Joxe Mari Iparragirre institutua sortu aurretik, gazte asko Batxilergoa egin gabe gelditzen ziren. Institutuaren irekierari esker, Urretxu eta Zumarragako gazte guztiek bigarren mailako ikasketak herrian bertan eta doan egiteko aukera eduki zuten. Koro Badiola irakasle ohiak eta Mariaje Zabalo, Miren Rodriguez eta Nerea Egiguren irakasleek institutuak 50 urte hauetan egindako ekarpenaz mintzatu dira.
Badiola institutua ireki eta gutxira hasi zen bertan lanean. 2005ean hartu zuen erretiroa. Zabalak eta Egigurenek, berriz, Joxe Mari Iparragirre institutuan ikasi zuten eta egun bertan lan egiten dute. Zabalak 30 urte daramatza bertan lanean. Rodriguez, berriz, zuzendaria da. Ordiziarra da eta 17 urte daramatza institutuan lanean.
Badiolak lehen eraikina (egungo lizeoa) berehala txiki gelditu zela gogoratzen du. «Lursaila eraikuntza enpresa batek utzi zuen Urretxuko etxe orratza egiteko baimenaren truke eta eraikina Orbegozo enpresak ordaindu zuen. Berehala txiki gelditu zen eta ministerioa handitzea ordaintzeko prest zegoen, baina horretarako eraikuntza enpresak lurra eman behar zuen eta ez zegoen horretarako prest:?lehenago etxe orratzetik Zumarragara zubi bat egitea nahi zuen. Barrakoietan egon ginen, Santa Barbarara doan bidean egungo eraikina egin zen arte».
1.200 ikasle
Garai hartan institutuak 1.200 ikasle inguru zituen. «Ikasgela bakoitzean 30 ikasle baino gehiago zeuden. Legazpiarrak ere hona etortzen ziren. Institutuari esker, jende askok unibertsitatera joateko aukera eduki zuen», aipatu du Badiolak.
Ondoren, lizeoa, Legazpiko institutua… ireki zituzten. Pixkanaka ikasle kopuruak behera egin zuen. Egun, 350 ikasle dituzte. 50 urte hauetan 8.000 ikasle inguru pasa dira institututik.
Badiolak azken mende erdian irakaskuntza asko aldatu dela dio. «Ikasgela bakoitzean 40 ikasle egon bazitezkeen, irakasleon autoritatea zalantzan jartzen ez zelako da. Egun, 40 ikasleri eskola ematea ezinezkoa izango litzateke».
Rodriguezek hezkuntza bera aldatu dela uste du. «Lehen irakasleari eduki batzuk emateko eskatzen zitzaion. Arau batzuk zeuden eta inork ez zituen zalantzan jartzen. Egun, irakaslea psikologoa izan behar da mota guztietako ikasleekin lan egin ahal izateko. Bestalde, legedia ere oso ondo ezagutu behar da, hanka sartze bat garesti ordain bailiteke. Gainera, aniztasuna kontuan izan behar da. Aniztasuna oso aberasgarria da, baina lana zailtzen du. Hori da gaur egungo erronka handiena, informazio eta komunikazio teknologietan heztearekin eta ikasleen konpetentzia gara-tzearekin batera».
Badiolak derrigorrezko hezkuntza 16 urteetara luzatzeak gauzak asko aldatu dituela uste du. «Lehen selekzio natural bat zegoen. Orain institutuetan ikasi nahi ez duen jendea dago eta horrek lana zailtzen du». Zuzendariak arrazoia ematen dio. «Lehen hona etortzen zenak unibertsitatera joateko asmoa zuen».
Rodriguezek ikastetxeetan gizarte osoko arazoak islatzen direla dio. «Hezkuntzari gizarteak konpondu ezin dituen arazo asko konpontzea eskatzen zaio. Gizartean eta familian dauden arazoak hemen islatzen dira».
Gizartearen aldaketa
Badiolak lehen gauzak sinpleagoak zirela uste du. «Arauak oso zorrotzak ziren eta egun ez. Balore katolikoak pikutara joan ziren, baina etxe askotan ez da ordezko balorerik sartu. Eta hori ikastetxeetan nabaritzen da. Familietan gertatzen dena, ikastetxeetara heltzen da. Baina hori gizarte osoaren arazoa da, ez ikastetxeena bakarrik. Bestalde, lehen etxeetan ikastea sustatzen zen, gizartean gora egiteko modu bat zelako. Etorkinak ziren ahalegin handiena egiten zutenak».
Gainera, teknologiek irakasleen eta ikasleen arteko aldea handitu dute. «Sakelako telefonoak sortu aurreko garaiaz hitz egiten diezunean, arraro begiratzen dizute. Guk ere sakelako telefonoak ditugu, baina beraiek dagoeneko horiekin jaio dira eta gure eta beraien arteko aldea oso handia egin da. Azken urteetan gauzak oso azkar joan dira», azaldu du Zabalak. Rodriguezek Batxilergoan dagoen eskaintza lehen baino askoz ere zabalagoa izateak ere euren lana asko zaildu duela dio.
Dena den, ofizioak merezi du oraindik. «Ikasleek asko ematen dute», aipatu du Egigurenek. «Ikasle ohi batek bere lanbidean arrakasta duela ikustea oso pozgarria da», gehitu dute gainontzekoek.
Ofizioak eta urteurrenak horrenbeste merezi dutenez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen hilabeteetarako: hitzaldiak, erromeria, zine emanaldia, liburu aurkezpena eta herri bazkaria egongo dira, besteak beste.
Zorionak eta urte askotarako!