Ordiziako Argi Berri elkarteak abian jarri du Lazkao Txiki 27. Bertsopaper Lehiaketa, hiru mailatan banatuta.
Udaberriak lan erdiak egin ditu dagoeneko, eta kukuaren kantua aditu ahal izango zuen honezkero natur eremuren batera inguratu den edonork. Ordiziako Argi Berri elkarteak garai honetan argitaratzen ditu orain 26 urte antolatzen hasi zen bertsopaper lehiaketaren oinarriak –ekitaldia 27.a da–. Eta lehiaketari izena ematen dion Lazkao Txikiren bertso batekin atondu du aurtengo eskuorria.
Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki zen garai hartan Goierriko bertsolaririk ezagunena, eta haren altzoa bilatu zuten Argi Berrikoek lehiaketa antolatzeko. «Lazkao Txiki izan da eta da oraindik ere bertsolaritzaren ispilu eta eredu paregabea goierritarrontzat, eta berak eta bere lanak azaltzen dizkie ongien gaurko gazteei bertsolaritzaren itzalak eta argiak». Hasi eta hurrengo urtean umezurtz utzi zuen lehiaketa Lazkao Txikik, eta harrezkero 25 urte pasa badira ere, haren itzalari segika lanean jarraitzen dute.
Gaztetxoak gaia emanda
Hiru mailatan banatuta dago lehiaketa: Gaztetxoena (13 urte arte), gazteena (14-18 urte bitarte) eta helduena. Hiruretan librea da neurria eta doinua, baina gaztetxoenei gaia jarri diete: Asko maite zaitut. Lanak uztailaren 1erako aurkeztu behar dira, posta arruntez (Argi Berri elkartea, Gipuzkoa kalea 15-behea, 20.240, Ordizia) edo emailez: aitor-c@aek.eus. Informazio gehiago lortzeko: 649 011 262 (Aitor).
‘Jakinduriek mundue erreko dau’, zientzia eta bertsolaritza uztartuz
Zarauzko eta Bergarako saioen ondoren, Ordizian amaituko da gaur zortzi, hilaren 25ean, zientzia eta bertsolaritza uztartzen dituen Bertsozientzia zikloa. Jakindurien mundue erreka dau goiburupean, Unai Iturriaga eta Alaia Martin izango dira kantuan ariko diren bertsolariak, eta hizlari lanetan Gorka Azkune (Deustuko Unibertsitateko ikertzaile eta irakaslea), Olatz Perez de Viñaspre (EHUko Informatika ingeniaria eta IXA taldeko ikertzailea) eta Aitor Gastañares (CAFeko Ikerketa saileko ingeniaria). Herri Antzokian da saioa, 19:00etan, eta Anjel Alkain aktore eta umoregileak gidatuko du saioa. Sarrera doan da.
Bertsozientziak laugarren edizioa badu ere, Gipuzkoan lehen aldiz egingo da aurten. DIPC (Donostia International Physics Center) eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedra dira ziklo honen sustatzaileak, tokian tokiko elkarte eta udalen laguntzarekin. Ikerlariek 10 minutuko hitzaldi zientifiko bana egingo dute euskaraz saiootan, eta gaia aurkeztu ondoren, zientzialarien hipotesiak bilduko dituen bertso bat inprobisatu beharko dute bertsolariek.