Beasain BHI ikastetxeak 50 urte bete ditu eta ekainaren 16ra bitartean, bere historiaren protagonista izan direnekin ospatuko dute. Josu Agirre zuzendari ohiak eta Josune Lopetegi zuzendariak egin dute ibilbidearen laburpena.
Duela 50 urte abiatu zuen ibilbidea Beasain BHI Institutuak, 356 ikaslerekin. Garai berrietara egokitzen jakin du eta urrezko ezteiak osasuntsu ospatuko ditu: mila ikasle inguru ditu gaur egun eta Batxilergo guztien eskaintza du. Azkeneko bi zuzendariak egin dute mende erdiko ibilbidearen laburpena, Josu Agirrek (30 urte egin ditu zuzendari, tartekatuta, 1984tik 1989ra eta 1991tik 2016ra) eta Josune Lopetegik (2016tik).
1960ko hamarkadaren erdialdean eskualdean izandako garapen demografiko handiaren ondorioz sortu zen Txindoki Institututa. Lehenengo urteak «zailak» izan zirela gogoratu dute. Batetik, lehen ikasturtean Oinarrizko Batxilergoa soilik eskaini zuten eta 3. eta 4. mailari ekiteko zailtasunak izan zituzten irakasleriaren kontratazioarekin. Bestetik, «1969-70 ikasturtearen hasieran, institutuak ezin izan zituen ikasle guztiak onartu, eskaera handitu baitzen eta sarrera azterketa egin behar izan zen». 1972an bigarren eraikina egiten hastea erabaki zuten.
D eredua
50 urteotako historian mugarri izan diren hainbat data daude. Lehenengoa, D eredua jarri zenekoa da, 1983-84 ikasturtean: «1979an dekretu bat atera zen, ikastetxe guztiak euskara ikasgaia ematera behartzen zituena. Guk D eredua, 1983-84 ikasturtean jarri genuen 12 laguneko talde batekin». Agirrek gogoratu duenez, «denek ez zuten oso garbi ikusten horrela izan behar zenik. D eredua sartzeak suposatzen zuen zenbat irakasle plaza kili-kolo gelditzen zirela. Apustu hura egin zen. Ordurako, Eusko Jaurlaritza eredu hori bultzatzen ari zen eta 12 laguneko talde batekin hasi ginen. Bilakaera oso-oso bizkorra izan zen». 1998-99 ikasturtean, Txindoki-Alkartasuna sortu zenean, talde guztiak D eredukoak ziren: «14 urteko prozesu batean, dena gaztelaniaz ematetik, dena D ereduan ematera pasatu ginen».
Bestalde, 1993-1994 ikasturtean aldaketa nabarmenak ezagutu zituen hezkuntzak orokorrean LOGSE-a zela eta: Bigarren Hezkuntza osoa berrantolatu zen DBH eta Batxilergoak sortuz. Honela, DBH eskaintzeko Loinazpe BHI sortu zen. «Arazo handia sortu zitzaigun. Institutuan ordura arte ematen ziren ikasketei bi urte gehitzea eskatzen zuen horrek. Orduan, Loinazpe sortu zen. Loinazpe sortzearekin, Batxilergorako bakarrik gelditu zen Txindoki».
Ordurako, Alkartasuna Lizeoaren publifikazio prozesua martxan zegoen, «eta hitz eginda geunden, Beasainen Batxilergo eskaintza bakarra egiteko, eta Txindoki eta Alkartasuna Lizeoa elkartzeko». 1997-98 ikasturtean Txindoki Institutuak eta Alkartasuna Lizeoak bat egin zuten, Txindoki-Alkartasuna BHI sortuz. 2010eko maiatzean, berriz, Beasaingo hiru Institutuek bat egiteko dekretua argitaratu zen eta uztailaren 1etik aurrera, Beasain BHI sortu zen, Bigarren Hezkuntza osoaren fusioa eginez.
Espazio falta
Urte hauetan guztietan, Batxilergo titulua edo baliokidea 5.261 lagunek atera dute Beasain BHItik. Gero eta ikasle gehiago ditu Beasain BHIk eta Lopetegiren esanetan, espazio arazoa izango dute: «Momentu honetan Loinazpen DBH 1, 2 eta 3 mailak eskaintzen ditugu, eta Txindokin DBH 4, eta bi Batxilergoak. Baina datorren ikasturtetik aurrera, Loinazpen DBH 1 eta 2 geratuko dira eta Txindokin, DBH 3, 4 eta bi Batxilergoak. Lau-bat urtera 1.200-1.250 ikasle izango ditugu».
Aurtengo ikasturtean eraikin berri bat gehiago izan badute ere, ez da nahikoa izango ikasle kopuru handiari erantzuteko: «Joera da gero eta estuago joatea. DBHko ikasturte bakoitzean 9 talde daude, eta orain arte 6-7 talderekin egon gara». Agirrek gogoratu duenez, «modu nahiko urgentean egin da eraikin berria. Krisi izugarria egon da, ez da ezer eraiki, baina hemen behintzat jarri zen diru bat. Baina ez da nahikoa. Orain, bigarren faserako tramite prozesuan sartuta gaude. Lehendakaria etorri zenean esan zuen, eta aukera desberdinak aztertzen ari gara». Erabakita ez dago, baina bota eta berria legoke aukeren artean.
Asko izatearen abantaila
Ikasle asko izateak dena den, badu abantaila bat: Batxilergo aukera guztiak eman ahal izatea. Lopetegik zehaztu duenez, «Batxilergoa planteatuta dagoen bezala, hautazkotasuna oso garrantzitsua da. Beasain BHIn aukera asko daude eta bakoitzak nahi du, justu berari ondoena datorkiona aukeratzea, etorkizunean komeni zaion ibilbidea pixka bat egiten hasteko. Hori oso garbi ikusi da musika adarrarekin. Musikako ikasgaiak non eman daitezke? Oso ikasle talde handia dagoen tokian. Ikasle talde txikia bada, ezinezkoa da taldea sortzea».
Beraz, ikastetxe guztietan Batxilergo modalitate guztiak ematen ez direnez, «azkeneko 6-8 urteetan, geroz eta jende gehiago etortzen da inguruko herrietatik edozein modalitate egitera. Goierri garaitik, Tolosa aldetik…».
Irakasle belaunaldi berria
Ahulguneak aipatzeko garaian, irakasleen belaunaldi aldaketa aipatu du Agirrek: «Ahulgunea bai, baina aukera ere bada, une honetan, izugarrizko belaunaldi aldaketa dago irakasleen artean. Jende asko nahiko bateratsu sartu ginen hemen eta belaunaldi aldaketa oso nabarmena dago. Hori ikastetxe guztietan ari da gertatzen». Dena den, Lopetegiren ustez, «indargune bezala ere har daiteke hori; garaia da gazteei paso emateko. Irakasle berriak etorriko dira aldi berean, baina lehengoak ere badaude, eta trantsizioa egingo dugu». 129 irakasle ari dira lanean Beasain BHIn eta irakasle finkoen artean, asko bertakoak izan direla gogoratu du zuzendariak: «Hori garrantzitsua da, inplikazioa ere handiagoa da. Beste era batera ezagutzen duzu ingurunea, ikasleak… desberdina da».
Kronologia
Beasaingo Institutua 1968an hasi zen bere zerbitzua eskaintzen Goierri bailarari. Oinarrizko eta Goi Mailako Batxilergoa eskaintzen ziren hasieran, eta geroxeago, horiekin batera, Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea (UBI-COU).
-
1983-84. D eredua ezarri zen.
- 1993-94. LOGSE legearekin batera, aldaketa nabarmenak ezagutu zituen institutuak. Bigarren Hezkuntza osoa berrantolatu zen, bi etapa sortuz: DBH eta Batxilergoak.DBH eskaintzeko Loinazpe BHI sortu zen. Hasiera batean, LOGSEk ematen zituen Batxilergo aukeretatik, ezarpen aurreratua egin zen 95-96 ikasturtean, Osasun eta Natur Zientzien batxilergoa eta Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoa eskaintzen hasi ziren.1996-97 ikasturtean Batxilergo Teknologikoa ezarri zen eta 2001-02 ikasturtean Batxilergo Artistikoa.
- 1997-98. Txindoki Institutuak eta Alkartasuna Lizeoak –azken hori publifikatu ondoren– bat egin zuten Txindoki-Alkartasuna BHI sortuz. Ikasturte hartan, Goi Mailako Lanbide Heziketaren eskaintza ematen hasi zen: Ingurumen Kimika eta Informatika Sistemen Administrazioa.
- 2006-07. Batxilergo eleanitzaren proiektua jarri zen indarrean.
- 2002-03. Beasaingo ikastetxe publikoek ordura arte mantendu zuten matrikula-oreka apurtzean, etorkizunari buruzko hausnarketari hasiera eman zitzaion. Bilera eta elkarrizketa ugariren ondoren, 2008ko uztailean Hezkuntza Sailak Beasainen ikastetxe publiko bakarra sortzeko erabakia hartu zuen.
- 2008-09. Eskola maparen dekretua argitaratu ondoren, ikastetxe berriaren plan estrategikoaren zirriborroa egin zen.2010eko maiatzean, HUISek (EHAA, maiatzaren 2koa) Beasaingo hiru institutuak bat egiteko dekretua argitaratu zuen, uztailaren 1etik aurrera Beasain BHI sortuz.