irabazita daukat eta 10.000 metroan marka bat eginda ere, baina jendeak ez nau ezagutzen. Ematen du ezaguna izateko Ikaztegietako krosa irabazi behar dela… nahiz eta maila askoz ere baxuagoa eduki, oihartzun gehiago edukitzen du eta ezagunagoa zara. Atletismoa ezagutzen dutenek markak asko baloratzen dituzte. Batzuetan hori da arriskua, karrerak egitea jendearen aprobazioa lortzeko edo protagonista sentitzeko.
Zein marka daukazu 10.000 metroan?
29:51. Daukadan markarik onena da, 2014an lortu nuen. Inoizko Gipuzkoako hamargarren onena da. Garai batean egiten ziren marka ahaleginak, baina 17 urte ziren 10.000 metroan 30 minututik jaitsi gabe zegoela inor Gipuzkoan. Garai batean, 90eko hamarkadan bazegoen jendea 30 minututik jaisten zena, jende ona zegoen. Baina azken urteetan ez da ahalegin hori egon. Jendeak beste karrera batzuk egiten ditu, herrikoiak edo krosak…
Atletismoa orokorrean, Olinpiar Jokoetan izaten du oihartzuna.
Geroz eta oihartzun txikiagoa dauka. Pistako atletismoa ez da oso erakargarria, nik hori ulertzen dut. Horretaz gain, figurak falta dira. Afrikarrak oso indartsu dabiltza, baina askok ezagutu ere ez dituzte egiten. Usain Bolt badago eta horrek asko laguntzen du jendeak jarraitzeko. Baina Bolt bi-hiru aldiz ikusten du jendeak. Hori korrika, besteak berriz, ezer ez. Eta Euskal Herrian ere ez dago figurarik. Inguruan ona dena edukiz gero laguntzen du. Naroa Agirre eta Mikel Odriozola egon dira.
Urtean zenbat kilometro egiten dituzu korrika?
Iazko urte oso kontuan hartuta, 5.000; apuntatu egiten ditut denak.
Lanbidez fisika eta kimika irakaslea zara. Fisikako formulak baliagarriak al dituzu korrikarako?
Ni buruz kalkulatzekoa naiz. Kronometroa eramaten dut batzuetan, buruz joaten naiz kalkuluak egiten. Nekatuta zoazenean gaizki egin ere bai.
Non entrenatzen duzu?
Astean zehar Donostian eta asteburuetan Seguran eta Ordizian, entrenamendu motaren arabera.
Nor duzu entrenatzailea?
Jon Etxeberria, Txindoki taldekoa. Korrika txikitatik ibili naiz, baina ez Txindokin. 15 urterekin hasi nintzen serio entrenatzen. Orduz geroztik entrenatzaile berdinarekin nabil. Dena den, gu, oso gure airera ibiltzen gara. 18 urterekin unibertsitatera joan nintzenetik, oso nire airera nabil. Fondisten kasuan horrela izaten da. Beste proba batzuetan teknika gehiago landu behar da eta entrenatzailea gainean egotea komeni da.
Mendiko lasterketarik egiteko asmorik ba al duzu?
Mendira oinez joatea gustatzen zait. Oraingoz ez daukat asmorik, ez dut ezetzik esaten. Maratoian ezin dudala hobetu ikusiko banu, agian planteatuko nuke.
Lehenengo lasterketa gogoratzen duzu?
Seguran egiten zen umeen San Silbestrea. Idiazabalen ere bai. LHko 5.mailan hasten ginen krosak egiten eta autobusean joaten ginen. Jende asko joaten ginen. Sailkapenak gordeta dauzkat eta 200dik gora joaten ginen. Gaur egun ez dakit 100era iristen diren. Atleten kantitatea jaitsi egin da, eta orokorrean, kalitatea ere bai.