Zin dagizuet erabakia hartua nuela. Beste askotan ez bezala, oraingoan argi eta garbi finkatu nuen helburua: etxea txukuntzeko premia genuenez, honetan ahalik eta traste zahar gehien botako nituela. Utikan alferrikako objektu eta arropak, dagoeneko erabilgarriak ez direnak eta bazter batean hautsa hartzeko besterik balio ez dutenak.
Askotan egin dut kontrakoa. Etxean garbiketa sakon bat egin edo etxez aldatzea tokatuz gero gertatzen baita. Balio sentimental bat ikusita edo «batek daki agian noizbait berriro beharko dut» pentsatuta, beti izaten da aitzakiaren bat, estorbuan dagoen tramankulu horri bigarren aukera bat emateko. Caritasera, Emaus-era, birziklatzeko ontzira edo zuzenean zaborretara bota beharrean, hor geratzen da armairu zokoan. Edo trastelekuko itzalean.
Baina oraingoan ezin nuen halakorik egin. Motxila zahar baten barruan objektua ikusi nuen arte. Larruzko zorro batez ari naiz. Ikusi bezain pronto konturatu naiz zergatik dudan hainbeste maite. Koadernoa, grabagailua eta boligrafoa hartuta, makina bat joan-etorri egin dudalako zorro horrekin alde batetik bestera. Kazetaritza ofizioa ikasi nuen urte haietan bidelagun fidela izan nuen. Prentsaurreko batean egindako lehen galdera lotsati eta urduria, injustizia baten aurrean sentitutako inpotentzia, elkarrizketa batean politikari batek emandako titular borobilak, guztiak bertatik bertara bizi izan ditu. Baita karrera amaitu ostean egindako bidaia eder haiek ere. Orduko libertatea eta lagunarte ederra. Hori guztia etorri zait burura zorroari begira jarri naizenean. Oraindik harekin zer egin erabaki gabe.
Eta pentsatu dut kuriosoa dela, gurea bezalako gizarte materialista batean, gauzek zenbateraino galdu duten balioa. Dena da erabili-eta-bota, dena da low cost, eta kontsumitzeko gose aseezinak objektuen balioa gutxiestera garamatza. Jada berdin zaigu apalategi bat lau urtez erabili eta botatzea –Ikeako merkealdietan erosi genuelako–, urtebete erabilitako kamisetak zaborretara bideratzea edo oraindik puskatu gabeko zapatilak kanporatzea, modaz pasa direlako.
Baina objektuek, izaki bizidunak izan gabe ere, noiz-behinka aldaba jo eta hemen daudela esaten digute. Balio bat dutela, bere garaian kostu bat izan zutelako eta bizitzako gora-beherekin lotzen ditugulako. Atzean lan bat dutelako. Batzutan zalantzak sortzen dizkigute, pasatako bizipen mingotsen eztena berriz sartzen digutelako. Pentsa bikote-ohi baten argazkietan. Zaila da zer egin jakitea. Zakarretara bota ala ez. Bestetan zalantzarik ez da, oroitzapen pozgarriekin lotzen ditugu. Festetan jantzitako disfraz barregarria, esate baterako. Bizitzan zehar funtzio bat bete duten gauzek sentimenduak eragiten dizkigute. Zalantzarik ez da.
Oraindik gogoan dut Afrikara egindako bidaian lagun hark esan ziguna. Bere etxean lo egitera gonbidatu eta gaua heldu zenean, parafinazko lanpara metalikoa atera zuen. Artean berria zegoen. «Euskal Herrian asko ikusten dira horrelakoak, adornutarako eta», izan zen gure ateraldia. «Adornutarako? Niri urtebeteko soldata kostatu zait. Ez daukat bestelako argirik», jaso genuen erantzuna.
Horregatik maite dut liburuak irakurri, gorde eta mimoz zaintzen dituen jendea, edo MP3-aren aroan binilozko disko bildumak egin eta musika horrekin gozatzen dutenak. Edo aitona-amonen armairuak birziklatu eta bizi berri bat ematea erabakitzen dutenak, familiako ondaretzat jotzen dituztelako, edo objektuen erabilgarritasuna urte batzuetan luzatzeko.
Pentsamendu horietan nabilela, kazetari garaiko zorroa eskuetan hartu, bere azal arraildu eta lehorra ikutu, eta traste zaharren kaxara bidali beharrean, armairura eraman dut bueltan, beste behin. Agian beste 10 urtean hortxe jarraituko du, alferrikako tokia okupatzen. Baina halako batean berriz nire eskuetan erortzen denean, berriro erakutsiko dit baduela balio bat. Baduela istorio bat.