Metalgintzaren batasuna irudikatu du Goierri Valley elkarteak bailara behean, marka bezala. Bertan harremanak, jakintza eta teknologia partekatu, eta kanpora nazioartekotze estrategia zehaztuko du. Txikiak eta handiak batu dira.
Goierri behealdeak marka komun baten azpian bateratu ditu bailarako metalgintza eta sektore horretako industriak. Goierri Valley elkartea ekainaren 8an aurkeztu zuten, 33 enpresaren batasuna. Orain, beste 13 enpresa eta bost bazkide laguntzaile sartuko dira elkargora. Zuzendaritza Batzordeak uztailaren 5eko bileran onartu zituen kide berriak altzoan, eta orain bazkide guztiek emango diote oniritzia. Guztira, 6.100 langilek osatuko dute enpresa-elkartea, CAF, Ampo, Orkli, Indar, Irizar, Hine eta Jaso traktoreek tiratutako gurdian.
Elkarte izaera hartu du Goierri Valleyk. Zuzendaritza Batzordea zazpi ordezkarik osatu dute: sei enpresak eta administrazioaren aldetik Goieki enpresa publikoak. Lehendakaritza Orklik hartu du, idazkaritza Goiekik, eta diruzaintza Gune Mekanizatuak enpresako ordezkariak eramango du.
Elkarteak izaera enpresariala du, eta enpresek hartu dute gidaritza, nahiz akuilua Goieki izan zen. Bazkide fundatzaileez gain (33), orain beste 18k bat egingo dute.
Bi kide figura ditu Goierri Valleyk: bazkideak eta bazkide laguntzaileak. Bazkide, Goierriko enpresa, industria, eta industriari zerbitzua ematen dioten enpresak izan litezke. «Gehientsuenak bertan egotea da nahia», dio Goiekiko gerente eta elkarteko idazkari Iker Galparsorok. Bazkide laguntzaileak eskualdetik kanpokoak ere izan litezke, «baina benetan hemen dagoenari zerbait desberdina edo diferentziala aportatzen diotenak izan behar dute, benetan lagunduko dutenak gure helburuak aurrera eramaten».
Ekimenaren lehenengo hazia 2008an ereindakoa da. «Ez da bat-batean eratu elkartea», gogorarazi du Goierri Valleyren presidente Jose Luis Perezek. Garai hartan, krisia sumatzen hasia zen jada. Lana jaitsi zen, eta enpresa txiki eta ertainak elkartzen hasi ziren, Goiekiren aterkipean.
«Urtebete edo bi geroago, enpresa traktoreak hasi ginen elkartzen. Harrezkero, modu formalagoan edo informalagoan, lankidetzan, hizketan eta elkartzen segitu dugu».
Txikiak eta handiak, bat
Txiki-ertainak batetik eta handiak bestetik, bi forotan zebiltzan ideiak, enpresak eta eginahalak batzea izan da Goierri Valleyren lehenengo lorpena. Berritasuna, hain justu, enpresa traktoreen euren arteko, eta txikien bat egitea izan da. «Garapena da, poliki-poliki hasitakoa lankidetza-esparru gehiagotara nola zabal litekeen ikustea», dio Perezek.
Hilabeteko bizitzarekin, oraindik ez du aurrera begirako estrategiarik finkatu Goierri Valleyk, baina horixe du etorkizun hurbilean eginkizun behinena. Etxe bakoitzak bere negozioa gobernatzen segiko du, estrategia, merkatu eta produktuekin. Ikusita, gainera, oso salgai, zerbitzu eta sektore desberdinetakoak direla elkartu diren industriak (grafikagintzatik autobusgintzara).
Elkarteak «sinergiak» bilatuko ditu, bazkideen artean. «Esan ohi dena: bat eta bat ez dadila bi izan, bi eta erdi baizik», laburbildu du Orkliko lehendakari Jose Luis Perezek.
Aukera ugariak, irekita
Hari mutur asko ditu lotzeko oraindik Goierri Valleyk, jarduerari eta funtzionatzeko moduari dagokionez. Baina zenbait asmo erakutsi ditu. Enpresen arteko bertako lankidetza da, bat. Zentzu horretan, enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza proiektuak gara daitezkeela aipatu du lehendakariak, bai enpresekin, bai beraien bezeroekin. Bat egiteak ahalmen gehiago eman diezaieke, bakarrik iritsi ezingo luketen tokiraino ailegatzeko.
Teknologien «batuketa» da beste arlo bat. «Produktu jakin bati, balio erantsi handiagoa eman dakioke bakoitzak menperatzen dituen teknologiak elkarri lotuta. Adibidez, hori dagoeneko egiten ari gara».
Hirugarren lan esparru bat, enpresa handien edo traktoreen arteko ulermena da. «Traktoreak agian beste dimentsio batean daude, dibertsifikazioan gehiago pentsatuz, edo antena teknologikoak edukitzeaz ere bai; eta, jakina, nazioartera gehiago irekitzen pentsatuz».
Eskualdeko erraldoiek, arlo horretan, landu ditzakete oraindik makina bat ildo; Perezek dioenez, «parkekatu»: jakintza, merkatuak, dibertsifikatzen lagun diezaguketen enpresa-proiektuak, edo elkarrekin sortutako startup bateratuak (negozio berri bat ideiatu, hasi edo muntatu nahi dutenak dira startup enpresak). Azken batean, aukerak eta arriskuak elkarbanatzea da kontua», azaldu du Perezek.
Hori bai, oraindik elkarteak zer sorotan goldatuko duen zehaztu gabe daukala argitu du lehendakariak. «Denera irekita dago, sortzen den orori eta enpresei bururatzen zaigunari eta elkarteari balioa eman diezaiokeela ulertzen dugunari».
Misio komertzialak
Enpresen arteko lankidetza sarea martxan jarri zenetik, 2008an, saiakera batzuk egin dituzte Goierriko enpresek zenbait misio batera garatzeko. Txiki-ertainak nazioarteratzea izan da helburu bat, orain arte, edo ferietara joatea.
Misio komertzial txiki batzuk ere egin dira, nazioarteratzeko bidean. Baina praktikan hutsetik hasi nahi du Goierri Valleyk nazioartekotze prozesuan, eta elkarte gisa «estrategia garbi bat» markatuko du.
Batera lantzeko asmoa duten estrategia hori gero nola itzuliko den ere ez dute oraindik zehaztu. Emaitzak «enpresak sendotzea, horiei onura ekartzea, bide berriak irekitzea eta lanpostuak sortzea» izan behar duela aurreratu dute.
Datua
51 Enpresa. Goierri Valley elkartea laster 51 enpresak osatuko dute. Ekainean 33 fundatzailek eratu zuten Goierri Valley. Orain, beste 18 enpresa sartzea onartuta dago. Bazkide berri horietatik 13 enpresak dira, eta bost bazkide kolaboratzaileak izango dira. Izenak, datorren astean jakinaraziko dituzte.
6.100 lanpostu. Goierri Valleyn elkartu diren 51 enpresek 6.100 lanpostu dituzte, denen artean. Goierri beheko industria arloko enpleguaren %75 da hori. Goierrin, bestetik, lanpostu gehien duen sektorea industriarena da; enplegu guztiaren %55 suposatzen du eskualdean.