Aitor Calvillo
Gipuzkoa barrenekoak omen gara gu, Euskadi sakonekoak. Lehorrekoak, alajaina! Baina itsas ondoan ez izanagatik ere beti sentitu izan dugu guk itsasoa gertu, hondartza. Autoa edota trena hartu eta 40 km bueltan kosta eta hondartzak aukeran. Kasu honetan distantzia hau ez da sekula urrutiko kontu bat izan. Baina beste kontu batzuei erreparo eginez gero, orduan bai sumatu ditudala nik behintzat distantzia luzeak. Esaterako, bolo-bolo dabilzkigu estropada-jokoak uda guztian zehar eta gorena bi aste hauetan, Kontxako bandera tarteko.
Ez dakit zuk nola bizi izan duzun kirol hau, baina barnealdekoa izanda, nik behintzat urrun sumatu dut beti. Kontxako estropadarekin izandako nire lehen esperientzia kontatuko dizut (emakumezko talderik ez zen orduan): juerga bazela eta iraileko bigarren igandean Donostiara gerturatu eta hara non eskatu ziguten Urgull mendira joateko txartela ordaindu behar genuela! Tira, ordaindu eta aurrera. Baina esertzeko tokirik ere ez dago eta! Aldapan, sasi artean lekua hartu eta hasi da erronka. Baina zein den nor eta zein doan aurrena ere ezin antzeman daiteke eta? Horretarako prest zaleak, irrati-aparailua belarri ondoan itsatsita. San Pedro aurrena, Oriok aurre hartu diola…
Zaila egin zitzaidan benetan ulertzea lehen esperientzia honetan, gugandik gertu bazela futbolaz aparte nolabaiteko giro berezi bat kirol mailan. Eta horrek asko poztu ninduen. Are gehiago estropadak amaitu eta kapitaleko parte zaharrean sartu ginenean. Kolore guztietako kamisetak soinean, kasu hartan horia nagusi, moreak…, baina baita gorriz jantzitako ugari ere. Eta nire galdera: «Baina finalean gorriz jantzitako arraunlari-talderik ez zegoen eta?». «Eta zer, gu zumaiarrak gara eta arrauna maite dugu, gure taldea estropadetako tourrean izan ala ez!». Eta horrekin geratu nintzen ni, ezagutzen ez nuen kirol batekiko maitasun propio horrekin.
Eta barnealdean ere zer? Igandean dugu Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa eta estropada eguna galdu behar! Baita Realaren partidua ere! Eta denak amorrarazi eginda! Ez dakit zuk nola bizi izan dituzun honelako kontuan zuenean, Asier, baina esango didazu, ezta?
Asier Iriondo
Legazpiarron taldea Zumaia izan dela esango nuke, gure jariakinak jasotzen dituen herria. Pentsatzen dugu horrek arrakastan nahiz porrotean izango duela eragina. Gainera, azken urteotako Legazpiko arraunlarien % 66 ere Zumaiako traineruan ibili dira, hirutik bi, Iñaki Lizarralde eta Aritz Segurola. % 33ko aldean, San Pedron ibili da Xabi Artola.
Jon Maia arraunlari ohiaren hitzek ere «irabazi ala galdu ez dakigu ze ingo deun», Telmo Deun zale bihurtzen gaituzte. Kantuek badute indar hori, zaletasunak sortu eta areagotzekoa. Beste adibide bat da beste arraunlari ohi honena: Sorkunena. Iñigo Legorbururen hitzetan Hibaikari egindako kantak «Bihotzak mila, ametsak hamaika!» dituztela gogorarazten digu.
Igandean, Zumaiaren faltan, Hibaikaren ametsen alde ni.