Aitor Calvillo
Euskara hizpide oraingoan, Axier! Tira, euskara edota bertoko hizkuntzak askotan uzten dizkidan egoera gazi-gozoez gogoeta. Hauxe orain gutxi Ordiziako taberna batean niri gertatutako pasadizoa: laburrean, euskaltegiko lanak amaitu, afaldu aurretik garagardo pare bat hartzera joan etxe azpiko tabernara eta bertan ohiko lagunak, auzoko lagunak. Bertan jaiotakoak batzuk, txikitan gurasoekin bertaratutakoak beste batzuk… Finean, beste asko bezala erdal hiztunak oraindik. Eta hara, tabernan bertan Bartzelonaren futbol partida ikusi asmoz, Senegaldik orain gutxi etorritako Mulay, euskaltegiko egungo nire ikaslea. «Kaixo Mulay! Zer, partida ikustera?». «Bai, irakasle, partida ikustera», «Barçazalea?», «Bai», Mulay-k. «Bagera bi orduan», nire erantzuna. Eta horrela jarraitu genuen euskaltegian erakutsi bezala, klasean ikasitakoak ezer gutxi balio duela gero kalean erabili ezean. Baina bitartean nire eguneroko ohiko lagunak ondoan, partida ikusiz, tragoa hartuz eta gaztelaniaz hizketan. Nik ere kasu egin behar hauei ere eta hor pasa nintzen, ikaslearen aurrean, gaztelaniaz hitz egitera.
Egoera horretan ez nintzen batere eroso sentitu. Nire artean: «Baina zer pentsatuko du Mulayk, irakaslea bera bertako jendearekin euskara ez den beste hizkuntza batean hitz egiten ari da eta! Eredutzat edukiko nau eta eskolan azaldutako eskema guztiak apurtzen ari natzaizkio eta!». Lotsaren lotsaz zera erabaki nuen, Mulayren ondoan jarraitu euskaraz eta behingoagatik eguneroko ohiko lagunei hitzik ez egitea. Egoerak kezka sortu zidan, ordea!
Egunak pasa eta egin nuen berriro ere ohiko lagun horietako batekin topo eta zera esan zidan: «Joder, como hablaba el euskera el negro del otro dia». Eta nire artean: «Berak bai, baina zuk oraindik ez». Eredu izan behar dugula, baina niri ere askotan eguneroko errealitate gordinak eskemak apurtzen dizkit. Zuri ez, Axier?
Asier Iriondo
Esango nuke, gure egoeraren egoeretan ezerosotasunak eta konplexuak guztiok bizi izaten ditugula, batzuk agerikoagoak eta besteak Mulay bezain ilunak. Poliki-poliki eragin, eta horietaz jabetzen ari garela ere iruditzen zait, eta, agian, egunen batean, gure lotsak eta auzo-lotsak gaindituko ditugula. Bide batez esanda, Mulayk behin esan zidan auzo-lotsa kontzeptua ez zuela ulertzen. Norberarena dela lotsa hori eta ez auzoarena. Auzoagatiko lotsa edo azalpen sasifilologiko bat ematen saiatu nintzen, baina, ez konbentzitzen hasita, ez nuen nire burua ere konbentzitu.
Nolanahi ere, behin konplexu-lotsa horietako bat gainditzen ikusi nuen nire aurrean. Mulay bertan zen, gainera. Zuekin euskaltegian ibili aurretik gure izeba Gregori zaindu zuen. Ordurako gaztelania zertxobait ulertzen zuen baina euskararik ez. Izeba Gregorik gaztelaniaz egiten zion, gaztelania zekiela ahaztu zitzaion arte. Euskaraz hasi zitzaion eta alabaren lotsak agertu ziren orduan. «Ama, Mulayk ez daki euskaraz». Gregorik erabat harrituta, «Erdalduna da?», galdetu zion. Pertsona beltz-beltza zeukan aurrean, baina «Erdalduna da?» harritu zen berriz, dagoeneko harrituta zegoela ahaztuta, segur aski.