Ion Muñoa
Baserriaren, hiriaren eta ingurumenaren arteko erlazioak ardatz zituen mahai-inguru batean egoteko aukera izan nuen duela gutxi. Solasaldian hainbat ikuspegi eta begirada partekatu zituzten hizlariek, baserriaren eta hiriaren arteko harremanaz, baserriak naturan duen eraginaz, baserriko produktuek gizartearen elikaduran duten paperaz, gastronomiaz eta abarrez. Zinez interesgarria izan zen begiradaren arabera, nola errealitate bera oso ezberdin dakusagun, eta nola helburu berberak edukita ere (adibidez natura zaintzea, osasuntsu bizitzea, elikadura sanoa edukitzea, etab.) bide kontrajarriak aurkitzen ditugun askotan, hiritarren eta baserritarren artean. Mahai-inguruaren amaieran, beste behin ere, sentsazio bat izan nuen: zein gertu eta zein urruti gauden.
Uda garaia bertan dugun honetan, egun eguzkitsuak eta luzeak datozkigun honetan, oso metroren gutxian ikusten ditugu gurean, belarra ontzen dabiltzan baserritarrak eta igerilekura doazen herritarrak. Anekdotikoa eta gizarte plural baten erakusgarri den postala izan daiteke. Baina zeinen errealitate urrunak diren! Oraindik ere (edo bereziki orain) ze distantzia fisiko txikia eta distantzia kultural handia dagoen urbanitaren eta baserritarraren artean. Eta batez ere: zer ezagutza falta dagoen!
Bizitza ikusteko eta naturarekiko harremana ulertzeko bi modu oso ondo jasotzen dira gure kezka batean: bihar eguraldi ona egingo ote du? Galdera horren oinarrian dago, ordea, diferentzia: belarra ontzeko edo mendi-hondartzara joateko?
Eneritz Gorrotxategi
Belarra ontzeko edo mendi-hondartzara joateko, bi kasuetan ere eguzkia beharko da, eta hori da kontua: elkartzen gaituzten puntuak topatu eta hori aberastasun iturri bihurtzea. Baserritarra eta kaletarra azokak edo sal-erosketak elkartu ditzake: Zuk egiten duzunarekin nik beste hau egin dezaket edo nik egiten dudan honekin zuk beste hau egin zenezake. (Zuk landatutako barazkiak erosita, nik primerako bazkariak egin ditzaket, edo nik barazkiak erosten badizkizut, diru horrekin barazki gehiago landa zenitzake).
Hiritarren eta baserritarren artean eta esparru guztietan gerta liteke hori: bata jakitun izatea gai baten inguruan eta bizilagunari berriz bost axola izatea gai berberak. Kontua da elkarbitzitzen jakitea, eta batak egiten duenak besteari kalterik ahal dela ez eragitea.
Hala ere, herri txikian bizitzeak ez du esan nahi baserri kontuez bakarrik dakigunik edo jakintza kultural murritza izan behar dugunik. Alderantziz, kaleko bizitzaz gain, gertuko zaizkigun esparru guzti horietako jakintzak, aberastu egiten gaituela pentsatu behar genuke. Herri txikikoa edo hirikoa izan, mundu zabala ikusten eta ezagutzen joatea da kontua, mundua ulertzeko modu ezberdinak daudela ohartzeko eta denei errespetua zor zaiela jabetzeko. Azken finean norberak pixkanaka osatutako betaurreko horien eta norberaren neurtzeko moduaren araberakoa baita gertu edo urruti bizitzea bezala, bi mundu oso ezberdin edo pareko diren ondorioztatzea.