Emakumeen presentzia oso ohikoa ez den goitibeheren munduan sartuta dago Saioa Elorza (Idiazabal, 2000). Txikitatik erakargarri egin zaion mundua da, eta ahal zuen guztietan joaten zen goitibeheren lasterketak ikustera. Orain, bera ere aritzen da lehian. Duela denbora gutxi hasi zen, ondo gaztea baita. Azkeneko lasterketa, bere jaioterrian, Idiazabalen egin zuen, San Blas festen barruan antolatu ohi den jetsieran. Istripua ere izan zuen eta ezin izan zuen proba amaitu. Eroriko haren ondoren, guztiz osatuta dago eta gogotsu agertu da berriro ere goitibehera gainera igotzeko.
Elorzak kontatu duenez, «Idiazabalen urtetan ohikoak izan dira goitibeheren jaitsierak, festetan batez ere», eta txiki-txikitatik joan izan da ikustera. Han bizitakoak «hasiera-hasieratik atentzioa eman» zion idiazabaldarrari. Lehenengo aldiz probatu zuenean, are garbiago izan zuen gustuko zituela. Idiazabalen bertan izan zen hori, 2016an, Segurako lagun batekin.
Edozer gauza lehenengo aldiz probatzerakoan urduritasuna sentitzea ohikoa da, eta hala izan zen Elorzaren kasuan ere. Guztia «ondo atera» zen eta orokorrean esperientzia «oso positiboa» izan zela kontatzen du. Gainera, «jende asko ezagutzeko balio» izan zion. Harrezkero, goitibeheren inguruan dabilen jendearen artean ibili da ahal izan duen guztietan.
Hainbestetan ikusle bezela egon ondoren, behin probatu eta «asko gustatu» zitzaion. Horregatik, aurrera jarraitzea pentsatu zuen eta bigarren aldiz, Donostian lehiatu zen. Hasiberria zen, baina hori ez zen oztopo izan ez-federatuen kategorian lehen saria jasotzeko. «Ilusio handia egin» zion horrek, nola ez, «espero ez» zuen zerbait izan baitzen.
Ondoren, Bilbon eta Ajon (Kantabria) lehiatu zen. Bi horietan, Bergarako Maddi Gutierrezekin jaitsi zen. Zirkuitu bakoitza desberdina da. Bilbokoa, adibidez, «lasterketa motza eta oso azkarra» izan zela gogoratu du Elorzak. Kantabriara, lagun talde batekin joan zen. «Oso desberdina» izan zela kontatzen du. «Oso teknikoa zen eta jaitsiera polita egiteko, nondik heldu harrapatu beharra zegoen».
Idiazabalen erorikoa
Txiki-txikitatik ezagun zuen eta hainbestetan ikusi izan duen Idiazabalgo goitibehera lasterketan, partaideetako bat izan da Elorza bera. Ez hori bakarrik, antolakuntza lanetan ere aritu zen lanean. Iaz, goitibehera lasterketa ez zen egin, eta eskualdeko jendea penaz zegoen, betiko galduko ote zen pentsatuta. Azkenean, Elorzak bera izan da antolatzeko ardura hartu duenetako bat.
«Idiazabalen ohikoak izan dira goitibeheren jetsierak, festetan batez ere»
«Arantza kendu eta herritarren aurrean lasterketa on bat egiteko asmoa dut»
Saioa Elorza, Goitibehera zalea
Partaidetza handia izan zen, «40 goitibehera izan ziren». Egunak euritsu argitu zuen baina ondo hasi zen guztia. Lehenengo jaitsieran, «poliki» jaitsi ziren. Ohikoa omen da. Ibilbidea probatzeko modua ere bada. Bigarren itzulian «azkarrago jaitsiko» zirela hitz egin zuten bien artean, eta hala egin zuten. Bihurgune batean, azkarregi sartu eta Elorza erori egin zen. «Buruan hartu nuen kolpea eta ez nintzen gaizki sentitzen, baina badaezpada larrialdi zerbitzuei deitu eta ospitalera eraman ninduten. Susto bat baino ez zen izan». Argi dauka istripuak «gertatzen diren gauzak» direla eta jarraitzeko asmoarekin segitzen du.
Gaztea izanda ere, neska ausarta da idiazabaldarra. «Herrian izanda, espektakulua ematea zen asmoa, ikusleak gustura utzi nahi genituen». Ohi bezala, kopiloto lanak egin zituen Elorzak egun hartan, goitibeheraren atzeko aldean joanez. Irteeratik abiatzerakoan, abiadura hartzeko korrika eginez bultza egitea ere bada haren lana. Eta abiadura nahikoa denean, goitibehera gainera salto egin behar du. Bihurguneetan ere paper garrantzitsua jokatzen du Elorzak, izan ere, atzean doanak, alde batera edo bestera egiten du indarra, bihurgunea ondo hartzeko.
Arriskua puntu bat duen posizioa da, «eta horregatik ere gustuko» du idiazabaldarrak. «Barru-barruan zerbait sortzen» diola aitortzen du. Dena den, segurtasun neurriak hartzen dituzte. «Kaskoa eta bestelako babesak janzten ditugu eroriz gero ahalik eta kolpe txikiena hartzeko».
Etorkizuna
Orain, azkeneko lasterketetan bidelagun izan duen Maddirekin ez da lehiatuko. Baina hori ez da goitibeheren mundua uzteko aitzakia izango. «Ahal dudan lasterketa gehienetan parte hartzen jarraitzea da nire asmoa, nahiz eta une honetan ez den Maddirekin izango». Gainera, federatu ere egin da, eta Euskal Herriko goitibehera lasterketa guztietara joateko asmoa du.
Idiazabalgo probari dagokionez, datorren urteko San Blas festatan, berriro ere lasterketa egotea espero du. «Tradizio handia duen proba da eta etxean izate horrek ere berezia izatea egiten du», nabarmendu du kopilotu gazteak. Idiazabalen jokatu zen azkeneko proban gertatutakoaren ondoren, «arantza hori kentzeko asmoa» du. «Herritarren aurrean lasterketa ona egin nahi dut».