Zazpi emakume sortzaileren lanak biltzen ditu ‘Haria galtzen’ izeneko erakusketak. Igartubeitin dago ikusgai datorren urriaren 1era bitartean.
Tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldia irudikatzen du Ezkioko Igartubeiti baserri museoan ikusgai dagoen Haria galtzen erakusketak. Erakusketa honek zuntza adierazpen artistiko gisa aldarrikatzen du, ikuspuntu berrietatik, historiaren eta euskal ohituren arteko harreman estua ezagutzera emateko aukera ere eskainiz.
Kizkitza Ugarteburu Igartubeitiko koordinatzaileak esan duenez, «orain arte XVI. mendean nola bizi ziren erakutsi izan dugu, baina orain garai hura gaur egungo ikuspegitik lantzeari ekin diogu». Haria galtzen zazpi sortzaileren lanek osatutako erakusketa da: Maria Zubizarreta, Yolanda Sanchez, Kris Meraki, Karmen Esnaola, Lola Altolagirre, Arantza Diez Redondo eta Idoia Cuesta. Artista horiek, beraien artelanen bitartez, gaur egun gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute.
Artelanak baserriko bi solairutan erakusten dira, eta Igartubeitiko familiaren beharrizanak asetzen zituzten produktuekin (artoa), materialekin (maluta, zumea, lihoa, artilea), objektuekin eta baserritarrek burutzen zituzten lanekin uztartzen dira.
Kristina-Enean, aurrena
Batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakutsi nahi ditu, eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk bezain baliagarria dela azaldu ere bai. Ugarteburuk zehaztu bezala, «artistek garai bateko materialak eta teknikak erabiltzen dituzte, baina gaurko egunera egokituta».
2016an Donostiako Kristina- Enean egon zen ikusgai aurretik. Ugarteburuk aipatu duenez, 13 artisten lanak osatzen du berez erakusketa baina aukeraketa bat egin behar izan dute Igartubeitiko espaziora egokitu ahal izateko. Erakusketa urriaren 1era bitartean egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera 11:00etan, 12:30ean eta 17:00etan. Igandeetan goizez bakarrik. Erakusketa ehungintzarekin erlazionatutako piezen bilduma batekin eta ikus-entzuneko batekin osatzen da.
‘Ama’, ‘Alabak’ eta ‘Ni’
Maria Zubizarreta (Zaldibar, 1959) irazki-hari baxuarekin aritzen da lanean, ehungintzan ez ohikoak diren materialekin esperimentazioak eginez. Hiru lan ditu erakusgai Igartubeitin amatasunari gorazarre egiten diotenak. Amatasuna, alabak eta amaren figura irudikatu ditu bere artelanen bitartez.
‘Edukiontziak’
Yolanda Sanchezek (Barakaldo, 1969) zeta eta artilea lantzen ditu. Prozesu eta ekoizpen ekologikoetan interesaturik, Euskal Herriko ardi latxa eta karrantzako artilearen erabileraren berreskurapenean hainbat ekarpen egin ditu. Fimoz egindako kutxatxoak ditu erakusgai Igartubeitin. Edukiontzi horiek, artilea gizakion jantzi edo berogarri gisa izandako erabilera tradizionaletik aldentzea lortzen dute, zerbait bisualagoa eta ez hain funtzionala bihurtuz.
‘Pentsamendu-hariak’
Kris Meraki (Donostia, 1972) ehunezko zuntzaren bitartez espresatzen da. Artilearen erabileran espezializaturik dago. Obra hau buruan zeharreko ibilbide bat da, sentipenen eta pentsamenduen arteko bidaia irudikatzen du, burua ahalik eta argien izaten saiatzeko borroka gorpuztuz.
‘Etorkizuna’
Karmen Esnaola (Tolosa, 1954) goruarekin haria egiten hasi zen, poliki-poliki ehungintzaren prozesu guztia bereganatu zuen arte. Orain, tindagai-landareek ardi latxan sortzen dituen koloreekin esperimentatzen du. Etorkizuna artistaren beraren baserriko ardien artilearekin egindako obra da. Hormatik erortzen den kolorezko ur jauzian latxaren laztasuna eta benekotasuna antzeman daitezke.
Artalorea eta eguzkiloreak
Lola Altolagirre (Azpeitia, 1954) arto hostoekin egiten zen Euskal Herriko antzinako ehuntze teknika baten berreskuratzailea da. Izaera indibidualeko pieza hauek, arto hosto eta tekniken bidez lurra, emakumea eta, azken batean, artistarengana daraman bide luze baten irudikapena dira. Isiltasuna, lurra eta argiarekin modu berezian lotzen diren artelanak dira.
‘Zuntzak’
Arantza Diez Redondo (Donostia, 1963)haurra zenetik egon da ehungintzaren praktikan murgilduta eta urte askotan hainbat teknika ezberdin ikasteko aukera izan du. Artile birjina eta alpakaz egindako instalazio hau, artilea bera osatzen duten zuntzen irudikapena da. Zuntz hauek barne-hutsak eta luzeak dira. Instalazioa artileaz beraz mintzo da: egitura malgu eta barne-hutsaz, hain zuzen.
‘Matazak’
Idoia Cuestak (Donostia, 1969) saskigintza eta ehungintza fusionatuz egiten du lan. Teknika tradizionaletan oinarrituta diseinu berritzaileak sortzen ditu. Lan honek jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, bizitzan zehar gainditu beharreko matazak eta zailtasunak islatzen ditu. Guztietan aurkitu daiteke irtenbidea, iluna izan arren. Ez badugu munduarekin lotzen gaituen haria galtzen, nahastea askatzea eta matazatik ateratzea beti lortuko dugu.