Ordiziaren 750. urteurrenaren harira antolatutako Osasun Zikloaren barruan, bi hitzaldi eman ditu Maite Martinez (Ordizia, 1971) neurologoak. Bata, iktusa zer den azaltzeko, eta bestea, gaur-gaurkoz dauden tratamenden inguruan hitz egiteko. Bi hitzorduetara herritar asko eta asko joan ziren, gaiaren garrantziak erakarrita. Martinezek Donostiako Ospitalean egiten du lan, iktus unitatean, eta egunero ikusten ditu iktus kasuak.
Zer da iktusa?
Garai batean, tronbosia, enbolia, infartoa edota hemorragia bezala ezagutzen genituen. Hitz horiek guztiak biltzen dituen hitz bakar bat da iktusa. Gaur egun erabiltzen den hitz bat da. Jatorri baskularra duen burmuineko edozein gaixotasuni buruz hitz egiteko erabiltzen dugun hitza da.
Jatorri baskularra esaten dudanean, burmuina irrigatzen duen arteria baten hausturaren edo itxituraren ondorio den edozer gauzari izena emateko hitza da Iktusa. Etimologikoki bat-batekoa esan nahi du. Izan ere, sintomak hasten direnean, bat-batekoak dira.
Zeintzuk dira sintomak?
Burmuinak, bere funtzionamendu egokirako, odol jario konstantea behar du. Oso exigentea da zentzu horretan. Odola ez iristearen ondorioz normala den funtzio bat bat-batean galdu egiten duela sentitzen du iktusa duenak: normal hitz egiten du eta bat-batean ezin du hitz egin; normal ibiltzen da eta bat-batean eskuinaldeko indarra galdu egiten du; normal dago eta bat-batean ez du azala sentitzen edo ez du ikusten. Bat-batekotasunak desberdintzen du hasiera. Normala den funtzio baten galera da iktusa.
Horrelako sintomen aurrean, jendeak ba al daki zer gertatzen ari den identifikatzen?
Hori da zailena. Identifikatzea kosta egiten zaio oraindik askori. Bihotzeko baten aurrean adibidez, mundu guztiak daki bularreko mina jartzen dela. Ikusmena galduz gero, katarata bat izan daiteke.
Iktusaren gauzarik larriena, hain zuzen ere, identifikatzen beti erraza ez dela izaten da. Beste modu batean esanda, indar galera guztiak ez dira iktus, ikusmen galera guztiak ez dira iktus. Neurria hartu behar zaio. Inzidentzia handia duen gaixotasuna da eta alarma ez sortzeko kontu pixka batekin ibiltzea ere komeni da.
Neurria hartu esaten duzu-nean, zer esan nahi duzu?
Urtero-urtero 1.700 iktus kasu berri ikusten ditugu Gipuzkoan. Serio hartu beharreko gaia da baina jendea ez dugu alarmatu behar. Informazio zehatza ematea da garrantzizkoena, herritarren eskura ahalik eta informazio gehien jarrita, iktus kasu baten aurrean eman beharreko pausuak lehenbailehen emateko.
Dena den, komunikabideetan agertzen garenean gai honen inguruan hitz egiten, hurrengo egunean iktus kasu posibleek gora egiten dute. Jendea beldurtu egiten da eta antzekotasuna izan dezaketen sintomen aurrean iktusa dela uste dute. Nahiko kuriosoa da.
«Urtero 1.700 iktus kasu berri ditugu Gipuzkoan. Serio hartu beharreko gaia da»
«Medikamentuekin guztia konpontzen duen jendea dago, eta horrek bakarrik ez du balio»
Iktusa saihestu daitekeen zerbait da?
Erabat ez, noski. Iktusaren gai honetan hitz bakar batean gaixotasun pila bat biltzen da eta hainbat arrisku faktore daude. Iktusa edonork izan dezake, baina aukera gehiago dauka hainbat jendek, eta aukera horiek areagotzen dituzten gauzak badaude: tentsio altua dutenek, diabetikoek, erretzaile direnek, sedentario direnek, drogak hartzen dituztenek… horiek arrisku gehiago dute iktusa izateko.
Horiek ekiditearekin nahikoa al da?
Prebentzioa horiek saihestean datza, baina horrek ez du esan nahi gerta ezin daitekeenik. Arriskuan jartzen gaituzten faktore horiek ekiditea da onena eta hori da, hain zuzen ere, gizarteari komunikatu behar dioguna, horrelako zerbait ez gertatzeko boleto gutxiago izateko bidea baita.
Bizimoduarekin zer ikusia duten faktore horien aurrean egin behar da indarra. Erretzea adibidez, nabarmenki txarra da zentzu horretan. Erretzeari utzita, arriskuak ere nabarmen egiten du behera. Zahartzaro osasuntsua da gomendatzen duguna.
Dena den, badaude adina eta genetika bezalako fakto-reak. Horiek ere arrisku fakto-reak dira, baina horien aurrean gauza gutxi egin dezakegu.
Zahartzaro osasuntsua aipatu duzu. Zer esan nahi duzu?
Gaixotasunak ekiditetik harago doan terminoa da. Badirudi gaixo daudenak baino ez dutela beren gorputza eta burua zaindu behar, eta hori ez da horrela. Bizimodu osasuntsu batek, zahartzaro osasuntsu batera eramango gaitu, gehienetan. Ondo egon eta sentitzeko klabea da hori.
Gomendioen aurrean jendeak nola erantzuten du?
Pazienteei oraindik entzuten zaie esaten «hau edo hura debekatu dit medikuak». Nik, mediku bezala, ez dut ezer debekatzen, gomendatu egiten dut. Norberaren eskuetan dago bizitza osasungarriago bat eramatea.
Beste adibide baten bidez erraz ulertu daitekeen zerbait da. Jo dezagun kotxe tailer batera joaten garela. Gurpilak aldatzeko gomendioa egiten digu mekanikoak, baina norbere eskuetan dago gurpilak aldatzea ala ez. Osasun arloan ere berdin gertatzen da. Jendeak hori oraindik ez du guztiz ulertzen eta botikak erraz hartzen ditugu. Adinean aurrera doan gizartearen sektore horretan batez ere.
Ikasketa askok diote jendeak halako bizimodu ideal bat egingo balu, arriskuak behera egingo lukeela, baina asko eta asko oraindik ez dira horretaz konturatzen. Norberaren eskuetan daude gauzak hobeto egitea.
Medikamentu gehiegi hartzen al dugu?
Medikamentuekin guztia konpontzen dela uste duen jendea dago eta horrek bakarrik ez du balio, emandako gomendioak serio hartu beharko lituzkete. Medikamentuak hartu bai, baina hori bizitza osasungarriago batekin konbinatzea da onena. Ondoren zaintzen ez bagara, ez gara gauzak ondo egiten ari. Hori da gizarteak barneratu behar duena.
Zer egin behar da iktus kasu baten aurrean?
Bizkor erreazkionatzea behar-beharrezkoa da, eta 112 telefofono zenbakira deitzea da onena. Ospitalera joatea baino gertatutako tokian gelditu eta larrialdietara deitzea da egiten dugun gomendioa. Telefonoz gertatutakoa kontatu eta larrialdikoek bideratuko dute kasu bakoitza.
Zer gertatu daiteke azkartasunez jokatzen ez badugu?
Infartoan batez ere, arteria bat itxi eta ondoren gertatzen dena da kontuan hartu beharrekoa. Itxituraren ondorioz, odola ez da iristen gorputz atal guztietara eta ehun hori hil egiten da. Hainbat tratamendu daude tronbosi horiek saihesteko, edota berreraikitzeko, baina ahalik eta azkarren jokatuz gero, lesioak txikiagoak izan daitezke eta horrela bada, irtenbide hobea du kasuak. Bestela, posible da bueltarik ez izatea. Iktusa izan daitekeen seinalea ematen dizkigun sin-
tomen aurrean beraz, lehenbailehen larrialdi zerbitzuetara deitzea da gomendioa.
Tratamenduei dagokienez, zer aurreratu dezakezu?
Azkeneko urteetan aurrerapauso handiak eman dira eta Gipuzkoako ospitaleak oso ongi prestatuta daude iktus kasuak tratatzeko.
Koordinazio talde bat dago eta kasu bakoitza aztertzen da lehenik, horrela bakoitzarentzat egokiena den tratamendua egiteko.
Dena den, zabaldu nahi dugun mezua prebentzioa da. Hartu dezagun serio gai hau, parte handi bat norberaren eskuetan dago eta.