Musikara gerturatu eta ondo pasatzeaz gain, beste emakume batzuekin batera talde lanean aritzeko, sormena lantzeko eta autoestimua igotzeko helburua du Batukada Feminista proiektuak. «Danok garelako musika egiteko gai eta baita gauza berriak sortzeko ere. Irudimena landu eta besteei entzuten ikasteko. Emaku-meok kalera irten eta espazioak okupatu bitartean jendeari gozarazteko», diote egitasmoaren sortzaile eta irakasle diren Arantxa Vicedo Rubiok (musikaria eta konposatzailea) eta Ainara Sarasketa Alberdik (perkusio jotzailea).
Emakumezkoen danbor hotsek duten esanahia hainbat musika tresnen hotsa baino askoz ere gehiago da. Zeharkako helburu anitzak ditu Batukada Feministak: «Gozatzea, emakumeen artean harremana izatea, talde lanean eta elkarrekin ikastea, irudimena lantzea, sortzea, gidaritza hartzea, musikaz disfrutatu eta gozaraztea; emakume feministak ikusgai jartzea, eta haiei entzutea».
Beasainen 2016tik
Beasainen hirugarren ikasturtea hasi berria dute, eta hamabostean behin, Goierri osoko 20-60 urte bitarteko 15 bat emakumezko elkartuko dira ekainera bitartean Igartzako Burdinolan. Emakumezkoa izatea da taldean parte hartzeko baldintza bakarra. «Goierriko emakumeon espazioa da. Gazteak, helduak, ama-alabak… denetik daude, 60 urtekoak ere bai… Musika arloko jakintzarik ez da behar: «Gogoa behar da, edozeinek jo dezake. Beraien espazioa izatea lortzen dute. Arazoak baztertu eta erritmoan kontzentratu behar dute».?Sarasketak gogoratu duenez, «orokorrean bizitzan hainbeste exijitzen zaigunez, ohituta gaude emakumeok gure buruari ere exijitzen. Gehienak etortzen dira belarririk ez dutela edo erritmorik ez dutela esanez. Polita da ikustea hasieratik konturatzen direla aurreiritzi horiek gezurrak direla. Erlaxatzea landu behar da. Hau talde lana da. Lehenengo egunean ikusten dute erritmo bat jotzen badakitela. Gozatu egiten dute».
Batukadako saio bakoitza hiru ataletan banatzen dute, emozioekin, jabekuntzarekin eta feminismoarekin lotutako ekintzek ere leku garrantzitsua betetzen baitute. Sarasketaren esanetan, «bi orduko saioak izaten dira. Lehenengo emo-zioak lantzen ditugu; nola gauden… Bigarren zatian, berriz, dinamikaren edo jolasen bat egiten dugu. Ondoren, beroketak egin eta erritmo desberdinak lantzen hasten gara musika tresnekin».
Erritmoa
Hainbat erritmo lantzen dituzte: besteak beste, afrikarra, marakatua, reggaetona, samba reageea, samba rioa, zirikatzen eta funky mario ile aye. Gainerako herrietako Batukada Feministekin sarea osatzen dute eta talde guztiek erritmo berberak ikasten eta lantzen dituzte. Izan ere, «irteera guztien berri sarera bidaltzen da eta nahi dutenak joaten dira irteeretara, zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobea baita. Azkena Beasainen jo genuenean, beste herri batzuetako jendea etorri zen. Elkarrekin elkartu eta momentu on bat pasatzen dugu». Zaldibiako festetan ere jo zuten urrian. Martxoaren 4ko Donostiako Lilatoian ere bertan izango dira. Urtean behin, gainera, topaketa bat egiten dute.
Izen-ematea
2018ko ikasturteko lehenengo sei hilekoko matrikula zabalik dago. Beasaingo Udaleko Berdintasun Sailean eman behar da izena, 943 08 76 63 telefono zenbakra deituta edo berdintasun@beasain.eus posta elektronikora mezua idatzita. Otsailaren 15ean, martxoaren 1ean eta 15ean, apirilaren 12an eta 26an, maiatzaren 10ean eta 24an eta ekainaren 7an izango dira bina orduko saioak, Igartzako Burdinolan, 17:30etik 19:30era. 18 euro ordaindu behar da matrikula.
Taldean parte hartzen dutenentzat askotan hamabost eguneko tartea luze egiten zaiela diote, «ahaztu» ere egiten zaiela ikasitakoa. Baina Batukada Feminista gero eta leku gehiagotara iristen ari denez, ezin dute maiztasun handia-goarekin etorri: «Gure blogean, gainera, orain bideoak ere jarri ditugu erritmo desberdinekin, etxean praktikatu dezaten». Beasaingo kasuan musika tresnak beraiek ekartzen dituzte, nahiz eta herri batzuetan hasi diren instrumentuak erosten. Honela, «aste batean gurekin egiten dute eta beste aste batean beraiek bakarrik».