Goierrin biltzen den errefusaren % 60-70 inguru pixoihalak dira, Olaia Mendoza Birzitek enpresaren zuzendariak esandakoaren arabera. Pixoihalen birziklapena garrantzitsua da, beraz. Produktu xurgatzaile higienikoak (haurrentzako fardelak, heldunentzako xurgatzaileak eta abar) birziklatzeko eta balioan jartzeko garatutako berrikuntza eta ikerkuntza proiektutik sortu da Birzitek enpresa berria.
Urtebete baino gehiagoko lana izan da ideia garatzea eta horretarako Goierriko hiru enpresa elkartu dira Birzitek sortzeko, Goieki garapen agentziaren eta Get Goierri ekimenaren laguntzarekin. Lan horrekEcoembes erakundearen R saria jaso berri du, abenduan hain zuzen.
«Pixoihalak txikitu, garbitu eta ondoren materialak banatzea da giltza.alde batetik plastikoa eta bestetik zelulosa», azaldu du Mendozak. Prozesuan erabili beharreko ura eta elektrizitate kantitatea murrizten saiatu dira, «ekologikoa eta bideragarria» izan dadin.
Birziteken arima
Irteera izango luketen produktu posibleak bilatzen eta sektore interesgarriak identifikatzen urte bat pasa zutela aitortu du Mendozak eta arlo desberdinak ukitu ondoren, hondakinen sektorea «interesgarria» zela ikusi zuten.
Urte hartan, hondakinak gaika biltzen hasiak ziren Goierriko eta Gipuzkoako hainbat herritan eta jasotzen ziren hondakin haiei «irtenbide bat ematea» bururatu zitzaien. Estrategia horretan, Goieki eta Get Goierriz aparte, eskualdeko 15 enpresa aritu ziren.
Egun, Goierriko hiru enpresa daude proiektu honetan sartuta.: Goilaser (Zegama), Ogei (Olaberria) eta Modube (Segura) dira Birzitek proiektuan elkarlanean ari diren Goierriko hiru enpresak. Sektore metalurgikoan aritzen diren enpresak dira. Hiru enpresa horiek I+G+B Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza proiektu hau martxan jartzea erabaki zuten, beti ere Goieki eta Get Goierriren laguntzarekin.
Olaberriko Ogei da Birzitek osatzen duten enpresetako bat. Jose Agustin Urteaga gerenteak azaldu duenez, makinak eta estruktura metalikoak egiten dituzte, baina aitortu du metalurgiaren sektorean jatsiera bat nabaritu zutela eta «negozio bide berriak bilatzeko asmoarekin» sartu zirela Birzitek proiektu berritzailean.
Zegamako Goilaser ere Birzitek proiektuan sartuta dago. Joseba Peralto bere gerenteak adierazitakoaren arabera, «horrelako dimentsioak dituen proiektu batean sartuko ginenik ez genuen imaginatuko sekula». Momentuz paper gai-nean dagoen proiektua da eta produktu xurgartzaile higienikoak birziklatzen hasteko finantziazio bila dabiltza.
Hondakina baino gehiago
Botatzen diren errefusa hondakinen zati handiena produktu xurgatzaile higienikoak dira; baina botatako horiek hondakin bat baino zerbait gehiago izango balira?
Inori ez zitzaion bururatuko haurrentzako pixoihalak eta inkontinentziarako xurgatzaileak bigarren erabilera bat izango zutenik. Kontuan izan behar da urtero Espainian 900.000 tona sortzen direla eta horiek ingurumen inpaktu ugari sortzen dituztela zabortegien bidez eliminatzen direlako. Birzitek enpresa ikertzen hasi zen hondakin horiei irtenbide jasangarri, integrala eta berritzailea emateko eta berreskuratutako lehengaiei bizitza berri bat emateko.
Ikerketen emaitza Birzifar izeneko prozesu bakar, integral eta berritzailea da. Horri esker, higiene produktuen lehengaien % 100 berreskuratzen dira eta berriz merkaturatzen dira. Horrela, hondakinak lehengai bezala berreskuratuta, produktu berriak sortzen dira eta zabortegietan hondakinak deuseztatzean sortzen dren ingurumen-inpaktua txikitzen da. Horren guztiaren ondorioz, ingurumenaren zaintza sustatzen da eta nplegu berdeak sortzen dira.
Etorkinzunera begira
I+G+B proiektuak «luze joaten dira» Birziteken zuzendariak esandakoaren arabera, «ikerketa lan handia baitago atzean». Lehenengo ideia sortzen denetik egituratzen den arte «2-3 urte pasa daitezke». Ikerketa lan hori guztia egina dagoela dio Mendozak eta 2017an produktu xurgatzaileak birziklatzen hastea espero du. Bilketa sistemarekin ere koordinatu behar dute horretarako. «Sistema konplexua da baina guztiz beharrezkoa» dela esan du zuzendariak. Baina produktu xurgatzaileei irtebidea bilatu izana «oso positiboa» izan dela gehitu du.
Automozioa eta eraikuntzaren sektorea izango dira BIrzitek enpresaren etorkizuneko erosleak eta dagoeneko egin dituzten harremanengatik «interesa badagoela» ikusi ahal izan dute, Olaia Mendozak esandakoaren arabera.
Gainera, laster beraien prozesuari buruzko zehaztasun gehiago ezagutu ahalko dira egiten ari diren web gune berrian: www.birzitek.com.
Birzitek enpresak, Ecoembes saria jaso zuen 2016ko abenduan
Birzitek Engineering enpresa Ecoembesen R sarietako berrikuntza proiektu hoberenen sailean aukeratua izan da, haurrentzako eta helduentzako fardelak birziklatzeko eta balioan jartzeko aurkeztutako irtenbide jasangarriarengatik.
Madrilgo Francisco Giner fundazioaren egoitzan egin zen sari banaketa abenduan, Ecoembes, Espainia mailan ontzien berreskuratzea eta bilketa selektiboa bultzatzen duen erakundeak antolatuta. Ekitaldian, ingurumenaren babesa sustatzen duten entitate guztien lana eskertzeaz gain, merkaturatzen diren produktu berrietan birziklapen eta jasangarritasun neurri berritzaileak bultzatzea eskertu zuen erakundeak.
Birzitek Engineering saritua izan zen produktu xurgatzaile higienikoak (haurrentzako fardelak, heldunetzako xurgatzaileak…) birziklatzeko eta balioan jartzeko garatutako berrikuntza eta ikerkuntza proiektuarengatik. Birzitek Goierriko hainbat enpresen arteko kolaborazioaren bitartez sortu da, eta eskualdeko garapen agentziaren (Goieki) eta Get Goierri estrategiaren laguntza izan du.