Minbiziaren Aurkako Elkarteak azaleko minbizia prebenitzeko kanpaina abiatu du aurten ere. Ordizian eta Legorretan izan dira jada melanina frogak egiten eta aholkuak ematen. Haurrekin lanketa bereziak egiten ari dira.
«Euskal Herrian ez dago eguzki arrisku pertzepziorik», dio Maider Sierra Minbiziaren Aurkako Elkarteko langileak. Gurean eguzkia lainoek estaltzen dute maiz, eta «eguzkia zeruan dagoela ahazten zaigu, baina eguna argitzen denez gero, eguzkia hor dago beti». Sierra eta bere lankideak Gipuzkoako 15 herritan azaleko minbiziaren inguruko prebentzio kanpaina egiten ari dira azken zazpi udatan bezala. Goierrin, Ordizian eta Legorretan egon dira jada melanina frogak egiten eta hainbat aholku ematen.
Eguzkiak bidaltzen dituen izpi moten artean, UVA izpiak ez ditu ezerk ere gelditzen; «horiek dira gure azal barneko geruzetan lesio zelularrak sortzen dituztenak».
Nola babestu? «Guk jendea eguraldiaz gozatzera animatzen dugu, baina arduraz gozatu dezatela», dio Sierrak. Ematen dituzten aholkuak honakoak dira, besteak beste: krema babesa bi orduz behin berritzea eta bainua hartu ostean ere bai, begiak eguzkitako betaurrekoekin babestea, kapelu hegalzabalak erabiltzea, haurrei eta adinekoei arreta berezia ematea, eta hori guzti hori, lainotuta dagoenean ere egitea gomendatzen dute. Izan ere, Sierraren hitzetan «eguzkia ez da hartzen, eman egiten du».
Erredurak saihestu behar direla erantsi du, hala ere, «azaleko minbizia erredurengatik sor daiteke edota azala kanpoan dagoen denbora tartea kontuan hartuta, izan ere, azalak erradiazioa metatzen du». Horrenbestez, lanagatik edo beste arrazoiengandik kanpoan denbora luzean dabiltzanei eguzki izpiez babestu daitezen ohartarazi die Sierrak.
Azken datuen arabera urteko ehun bat azaleko minbizi kasu atzematen dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Horiek kirurgia beharra dutenak dira, «zortez, lesio asko, dermatologoen kontsultan sendatzen dira».