Jon Odriozolak (Legazpi, 2000) haurra zenetik praktikatu du judoa. 12 urterekin ezagutu zuen jiu-jitsua eta ordutik buru belarri dabil kirol horretan sartuta. Datorren martxoaren 16an Atenasera (Grezia) bidaiatuko du —bere saioa hilaren 19an—, Espainiako selekzioarekin mundu mailako jiu-jitsu txapelketan parte hartzeko.
Nolatan hasi zinen jiu-jitsua bezalako kirol batean?
Lau urte nituela hasi nintzen judoa praktikatzen. Geroago, 12 urterekin jokatu nuen nire lehenengo jiu-jitsu txapelketa. Bi lagun joan ginen Madrilera Legazpitik. Lehenengo egin nuen nire mailan, oso esperientzia polita izan zen, eta orduan konturatu nintzen jiu-jitsua oso gustuko nuela.
Oraindik orain, jiu-jitsua judoarekin nahasten du askok. Zein ezberdintasun dago bataren eta bestearen artean?
Orokorrean, jiu-jitsuan gehiago lantzen da kontaktua. Judoan ezin da arerioa jo, edo ezin zaio ostikorik eman, adibidez. Jiu-jitsuan bai. Jiu-jitsuaren barruan modalitate ezberdinak daude, ni borroka modalitatean aritzen naiz. Esku-hankekin hasten gara, gero judo atalarekin jarraitzen dugu eta lurreko atalarekin amaitu.
Goierri mailan jiu-jitsua praktikatzen duten gazte asko al dago?
Ez gara horrenbeste. Goierrin, judoa egiten dutenak askoz ere gehiago dira. Izan ere, hemen inguruan ez da jiu-jitsu txapelketa askorik antolatzen. Gehiago antolatuko balira jende gehiago animatuko litzatekeela uste dut. Oso kirol atsegina da ikusteko, eta dibertigarria jokatzeko. Oraindik, jiu-jitsua oso kirol ezezaguna da hemen inguruan.
Martxoaren 19an Atenasen egingo den mundu mailako txapelketan parte hartuko duzu. Nolatan?
Martxoaren 16an joango gara Atenasera, nik 19an dut saioa. Kadeteetan, 17 urtez azpikoen mailan jokatuko dut, 60 kiloz azpikoan. Irabaztera joango naiz, nahiz eta badakidan oso zaila izango dela. Mundu mailako txapelketetan dagoen maila oso altua da. Hemendik kanpo kirol hau praktikatzen duen jende gehiago dago.
Jiu-jitsuan teknika menperatzea da garrantzitsua?
Bai, baina maila berean daude baita abilezia eta bizkortasuna ere. Mailaren arabera batak zein besteak hartzen du garrantzia gehiago. Nire kasuan azkar mugitzea da garrantzitsuena.