Erronkak Gipuzkoa osoko 13 eta 16 urte bitarteko ikasleak lehian jarriko ditu. Saria, ikasbidairako diru kopuru bat. Onena izan nahi duenak, talde lanean, proba fisikoak, logikoak eta jakintza orokorrekoak gainditu beharko ditu.
Antolatzaileak azken ukituak ematen ari diren bitartean, erronkan parte hartuko duten gazteak beroketak lanak egiten ari dira. Itsu–itsu saria nahi dute, eta gogotsu daude igandean lehiari hasteko.
«Urretxu Zumarragan izanda politagoa izango da. Ezagun gehiago egongo dira gu ikusten, eta bertan irabaztea benetan ederra litzateke», aipatu dute Urretxu- Zumarragako erronkalariek.
Denera 15 erronkalari dira, guztiak DBH 4ko ikasleak, hau da, 15-16 urteko nerabeak. «Zozketa bidez hautatu gaituzte. Aurreko urteetan klasean egindako proben arabera osatzen zen taldea, baina aurtengoaz zoriz erabaki dugu», aipatu dute. «Pozik gaude guri egokitu zaigulako. Kirolzaleak gara eta lehia gustatzen zaigu», gaineratu.
Aurreko edizioetan ikasle zaharragoak joan dira, eta ez dute ukatzen inbidia apur bat sentitzen zutela. «Gure ordua noiz iritsiko zain geunden». Dena prest dute, nahiz eta unea heldu arte ez duten jakingo zer egin beharko duten. «Gutxi gorabehera nolako probak izango diren ezagutzen ditugu. Batzuk alor fisikoa eskatzen dute: abiadura, trebezia, indarra… Beste batzuk, aldiz, burua: logika ariketak, jakintza orokorra…». Begi onez ikusten dituzte denetariko probak egotea, guztiek izan dezaten protagonismoa. «Espero niri ez egokitzea logika ariketaren bat. Hobe korrikan jartzen banaute», dio mutiko batek zintzo. Talde parekidea da: neska-mutil kopurua du taldeak.
Egun osoko lana izango dute. 11:00etan hasiko dira probak egiten, zirkuituko gune ezberdinetan banatuta. Atsedenaldi baten ostean, lekualdatu egingo dira, eta berriz ere lehiara itzuliko dira. «Erronkako taldean ez egoteak ez du esan nahi Erronkan parte hartzen ez denik. Gure ikaskideek lagunduko diete kanpoko ikasleei gunez gune ibiltzen, beharrak asetzen, galderak argitzen… guztiok izango gara partaide», azaldu dute.
Garrantzitsua izango da nagiak kenduta etortzea Urretxu Zumarragara. Goizeko probetan lortutako emaitzen arabera, puntuak banatuko dira. Finalean, zenbat eta puntu gehiago eduki, abantaila handiagoa izango da. Finalera talde guztiak igaroko dira, baina bertan, aleka–aleka, kanporatzen joango dira irabazlea bakarrik gelditu arte. «Urretxu Zumarraga Ikastolak ez du sekula irabazi. Ikaragarria litzateke etxean irabaztea», diote ilusioz gainezkat.
Saria ikasbidaira
Denera, 2.000 euro banatuko dituzte saritan Erronkako jolasetan. Irabazleak 1.000 euro poltsikoratuko ditu, bigarrenak 500, hirugarrenak 300 eta laugarrenak 200. Dirua ikasbidaian inbertitzeko erabiliko dute. «Oraindik ez dakigu nora joango garen. Badakigu ikasle–trukea egingo dugula, baina ez dakigu norekin. Saria irabazten badugu, bidaiaren zati bat ordainduko dugu».
Ikasleentza saria pizgarri bat da. «Gogo gehiago jartzera behartzen gaitu, eta horrek Erronka bereziagoa izatea ekartzen du». Lehia gustatzen zaiela diote, ez doazela denbora pasa. «Denerako denbora izango da. Adibidez, guztiok elkarrekin bazkalduko dugu, eta aukera ona da beste ikasleekin harremanak estutzeko. Baina behin Erronka hastean, irabazi egin nahi dugu». Halere, onartzen dute aukera paregabea dela lagun berriak egiteko edo gutxitan ikusten diren lagunekin egoteko.
Era berean, Erronkaren beste helburuetako bat gazteak kale–edanean ibiltzea ekiditea da. «Begi onez ikusten dugu. Oso gustura hartzen dugu parte, edanean ibili gabe. Kilometroak beste era batera bizi ditugu, era partehartzaileago eta osasuntsuago batean», azpimarratu dute. «Badaude ikusi nahiko genituzkeen kontzertuak, eta gustura ibiliko ginateke festa giroan beste lagunekin. Baina Erronkan parte hartzeak gehiago asebetetzen gaitu. Denerako denbora egongo da».
Zorrotz zaintzen dute arduradunek Erronkan dabiltzan bitartean alkoholik edan ez dezaten. Motibazioa handiago izan dadin, kapitain aditu baten laguntza izaten dute. Urretxu Zumarraga Ikastolaren kasuan, Ainhoa Sanz korrikalaria.
Bideo lehiaketa
Igandeko lehiaz gain, Erronkak ere badu beste atal bat: bideo lehiaketa; guztiek egin zuten bat taldekideak aurkeztuz. Helburua, 14 eta 16 urte arteko ikasleen arteako talde lana eta sormena sustatzea da. Bideo onenaren eta ikuslearen saria egongo dira.
Ikasleek eskura dituzten baliabideekin grabatu eta editatu dituzte bideoak. «Urretxu Zumarragako Ikastolako ikasleok Kilometroetako bideokliparen ukitua eman diogu bideoari. Kirol ezberdinak praktikatzen ari diren gazteak batuz goaz, Erronkan parte hartu behar duen taldea osatu arte».