Nagore Belastegi
Gizonezkoek emakumeak «gogaitzeko eskubidea» dutela esan dute. Catherine Deneuve aktoreak eta industriako beste hamarnaka emakume europarrek azken aldian agerian gelditu diren eraso sexisten kontrako Hollywoodeko protestaren aurrean. Agian ni naiz arraroa (modu ironikoa piztuta), baina niretzat pertsona baten eskubidea beste baten askatasunekin gatazkan hasten denean amaitzen da. Hau da, pertsona bat gogaitzen den unean ez dago balio duen eskubiderik, gogaitze berak askatasunei uko egiten dielako. Gizonen jokaera hori «adeitasuna» dela diote, «hitz politez» aparte ukipenak eta bortxaketak ikustezinak izango balira bezala, salatu duten emakumeak exajeratu batzuk omen dira eta. Emakumea beti dago ederrago ixilik. Baina 2017. urteko amaieran #MeToo traolak indarra hartu du, eta 2018 honetan are indartsuagoa izango dela dirudi. Feminismoari esker bozkatu dezakegu, prakak jantzi ditzazkegu, ikasi dezakegu, gure lanaren truke soldata bat jaso dezakegu, gure osasun sexuala kudeatu dezakegu, ama izan nahi dugun edo ez erabaki dezakegu… eta feminismoak egingo gaitu guztiz aske, noizbait, askok jada berdintasuna badugula etengabe errepikatzen badigute ere, baina ze kasualitate horiek ez dutela sekula beldurrik sentitu etxera gauez eta bakarrik itzultzean. #MeToo, ni ere bai, egunero jasaten ditugun jazarpenen aurrean beltzez jantzi nahi dut, munduan Harvey Weinstein gehiegi daudelako.
Iraia Oiartzabal
Ez dugu isildu nahi. Horixe da emakume askok eta askok hartutako erabaki ausart eta zoragarria. Inoren jazarpena jasan behar izateaz gogaituta hainbeste denboraz isilpean mantendutakoari ahotsa jarri diote, iraultza txiki bat iruditzen zaidana martxan jarriz. Iraultza txiki bat bai, salaketa baten atzetik beste bat etorri delako, enpatia eta elkartasuna piztu dituztelako, #MeToo, #NiEreBai hori mundu osoan zabalduz. Izan ere, galdera botatzen hasita, zenbat emakumek altxako genuke eskua gure inguruan inoiz jazartuta sentitu ote garen galdetuta? Zenbat begirada lizun sentitu ditugu gure gorputzen gainean? Zenbat komentario matxista entzun ditugu txiste edo «piropo» baten mozorro faltsuaren azpian? Zenbatetan sentitu gara gutxietsita edo gizonaren menpeko? Ihes egin behar izan al diogu inoiz guk nahi ez genuen ukituari? Beldur izan al gara? Egoera horiek guztiak normalizatuta egon dira «ez da hainbesterako» argudiopean. Sexu arteko diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren kontra garatuz joan den kontzientziak normalizazio hori apurtzea erabaki duen arte. Eta bazen garaia. Exajeratua? Arestian bota ditudan egoera horietan bere burua kokatzen dugun emakumeak zenbat garen zenbatzen hasiko bagina argudio hori bere kasa eroriko litzateke. Edo akaso inori iruditzen zaio jasan beharreko bidesariak direla? Baiezko bakar bat dagoen bitartean segi dezagun ahotsa altxatzen, kontzientzietan arrakala txikiak eragiten.