Gorka Erostarbe
Jose Ignacio?Munilla egungo Donostiako gotzainak konfesatua naiz, Josu; hura izan zen Elizak konfesarazi ninduen aldi bakarra. Bederatzi urte nituen. Zer esan ez nekiela geratu nintzen, eta gaiztakeria asmatuak aitortu behar izan nituen: Unai lagunari ostikoa eman niola, amonari txokolatea lapurtu niola eta beste zenbait bekatu mortal… Kapitulu hura nahikoa izan zen ilun-ikara sentitu eta Elizaren ikasbidea behin betiko eten nahi nuela erabakitzeko.
Hogeita hamar urte igaro dira harrez geroztik, eta hara non, Munillaren beraren ahotan jakin dugun Juan Kruz Mendizabal apaizaren sexu abusuen kasuen berri (gehiegikeria hitza baino nahiago dut abusu erabili, irmoagoa delakoan eta erlatibizaziorako aukera gutxiago ematen duelakoan). Pertsona ezaguna da Goierriko ingurumarian Mendizabal; hura ere ezagutu nuen haur nintzela. Asaldura sentitu nuen aurrena, eta galderak burura, hurrena, errenkadan, iaz Spotlight eta El Club film bikain aztoragarriak ikusi ondorenean gertatu zitzaidan bezala. Zenbat abusu kasu ote daude ezkutatuta gure Elizaren estolda kirasdunetan? Zein botere joko narrasek bultzatu ote ditu Elizaren eta Munillaren gogofedeak kasua orain azaleratzeko eta ez lehenago? Elizaren justizia aplikatu diotela adierazi du; zer justizia klase da jardunbide zibilari muzin egin, eta nork bere erakundean ezartzen duena? Nor da epaile? Fede itsuak zizelkaturiko Jainko zerutiar omnipotente bat?
Eta azken itaun bat epilogo modura: asko idatzi eta hitz egin da Elizak sexuarekiko duen izaera eta jarrera errepresiboaren inguruan gogoeta egin beharraz. Hori onartuta ere, nahikoa ote den zalantza dut; izan ere, errepresio sexualaz gain, botere posizio batetik abiaturikoak ez al dira kasuok guztiok? Ez baikenuke ahaztu behar, ia ehuneko ehunean gizonezkoek eta posizio ahulago batean daudenen kontra egindakoak direla abusuok.
Josu?Aztiria
Ni asko kezkatzen nauen kontua honelako abusu eta jazarpenekiko epelkeria da, han hemenka entzun ditudan komentarioengatik eta hainbat arduradun politikok egindako adierazpenengatik. Urkulluk abusuak Elizari soilik dagozkiola eta baloraziorik ez duela egingo esaten duenean, Olano Mendizabal aferaren gehiegikeria mediatikoaz kexatzen denean edo abusuen maila ezbaian jartzen dugunean nori egiten diogu mesede?
Abusu-mailak egon daitezkeela eta penalki trataera desberdina izan dezaketela onartuta ere, pertsona bati bere borondatearen kontra edo bere baimenik gabe, boterekeriaz (kasu honetan, adinaz, konfiantzaz baliatuta) zerbait egitera edo pairatzera behartzen dugunean marra gorri bat gainditzen ari gara, sozialki onartezina; eta kontrako jarrera tinko eta argiak eskatzen ditu.
Biktimek segurtasuna (gehiago gerta ez dadin) babesa (tinkoa eta argia) eta sinesgarritasuna (salaketa aintzat hartzea) behar dute, eta jarrera epelek biktima ahuldu eta erasotzailearen posizioa indartu besterik ez dute egiten.
Abusuen edo era guztietako jazarpenen aurrean gizartean dauden jarrera epelak kontrako jarrera tinko eta aktibo bihurtzen ez ditugun bitartean, erasoek jarraituko dute Elizako kanpalekuetan, etxeetan, herriko jaietan edo eskoletan.