Urrtarrilaren 14an Reala-Bartzelona futbol partidan Maialen Lujanbiok ohorezko sakea atera zuen, Realak Maialen bertsolari txapeldunari eskaini nahi izan omen zion omenaldian. Asko antzeman ditut gustura nire inguruan, hunkituta, Realaren detaileak on baizik egin ez ziolakoan euskarari eta euskal kulturari. Nik beste zerbait ere antzeman nuen, ordea: «¿Quién es esa?», galdezka, harriduraz, bere burua euskalduna denik zalantzan jartzea inori onartuko ez lioketen milaka eta milaka realzaleren adibidetzat dudana.
Otsailaren 17an Idiazabal-Elgoibar partidan euskaraz hitz egitea debekatu omen zien epaileak jokalariei. Bazirudien hautsak harrotuko zituela epailearen jarrera horrek… Ja!! Inor gogoratzen al da dagoeneko kontu hartaz? Aurrera samar joango balitz auzia, ez al litzateke agerian geratuko, partida horretan ez bezala agian, baina partida askotan espainiera dela jokalarien berezko hizkuntza futbol zelaietan? Eta zer esanik ez, txapelketa horien kudeaketa guztian euskarak duen lekuaz.
Iñigo Martinezek Realari agur esateko argitaratu zuen mezua Ondarroako euskalkian ego-teak ere (erdarazko mezua, espainiera estandarrean zegoen, nola ez!!) piztu zuen saltsa pixka bat, betiere, futbolaren inguruan gertatzeari esker. Baina horren eragina ere ez zen urrutira heldu, futbolzale gehienei bost axola zaielako euskalkian ala batuan ari zen: gehienek ez baitute ulertzen ez bata eta ez bestea. Hori bai: ez dut inon aurkitu futbolariaren gerozko adierazpenik, espainieraz alfabetatua izanik, euskaraz analfabetoa izateaz harro dagoela (edo ez dagoela) esanez.
Hiru adibide baizik ez dira. Eta hiru horiek salbuespena baizik ez dute adierazten futbola vs euskara harremanean. Ez-ohikoak diren heinean, futbol profesionalaren kudeatzaileek Bertsolari Txapelketaren aitzakian euskararen munduari eskainitako minutuak, maila apaleko futbolean euskaraz egitea galaraztea salatu izana eta goi mailako futbolari batek euskaraz idaztea.
Alegia, norbaitek uste al du, benetan, Realari axola diola euskararen presentziak bere eguneroko jardunean? Alegia, inork espero al du, epaile batek futbolariei euskaraz egitea benetan debekatuko balie, futbolariek planto egingo luketela? Alegia, inor kexatu al da orain artean, euskaraz alfabetatu gabeek nahieran idazten dutelako? Martinez, futbolaria izateak, gurean ere futbolak duen eragina baizik ez dut antzeman nik hor.
Beraz, ez ditzagun gauzak nahastu. Ez behintzat euskara-futbola binomio antzua sortuz: futbola zerbait ez bada, tokian tokiko harrotasuna bizitzeko behintzat, ez da-eta. Ez da (inoiz ez baitu horretarako intentziorik ere agertu), bere baitan eragin zezakeen milaka eta milaka zaleengan euskararekiko keinu txikienik ere egiteko gaitasunik duen mundua, futbol profesionalarena.
Zorionez, Maialenek ez dauka mundu guztiaren aurrean (hamarreko txikia bertan da-goela-eta) baloi bati ostikada bat eman beharrik, bere balio pertsonala hauspotzeko: hamar eta handia baita Maialen euskal kulturan. Hori bai, Maialen bera, gainontzeko bertsolariak, euskara, euskal kultura… zeharo arrotzak zaizkien euskal klubetako negoziozaleei, euren burua zuritzeko gola sartu izana ez diet aitortuko nik behintzat.
Horien eta milaka futbolzaleren euskararekiko ezjakinkeria agerian utziz, euskaltasuna klubetako bufanden ikurrinetatik haraxeago dagoela ikusarazteko balioko ziela gutxi batzuei, Maialenen Anoetako presentziak? Hori hala balitz, eskerrak futbolari!!