Itsasondon bada auzo bat mendialdean galduta, Urkia izenekoa. Baserriak bizibide gutxi ematen zuen garaian, jendea fabrika eta lantegietara jaisten hasi eta husten joan zen pixkanaka.?Baina auzotarrek oraindik eusten diote loturari. Ohitura zaharrak ez dituzte galdu, eta urtean bitan, erromeria giroko festa egiten dute Urkian. Auzotarrak eta bertan jaioagatik kanpoan bizi direnak elkartu eta kontu zaharrak esateko egunak izaten dira.
Auzoa bizirik mantentzeko lan horretan zeresan handia izan du Urkiako Auzo Elkarteak. Bazkide guztiek dute lotura estua auzoarekin, gehienak bertan jaioak dira, edo bestela bertan jaiotakoen senar-emazte edo seme-alabak. Hori da Jose Luis Aranburu, Juan Mari?Arza, Iñaki Etxaniz eta Mikel Aranbururen kasua. Elkarteko kide dira laurak, eta txikitatik ezagutzen dute Urkiako bizimodua, «erdiak behintzat hemen haziak» direla diote. Aranburuk ez ditu ahaztu txikitan han bizitakoak: «Gu Itsasondon bizi gara, baina umetan, ostiralero ikastolatik atera eta baserrira etortzen ginen, asteburua hemen pasa, jai eguerdian meza entzun eta elkartean zerbait ematen bazuten hura jan, eta igande iluntzean bueltatzen ginen behera. Hori asteburuero, eta udan behera jaitsi gabe egoten ginen».
Urte askoan Joxe Mari Arzak, Juan Mariren anaiak eraman zuen elkartearen martxa. «Joxe Marik jaiero zabaltzen zuen elkartea. Lehen hemen igandero ematen ziren bai meza eta baita hamaiketakoa ere». Hura hil zenean, 1997an, Itsasondoko Udalak deialdi publikoa egin zuen, elkartearen ardura norbaitek har zezan. Inguruko herrietako batzuk animatu ziren, baina ez zuten askorik iraun. Hori ikusita, elkartearen martxa bertakoen artean hartzea erabaki zutela kontatu du Aranburuk. «Guk geuk hartu genuen festak antolatzeko ardura». Hori 2003. urtean izan zen, eta «harrezkero urtean bi festa» antolatzen jarraitu dute.
Urtean bi festa
Gurutze Deunaren ermita eta elkartea, garai batean apaizetxea zena, dira auzoaren muina. Atarian plaza eta etxe apur batzuk daude, eta inguruan, sakabanatutako dozena bat baserri. Maiatzean Santikutz egunean, eta irailean Gurutze deunaren jaietan, dozenaka lagun hartzeko prestatzen dute elkartea. Atzo zuten zaindariaren eguna, baina bihartik igandera izango dute festa girorik handiena.
Auzo txikia bada ere, erromeria leku oparoa da Urkia. Ez dakite noiz hasi ziren erromeria egiten, baina «betidanik» ezagutu dutela diotela dio Jose Luis Aranburuk. «Nik 49 urte ditut eta beti ezagutu dut. Gure gurasoek ere horrela ezagutu zuten, eta 80 urte baina gehiago izango ditu gutxienez». Trikitilari ezagunak etorri izan dira beti, Antonio Aranaga Auntxa Urrestilako trikilari ezaguna ere etortzen omen zen garai batean. Baina Urkiako auzotarrentzat trikitilari kuttunik bada, Tomas Zubizarreta Zendoia da hori. «Nik zentzu pixka bat izan nuen arte, munduan ez zen beste trikitilaririk Zendoia baino. Bizi guztian Zendoia ezagutu dut soinuarekin. Guretzako etxea bezalakoa zen». Aranburuk ondo gogoan du nola 1990. urtean omenaldia egin zioten, 25 urtez hutsik egin gabe, urtean bitan joaten zelako Urkiako jaietan jotzera.
Geroztik Laja eta Landakanda joan izan dira urte askoan, baina Landakandak utzi zuenetik, Laja beste panderojole batek lagunduta etorri izan da. Azken urteetan, haren sema,?Laja II.a ere joaten da.
Trikitixa eta herri kirolak
Mahaiaren bueltako juntadizioez gain, trikitia eta herri kirolak izaten dira Urkiako festetako ekitaldi nagusiak. Bai trikitilariak eta bai kirolariak «gustura» etortzen direla diote antolatzaileek.
Trikitilariek bezala, herri kirolari batzuk ere Urkiarekin lotura estua dutela dio Aranburuk. «Urte askoan Olasagasti eta Arrospide urtero etorri izan dira. Eta oraindik ere Arrospide ondo bidean etortzekoa da». Denak horren gustura etortzeko arrazoia, auzo festetako giro ona dela uste du Arzak. «Herri kirolarien eta trikitilarien artean eta izaten da lotura. Musikariei eta herri kirolariei denei afaltzen ematen zaie gero, eta normalean denak gelditzen dira».
Elkarteko kideek ez dute lan faltarik izaten horrelakoetan, baina «gustura» egiten dutela dio Arzak. «Behartutako lana izango balitz, hau dena galduta legoke. Urtean zehar beti dago zerbait egiteko, baina elkarri deitu eta kuadrillatxoa juntatzen gara. Gure artean oso giro ona dugu eta horrela lan egitea ez da zaila».
Egitaraua
LARUNBATA
- 20:00. Suziri jaurtiketa.
- 21:00. Lagun arteko afaria.
- 23:00. Erromeria Laja eta Larrañaga trikitilariekin.
IGANDEA
- 10:00. Meza nagusia.
- 11:00. Hamaiketakoa Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin.
- 14:30. Bazkaria.
- 18:30. Herri kirolak:Arrospide, Ugarteburu, Larrañaga, ‘Txikia’ eta Goenatxo III.
- 18:30. Erromeria Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin