Ana Santiagok (Valladolid, Gaztela, 1959) eta Lurdes Ulaziak (Zarautz, 1958) egurrarekiko lotura estua dute. Ipuin baten hasiera balitz, Gabiriako Barretxe baserrian baziren bi andre zuhaitzen soinua entzuten zutenak, hasiko litzateke euren ipuina. Santiagok honela azaldu du: «Guk arbolekiko halako enpatia bat daukagu, irakurri egiten ditugu surflariak olatuak nola». 1992an Goierrin «lur hartu» zutela dio Ulaziak, «gure tailerra muntatzeko toki egokiena aurkitu genuen Gabirian». Amalur da haien marka, izan ere, Ulaziak eta Santiagok naturaren taupada zuhaitzen bitartez entzuteko gaitasuna dute.
Biak irakasleak ziren garai hartan, baina lanpostuak utzi eta tornu lanari ekin zioten. Prestatu ziren, bereziki, ebanisterian, pinturan, marketerian eta beste hainbat alorretan. Emakumezkoak izanda, trabak aurkitu dituzte bidean: «Azoketan gure izenak jartzen genituen arren, altzariak gure senarrak egindakoak ote ziren galdetzen ziguten», dio Ulaziak. Adibide bat da, gehiago dituzte. Aitzitik, trabak traba, euren tokia egin dute egurraren tornuaketa artistikoan eta egurrak lortzeko sarea egina dute jada, «baserritar askorekin konplizitate handia dugu».
Orain hamar urte trabak bestelakoak izan ziren eta tailerrarekin bizimodua ateratzeko zailtasunak ikusita, irakaskuntzara itzuli ziren biak. Egun irakaskuntzatik bizimodua eta tornutik gozamena ateratzen dituzte.
Lan egiteko prozesuari dagokionez, zuhaitzen enborretan haien istorioa irakurtzen dute. Nolako markak halako bizitza. Sortu dituzten piezak erakusterakoan, biek mugimendu berbera egiten dute eskuekin. Ontziak bertikalean jarri , eta egur zatiak zuhaitzaren enborrean zuen lekua irudika daiteke. Santiagok azaldu duenez, «guk hustu egiten ditugu, kontraforma bat ematen diegu». Ulaziak honakoa erantsi du: «Bihotza kentzen diegu bestela egurra ireki egiten delako». Lehenengo, aurrez atala solte iritsi ez bazaie, motozerrarekin atala atera, eta gero tornuaketa lana dator. Ulaziak dioenez, «tornuan piezak ikusi baino gehiago sentitu egiten ditugu, bibrazioa entzuten dugu eta hark gidatzen gaitu nonbait. Ahalik eta azal gehien salbatzen saiatzen gara. Politena da tornuan edozein adar landu dezakezula».
Ana Santiago: «Arbolekiko halako enpatia bat dugu, surflariek olatuak nola irakurtzen ditugu»
Lurdes Ulazia: «Tornuan piezak ikusi baino gehiago, haien bibrazioak gidatzen gaitu»
Zuhaitzek tumoreak izan ohi dituzte, ez diete kalterik egiten baina itxuraldatzen ditu halako sabelak gehitzen dizkielako eta horiek ere salbatzen dituzte. Ulaziak honela laburbildu du tornu lana: «Norberaren sormena jokoan sartzen da eta tornuan egiten dugun lan hori jolasa da».
Biek orain urte batzuk Eskoziara egindako bidaia gogoratu dute. Autoz joan ziren ikastaro bat egitera, izan ere, diotenez «tornuek ikaragarrizko tradizioa!» dute han. «Gurean elkarteek daukaten pisua dute tornuek. 40.000 bizilagun dituen hiri batean egon ginen eta 400 bat tornulari zegoen».
Ikastaroarekin gozatu zuten eta bidaiarekin ere bai. Autoa geratzen zuten lurrean aurkitzen zituzten egur zatiak biltzeko edo ordura arte filmeetan ala liburuetan ikusitako zuhaitzen bat aurrez aurre ikusteko.
Arbolatik arbolara
Handik eta hemendik egur zatiak iristen zaizkie eta bakoitza ezagutzen dute, urkia nola landu, pagoa nola, haritza nola, sagarrondoa nola… Hezetasuna kontrolatzen badakite edota zurari arrakala beltzak sortzen dizkion onddoa gobernatzen. Gipuzkoako hezetasun mailari azpimarra egin diote: «Ikaragarria da, egurrak lehortu ondoren berriro hezetasuna sortzen zaie. Inon baino hezetasun gehiago dago hemen».
Arbolatik arbolara bizi dira eta natura gertu sentitzen dute. «Hemen arbolen kultura galtzen ari da. Hor daude, baina ez ditugu ikusten», dio Ulaziak.
Eskulan bezala ere, egurraren tornuaketaren jarraipena zalantzan jarri dute: «Transmititu nahi dugunok gure artean harremana daukagu, hala ere, eguneroko bizitzako abiadura handiak dena irensten du».
Piezen balioa ezin zehaztuzkoa den arren, prezio bat jarri beharrean daude erakusketak egiten dituztenean edo azoketara joaten direnean –lehen orain baino azoka gehiagotara joaten ziren–. Eta jartzen diete prezio bat, gehienetan lantzeko behar izan dituzten orduak aintzat hartzen ez duen prezioa da. Badituzte, halere, saldu ezinezko piezak, bestelako balio bat dutenak. Badaukate ontzi bat, adibidez, zeinari tumoreek zuhaitz formako marrazki bat utzi zioten barruan. Zuhaitz bat dago beste baten barruan.