Esan daiteke plater artean igarotzen duela bere denbora Josu Landak (Zumarraga, 1980). Ofizioz, sukaldaria da; Ezkioko ostatuaren gidaritza darama orain ia zazpi urte. Afizioz, berriz, disko jartzailea da eta horrez gain, musika elektronikoa ere sortzen du. Ofizio eta afizioaren artean du erdibituta bizitza Landak.
Zer izan zen lehenengo, sukaldaritza edo musika?
Sukaldaritza izan zen lehenengo. Aitortu behar dut oso ikasle ona ez nintzela, baina etorkizunean ere pentsatu beharra nuenez, sukaldaritza gustuko nuen eta horregatik Donostian sukaldaritza ikasketak burutu nituen. Bergarako Lasa jatetxean egin nituen praktikak. Ferran Adriaren Bulli jatetxera joan nintzen ondoren, Tafallako Tubalen ere izan nintzen lanean.
Beste hainbat jatetxetan lan egin ondoren, etxetik gertu, Ezkioko ostatua hartzeko aukera parean jarri zitzaidan. Azaroan zazpi urte egingo ditugu hemen, nire bikoteak eta biok.
Noiz eta nolatan hasi ziren musika jartzen?
22 urterekin izan nuen diskoak jartzeko plater batzuekin lehenengo kontaktua. Lagun batek, Ander Arrietak, zirikatu ninduen eta horregatik hasi nintzen. Garai hartan, aparatuak erostea oso garestia zenez, lagun taldearen artean erosi genituen eta Madaian geneukan lokal batean hasi ginen saltseatzen.
Gogoratzen al duzu lehenengo ekipo hura?
Noski, gaur egun oraindik erabiltzen dudana da. Horrek hitzegingo balu! Alde batera eta bestera mugitzen nintzen lagunekin batera, guk geuk antolatutako rave-etan musika jartzera. Geure neurrira egindako festak ziren, aire librean gehienetan, eta orduak eta orduak pasatzen genituen musika jartzen eta dantzan.
Dena den, adinean aurrera goaz eta jada jai gutxitan jartzen dut musika. Gauzak asko aldatu dira. Orduan gazteagoa nintzen eta gaur egun dudan erantzukizunik ere ez nuen.
Nola antolatzen zenituzten ‘rave’-ak?
Toki egoki bat aukeratzen genuen eta ondoren, jendeak non izango zen jakiteko, papeltxoetan mapa bat marrazten genuen, gertukoenei emateko. Kontuan izan garai hartan ez zegoela sare sozialik.
Zein da musika jarri duzun toki berezi edo arraroena?
Berlinen, hutsik zegoen komentu batean izan nintzen orain dela urte asko. Sekula ahaztuko ez dudan horietako bat da.
Zein musika estilotan aritzen zara?
Gazte-gaztetan, punka eta re-ggae entzuten hasi nintzen.Toy Dolls, La Polla, Bad Brain edo RKL taldeak oso gustoko ditut. Garai hartan, aitortu behar dut, elektronikaz ez nekiela gehiegi, gero ezagutu ditut elektronikaren barruan dauden beste estilo batzuk, drum and bass edo hard-corea, esaterako. Elektronikaren barruan, estilo gogorragoak dira horiek, eta horretan mugitu naiz gehienbat:?technoa, hard-technoa, hard-corea, break-corea eta beste hainbat. Oso komertzialak ez diren estiloak dira.
Musika jartzeko modua asko aldatu da.
Bai! Biniloekin aritzen ginenean beste mundu bat zen. Ordu asko eta asko sartu behar genituen aparatuak erabiltzen eta musika nahasten ikasteko. Gaur egun, ordenagailuekin, hori guztia asko galdu da, eta edozeinek jartzen du musika botoi bakar bati emanda. Nortasuna galdu da.
Musika nahasteaz gain, sortu ere sortzen duzu.
Bai! Orain dela hamar-bat urte hasi nintzen nere kabuz ikasten, baina denborapasa moduan batez ere
Etorkizunari begira, afizioa dena ala ofizioa aukeratuko duzu?
Sukaldean lanean jarraitzea espero dut. Oso lanbide lotua den arren, oso gustuko dut. Ezkion, gainera, oso ondo hartu gaituzte. Beraz, hemen jarraitzeko asmoa dugu.