Joxepa Madariaga
Zer garrantzitsua den hizkuntza, zer garrantzitsuak diren hizkuntzak! Pertsona bakoitzaren ama-hizkuntza, bizi den herrikoa (etxekoekin, lagunekin eta herritarrekin komunikatzeko), eta inguruko herrietako hizkuntzak (auzo herriekin, Europarekin eta munduarekin komunikatzeko). Ez diat ezer berririk esan, lehen ere bagenekian hori, baina Kataluniak (berriz Katalunia!!!) eman dizkigun irakaspen guztien artean, garrantzitsuenetakoa, hizkuntzaren tratamenduarena dela iruditzen zaidak: katalanez hitz egin ditek herritarrek, katalanez politikoek, katalanez beren artean, katalanez Euskal Herriari, katalanez eta espainieraz Espainiari, katalanez, frantsesez eta ingelesez Europari eta munduari, Bruselatik. Europara jo duenean mundua informatzera eta Europari laguntza eskatzera, beren lehendakariak, Puigdemontek, katalanez, frantsesez eta ingelesez hitz egin dik.
Esna amets egin behar diat eta Euskal Herria Kataluniaren lekuan jarri, hau da, Euskal Herria errepublika izendatu berri dugula pentsatu. Espainiako estatua zaunka eta egurra ematen ari zaiguk, atxiloketak, kargugabetzeak… Nola hitz egingo genikek herritarrok, nola gure politikoek, nola lehendakariak, herriaren aurrean, Espainiari, Europari? Euskaraz ez behintzat ! Ez frantsesez eta ezta ingelesez ere. Gazteleraz dena eta denak, konkistatuta gauzkanaren hizkuntzan. Halaxe aritu zaiguk, berriki, Quebecetik Urkulu jauna… Ez zakik frantsesez? Ez zakik ingelesez? Ezin zian berak euskaraz hitz egin eta itzultzailea eraman? Hau lotsa.
Inaxio Usarralde
Hizkuntza-zientzia-fikzioa egiten hasi behar al dinagu Euskal Errepublika nola amesten dugun? Arras ezberdina dun, ordea, nola nahi genukeen ikusi eta, benetan, zer izango litzatekeen irudikatzea.
Lehen kolpean desio hauxe zetorkidan: Maddalen Arzallusek berriki erakutsi digun moduan euskaraz egiteko gai garenok ez ote gaitun ibiliko, gaur bezala, geure buruaz beste egiten behin eta berriz! Zenbat aldiz egiten diogu uko euskaraz egiteari gure herrian bertan urrutira joan gabe? Tabernetako ageriko ohar eta jan aukerak edota dendetako salgaien izenak ez daude euskaraz askotan eta askotan. Zenbat lagunartetan Realaz nahiz ehizaz hitz egin behar denean edo herritar bati buruzko txutxu-mutxu bat kontatu behar denean espainolez hitz egiten diten? Ez gaitun etxe bakoitzean sartuko munduko berri jasotzen zein egunkari, irrati eta telebista erabiltzen ditugun ikusteko… Azken batean, euskaldunok gaitun geure buruaz beste egiten ari garenak etengabe, hizkuntzari dagokion ezinbesteko eragozpena aurkitu aurretik.
Jakina, are okerragoa dun geure buruaz beste egite hori eredu izan behar luketen agintariak edo politikariak egiten dutenean… Zer eredu izan behar diten atzetik datozenek? Zer ikasi behar diten? Eta ez dun inor libratzen, kolore guztietakoak zeuden adibideak eta.
Hori bai, aurki hasiko ditun denak, honezkero hasita ez badaude, Euskararen eguna datorrela eta, txantxangorria lau haizetara zabaltzen. Zer dela eta, horrenbeste zalaparta egun bakarrerako, gero ez badugu ahaleginik egin behar euskaraz bizitzeko? Nola deitzen zaion horri?