Nagore Belastegi
Amak urtebetetzerako bikini berria oparitu nahi zidala esan zidanean ez nuela behar esan nion. 31 urte bete eta bi astetara atera nuen bikinien kutxa eta hasi nintzen probatzen. Horiak txuriegi egiten nau, laranjak titiak zanpatzen dizkit, urdinak ipurdi handia, eta arroxak, berriz, mitxelinak ateratzen dizkit. Iaz erosi nuen bainujantzi beltzarekin konforme nago. Hura eskuratu nuen ez bakarrik modan zegoelako, baizik eta tripa estali nahi nuelako. Ispilura begira pasatu nituen minutu batzuk galdetzen ea zergatik, batzuetan, hainbeste gorrotatu behar dudan nire gorputza; zergatik egiten diodan kasu emakumeonganako estereotipoei. «Look at me, I’m a beautiful creature», abesten dut barrutik halakoetan, sinistu nahian. Iruditzen zait hondartzara joatea batzuentzat errazagoa dela beste batzuentzat baino. Toallan etzan eta eguzkitako betaurrekoek ematen didaten inpunitateaz ingurukoei begira egoten naiz, nirekin konparatzen. Mota guztietako gorputzak ikusten ditut, guztiak ederrak euren desberdintasunekin. Argalak, gizenak, formagabekoak, kurbadunak, altuak, txikiak, gazteak, zaharrak, txuriak, ilunak, orbandun azalak, leunak… zein polita den emakumearen gorputza! Ikusten ditut emakumeak lotsarik gabe arropa kentzen dutenak, ia biluzik gelditu arte. Beste batzuk, ni tartean, ikustezin izaten saiatzen garenak. Gure gorputza ere polita dela onartzea besterik ez zaigu falta.
Iraia Oiartzabal
Gogoan dut haurra nintzela larrubizian jolasten nuela hondartzan, korrika batetik bestera. Koxkortzen joan ahala nire gorputzatalak geroz eta gehiago estali nahian hasi nintzen, nerabezaroaren lotsek erabat jota. Gaur, neska-mutilak natural, biluzik eta pozik ikustean irrifarrak ihes egiten dit eta galdetzen diot neure buruari zergatik tematzen garen garena oskol baten azpian ezkutatu nahi horretan. Zer den garenarekin, edo irudikatzen dugunarekin, gaizki sentiarazten gaituena. Hein handi batean gugan errotu den «perfekzio» kontzeptuaren ondorio dela uste dut. Neurri eta forma zurrunak dituen perfekzioak edertasuna bera desitxuratu ez ote duen… Eta bai, gutako asko sentitu gara inoiz horri kateatuta. Azaleko orbain hori disimulatzen saiatu, edo zuzenean estali; gustoko ez ditugun formak ezkutatuko dituen jantzia aukeratu… gorpua oskol barrura berriro ere. Kate hori apurtzeko, ongi diozun bezala, gure gorputzak maitatzen ikasi behar dugu. Eta nola maitatu? Ongi sentiarazten gaituen horren bila joanez, guganako konfiantza landuz, geure buru eta gorputzak zainduz eta mimatuz. Perfekzioa, batez ere, gure begiradetan dagoelako.