Iraia Oiarzabal
Igandean pozak berde kolorea zuen Hondarribiako trainerak Kontxako Bandera eraman zuelako, baina egun batzuk lehenago gorrotoa zen nagusi kostaldeko herri horretan, eta kolorea ez zen berdea, beltza baizik. Etorkizun beltza ikusi nion Alardeari, aurrera egin beharrean atzera egiten ari direlako. Mina ematen dit ikustea nola emakumeak beste emakume batzuk mespretxatzen eta iraintzen dituzten. Euren iritzia errespetatzea eskatzen zuten balkoietan txintxilikatutako plastiko erraldoi batetan, baina plastiko hori jarri zutenek ez dute Jaizkibel konpainia errespetatzen. Gure herriko saltsekin nahikoa dugula eta besteetan sartzea merezi ez duela esaten diot nire buruari behin eta berriro, baina ezin dut aguantatu. Gurean tradizionalki gizonek dantzatu izan duten Ezpatadantza dugu, Legazpin zein Zumarragan, baina halako batean emakumeek ere dantzatu nahi zutela erabaki zutenean ez zen istilurik sortu. Aldaketa egin zen, besterik gabe, eta jaia normaltasunez ospatu zen. Gehiago esango nuke, dantzari gizonak euren kide emakumeetaz harro agertu ziren, baita herriak ere. Horregatik ezin dut ulertu Hondarribiko errespetu falta, gustatzen ez bazaie ikustera ez joatearekin nahikoa delako. Posible zaidan arrazoi bakarra da plastiko atzean izkutatzen diren neska horiek noizbait kantinera izan nahi dutela, eta Alarde parekidearen alde agertzekotan aukera hori ukatuko zaielaren beldur direla.
Nagore Belastegi
Urte gehiegi daramatzagu Hondarribia eta Irungo alardeetan ematen diren eskubide urraketen lekuko izaten. Egoera are larriagoa bihurtu da Hondarribiko kasuan, mespretxu eta erasoak inoiz iritsi behar ez zuten muturreraino iritsi dira. Urte hauetan guztietan askotan entzun izan dugu alarde parekidearen aurkakoen ahotik hondarribitarrak ez garenok ezin dugula ulertu bertan gertatzen dena eta, noski, beraz ezin dugula horren inguruko iritzi edo epairik egin. Ulertezina dela argi dago, ez Hondarribian ez inon ezin da ulertu eta normaltasunez hartu emakumeek halako tratu bortitza jasan behar izatea. Onartezina iruditzen zaidan bezala, eztabaidari bide eman gabe, festan modu parekidean parte hartu nahi duten emakumeak tradizioaren izenean diskriminaziora kondenatuta mantendu nahi izatea. Ongi diozun bezala, edozein herritan bizikidetza eta festa bizitzeko moduak errespetua izan behar du oinarri. Egon daitezke sentimendu eta ikuskera ezberdinak baina urkoa zapaldu nahi izateak ezer gutxi du errespetutik. Hondarribiko alardeak utzitako irudiak ikusita mina eta inpotentzia sentitu ditut. Azken hilabeteotan emakumeon kontrako erasoen aurrean sortu den indarra etorri zait burura. Elkartasuna piztu da gure artean, baita diskriminazioari eta erasoei planto egiteko determinazioa ere. Plastiko beltzen atzean ezkutatzen diren horiek pentsatu ote dute, benetan, borroka honetan zein aldetan dauden?