«Taldeari emandako saria da», argitu du, ezer baino lehen, Agurtzane Aramendik (Zumarraga, 1978) orain gutxi Deia egunkariak eman dien saria. Komunitateko kudeaketa digitalagatik saritu dituzte, ETB1eko Go!azen telesaila «plataforma guztietan» ikusgarri egiteagatik.
Eitb.eus webguneko langilea da Aramendi, eta Euskal Telebistarekin eta Pausoka ekoiztetxearekin osatzen dute hiruko taldea. «Go!azen sareetan promozionatu egiten dugu, telesaila bera eta horri lotutako aplikazioak euskarri erabilita», azaldu du Aramendik.
Eduki berriak ere sortzen dituzte. Telebistako biziaz gain, Interneten pareko beste bizitza bat duela esan liteke, beraz: «Aplikazioarekin saiatzen gara fikzioa telesailetik harago eramaten». Pertsonaien elkarrizketak, konfidentziak eta komunikazio informalak jarri ohi dituzte, «kuadrillakoak izango balira bezala».
Eduki birtual hori dena ekoiztetxeak sortu ohi badu ere —telebistarako bezala—, Aramendi eta bere lankideak arduratzen dira gero kudeatzen, maketatzen eta itxuratzen.
«Erabateko fenomenoa»
Bigarren aroa du Go!azen telesailak ETBn. «2008an nahiko fenomeno izan zen jada. Orduan sareetan ez zuen halako oihartzunik eduki». Duela hiru urte hasi zuen bigarren emanaldia, eta transmedia proiektua sortu zuten. «Izugarrizkoa izan da eragina. Telesailaren meritua da hori, noski. Sare sozialek gehitu egiten dute oihartzuna».
Izan ere, telebistako astean behingo emankizuna asko maizten dute sareek: webguneak eta aplikazioek eguneroko jarioa eskaintzen dute. Hala, aplikazioa ia egunero berritzen dute, eduki gehiago sartuta. Whatsapp bidez ere transmititzen dituzte elkarrizketak; karaokeak, Nahieran euskarria… «Mugimendua egunero ematen dute bitarteko horiek».
Telebista kontzeptua eta ikusteko era «aldatzen» ari dela dio Aramendik.