Nekane Arin (Legazpi, 1946) Legazpiko Kimu-Berri ikastolako lehenengo andereñoa izan zen, egun Haztegi ikastola dena. 50 urte beteko ditu ikastolak datorren ikasturtean. Zubitxoko auzoan jaio zen, Mirandaolatik gertu. Ikasketak egiteko ahizpak bukatu bitartean itxaron behar izan zuen. Bi urteko atzerapenarekin iritsi zen batxilergora; orduan klase partikularren moduan egiten zen. Gero, Abartzuzara (Nafarroa) joan zen eta bost urte egin zituen han, irakasle ikasketak barne.
Nolatan Abartzuza?
Umetan jada nahiko anarka nintzen eta amak barnetegira bidali ninduen, han zuzenduko nindutela eta señorita bat bihurtuta itzuliko nintzelakoan. Eskola mojena zen eta han batxilergoko azken bi ikasturteak eta irakasle ikasketak egin nituen. Ikasketak Zaragozan baliozkotu, eta han bertan egin nuen errebalida.
Eta Legazpira itzultzean…
Ez nekien garbi zer egin, 20 urte nituen. Jakin banekien hezkuntzaren munduan aritu nahi nuela. Orduan guraso batzuk etxera etorri ziren eta Legazpin ikastolaren lehenengo gela martxan jartzeko prest nengoen galdetu zidaten. Ez nekien non sartzen nintzen, baina baiezkoa eman nuen.
Baina ez zinen berehala hasi.
Ez, garai hartan gure etxean euskaraz egiten genuen. Aitak esana zuen: atetik kanpo nahi duzuena, baina etxean euskaraz. Nolanahi ere gaztelaniaz aritzen ginen jolasean eta ez zen erraza euskarari eustea.
Gauzak horrela, urtebete egin nuen alfabetatzen, ikastola mugimendua ezagutzen, euskal kulturaz eta literaturaz janzten eta ordurako martxan zeuden Hernaniko zein Errenteriako ikastolaren martxa ezagutzen.
Gurasoek konfiantza handia erakutsi zizuten, ezta?
Bai, hala da. Eurek ordaindu zidaten ostatua eta denbora hura eman ere. Gurasoek apustu bat egin zuten. Diru eske hainbatetan ibili ziren –etxez etxe ere bai–, gela garbitzera beraiek etortzen ziren, bilerak askotan egiten genituen…
Zer ikusi zenuen ikastola haietan?
Nik ordura arte ikasgeletan ikusitakoaren aldean, gauzak egiteko beste era bat ikusi nuen. Guk informazioa irentsi egin behar genuen, logikarik gabe, mekanika hutsa erabiltzen genuen. Zenbaki hamartarren logika, esate baterako, orduan deskubritu nuen.
Goazen Legazpiko ikastolako lehenengo ikasgela hartara.
Klandestinitatean hasi ginen. 41 ume neuzkan gelan, 3 eta 5 urte bitartekoak. Elizaren babesean ekin genion, Legazpin doktrina erakusten zen gelan hasi ginen; gela iluna zen, argi natural gutxi sartzen zen.
Materiala oso urria zen. Ola batzuk genituen lurrean eta mahai bat, aulki bat… Txotxak geuk eramaten genituen eta kanikekin lantzen genituen matematikak. Hori guztia, jakina, euskaraz. Gurasoekin bildu ginen ikasteko eran aldaketak sumatuko zituztela esateko, eta juntakide batek ikastolan ikasleek zartakorik ez zutela jasoko esan zuen. Hori nahikoa aldaketa zela nabarmendu zuten, ordura arte ohikoa baitzen.
Orain gutxi, lehen ikasleekin eta gurasoekin elkartu zara.
Bai, gure ikasleak izandakoek omenaldi bat egin digute gurasoei eta niri. Opari bat, bazkari bat eta negar asko ere egin genuen gure artean bat baino gehiago falta zelako. Jendeak erakutsi zuen guraso haien ausardiaz kontziente dela. Legazpi oso herri berezia zen, fraideak zeuden, eskola nazionalak… Aukera gehiago zegoen eta, hala ere, ordaindu behar zen ikastolaren aldeko apustua egin zuten, orduan ilegala zen ikastola baten aldekoa.
Guraso haiek, gainera, ez ziren aberatsak. Langile jendea zen, maila ezberdinekoak, baina langileak edonola ere. Euskaragatik animatu ziren. Andre batek zioen, adibidez, bere senarrak euskararik ez zekiela eta seme-alabentzat ez zuela hori nahi. Borrokatu egin zuten.
Irakasteko modua aldatu zenuten. Nondik jo zenuten?
Ikastola mugimenduak pedagogia eta metodologia ezberdinen gosea zuen. Ikastaro asko egin genituen. Goierriko irakasleak elkartzen ginen, ideia berriak jasotzen genituen…Niri Frenetek liluratu ninduen ikasleekiko errespetu handia zuelako.
Egunerokoan ez geunden programazio itxi bati lotuta. Ikasleek aukeratzen zuten zer gai landu eta zein ez. Asko jolastu genuen eta irteera ugari egin ere, mendira batik bat. Lehenengo talde hura zazpi urtez egon zen nirekin. Gerora, fraideetara nahiz mojatara joan behar izan ziren eta fraide batek nire ikasleei zer edo zer ezberdina nabaritzen ziela esan zidan: dena zalantzan jartzen dute. Niretzat saria izan zen.
Ikastolaren kontrakorik egon al zen?
Bai, Legazpin euskararen kontrako talde bat zegoen eta haiek ikastolaren aurkako salaketa bat baino gehiago jarri zuten. Esate baterako, ikuskaria bidali zuten behin irakasle-ikasketa titulurik ez nuela esanez. Haurrak berarekin utzi eta etxera joan behar izan nuen tituluaren bila.
Egun Haztegi ikastolak 700 ikasletik gora ditu.
Maila bakoitzean gela bat osatzen hasi zen eta sei bat urteren buruan bikoiztu eta hirukoiztu ere egin zen ikasle kopurua. Orduan ikastolak ezin izan zion aurre egin; gure ikasle kopuruak gora egiten zuen eran egiten zuen behera fraideen nahiz mojen ikastetxeena. Haiek proposatu ziguten elkarrekin zentro bat egitea eta baiezkoa eman genuen. Orain, fraideak nahiz mojak joan egin dira eta geu geratu gara.
Ia 40 urte egin dituzu hezkuntza munduan…
Bai, nik bide berriak urratzeko ilusioa izan dut beti. Hezkuntza geroz eta gehiago dago kortse baten barruan eta irakasleek nola ikasleek askatasun gutxi dute amesteko. Guk lehenengo eskola hartan ez genuen libururik erabiltzen, ume bakoitzaren nahia eta erritmoa –hori da akaso zailena– errespetatzen saiatzen ginen. 8 urteko haurrari ez diogu 12 taillako jertsea jarriko, ezta? Garapen fisikoa beste errespetatzen genuen garapen mentala, baina porrotik gabe. Traje bera denontzat eta hala ezin da, bidean porrotaren sentipen hori geratzen baita eta sistemak ez du horretan laguntzen.
Irakasleak zerbitzariak gara, ikasleenak, ez programa jakinbatenak edo liburuenak. Umeek erakusten dute hurrengo urratsa zein den.
Zure ibilbidearen azken urteak laguntza gelan egin zenituen.
Kezka handia izan dut beti sistema horretan txertatzen ez direnekin. Ikastolan laguntza gela sortzean nire kargu utzi zuten. Hasieran gela arruntetara itzuliko nintzela uste nuen, baina ez nintzen inoiz itzuli. Han nahiko askatasuna izan nuen ikasleekin lan egiteko, arruntetan presioa handiagoa da. Izan ere, emaitzak lortu nahian ez al dugu pertsona alde batera uzten? Autonomoak eta kritikoak nahi ditugu, baina neurtzen duguna ez al dira edukiak?
Zer egiten duzu orain jubilatuta zaudela?
Nire buruak mugimendua behar du. Errioxan txoko bat daukagu eta hara joaten gara maiz. Ibili, mendira joan. Garai batean gaueko hamaiketan etxera iritsi gabe nengoen bileren gorabeheran. Familiari ere egokitu zitzaion urte haiek nirekin bizitzea eta orain familiaren txanda da.