Goiekiko gerentea eta Goierri Valleyren idazkaria da Iker Galparsoro.
Nondik erne da elkartea?
2008an martxan jarri genuen enpresen arteko lankidetza sarea, eta hark izan dituen egitasmo, foro eta lantaldeen ondorioz, beharrezkoa ikusi zen era batera edo bestera egituratzea. Bai enpresei zuzenean parte hartzeko aukera emateko, bai erabakiak hartzeko garaian beraiek ere planteatzeko; bestetik, enpresa denen artean zer nolako estrategiak hartu edo ekintzak garatzeko.
Metalgintza sektorea hartu duzue oinarri. Hor zentratuko da?
Gure helburua da industria eta metalgintza sektorea sendotzea. Enpresen arteko harremanak estutu, eta etorkizunari begira proiektu berriak garatu, enpresa gehiago sortu. Industriagintzak izan behar duen eraldaketan motorea izatea da helburua, eskualde mailan.
Zer, nola eta norantz dauka eraldatu beharra metalgintzak?
Beti dago aldatzeko beharra, eta enpresek badakite hori. Gaur egun, ezin dugu orain dela 15 urte egiten genuena egin, eta hemendik 15 urtera ere beste era batera, beste zerbitzu eta produktu batzuk landu beharko ditugu. Eraldatzeko behar-beharrezkoa da hausnarketa. Enpresa traktoreek duten informazioa eta merkatuaren ezagutza oso zabala da. Agian, txikiek ez daukate hainbeste baliabide. Ezagutza hori guztia partekatu nahi dugu, eta denen artean erabakiak hartu.
Orain arte, enpresen batasun esperientzia nolakoa izan da?
Espero genuena baino asko hobea. Izugarrizko ilusioa dute. Enpresa txikietatik sortu zen ekimena, eta enpresa traktore ia denak sartu dira; eta bultzatzeko, parte hartzeko gogoarekin, gainera. Harrituta gaude zer nolako arrakasta izaten ari den etxe barrenean. Kanpora begira ere bai, erakunde, enpresa eta instituzio asko deika ari dira, ekimenaren berri izateko.
Goierri Valleyren berritasuna enpresa handiak sartzea da? Haientzat zer interes du?
Nik uste dut zerbaitek batzen gaituela, eta zerbait hori Goierri dela. Konturatu gara Goierri izaera edo sentimendu hori benetan traktoreetan ere badagoela. Goierriren parte sentitzen dira, eta eman diezaioketena asko dela badakite. Elkartean egon eta ekarpena egin nahi dute. Orduan, guretzat oso-oso pozgarria izan da enpresa guztiak nola batu diren ikustea. Dudarik gabe, gainera.
Sinergia aktibo bat da, berez.
Guretzat funtsezkoa, hasieran, hori da. Eskualdeko erakunde eta enpresen arteko elkarlana bultzatzea, eta dauden sinergiak baliatzea. Hori ondo egiten baldin badugu, kanpora saltoa ematea errazagoa izango da.
Nazioartekotze horretan, zer fasetan dago Goierri Valley?
Orain behar duguna nazioartekotze prozesurako estrategia bat da. Momentu honetan, dauzkagun ekintzak iraganetik jasotzen ari garen batzuk dira. Hurrengo urteetarako, Goierri Valley bezala estrategia garbi bat markatu behar dugu.
Eskualdera nola itzuliko den diseinatu duzue?
Landu behar da. Baina, irizpide nagusi bezala, Goierriko enpresentzat eta Goierri Valleyko enpresentzat onurako proiektuak izango dira. Onuradunak goierritarrak eta Goierriko enpresak izango gara.
Zein zentzutan?
Batez ere enpresa txikiak sendotuko ditu, eta lanpostu gehiago sortu, horiei aukera emanez merkatu eta sektore berrietara zabaltzeko.
Goierri Valley, altzairuzko bailara (Klikatu erreportaje osoa irakurtzeko)