Martxoaren 26an Deskarga-Bergara autobide zatia ireki zuten. Orain arte baino ordu laurden gutxiago behar da Goierritik Debagoienara joateko. Bailara hartan lan egiten duten goierritarrak pozez zoratzen daude.
Asko dira lan kontuengatik egunero Debagoienara joaten diren goierritarrak. Baita Debagoienatik Goierrira etortzen direnak ere. 1990eko hamarkada amaiera arte, Beasaindik Bergarara joateko Ormaiztegi, Eitza eta Deskargatik pasa behar zen. Aldundiak Beasain-Bergara korridorea egiteari ekin zion eta, pixkanaka, bidaia eramangarriagoa egin zen. Baina azken zatia falta zen. Okerrena. Deskargatik Bergarara doana. Deskarga, goierritar askoren mendate gorrotatuena. Martxoaren 26a geroztik, Deskarga ez da karga. Debagoienan lan egiten duten goierritarrek ez dituzte gehiago bere aldapak sufrituko.
Iker Agirrezabal, MCCko langilea: «Egun historikoa izan zen: 25 urte baino gehiago neramatzan horren zain»
Urretxu-Bergara errepide zaharra gehien pairatu dutenen artean, Iker Agirrezabal urretxuarra dago. 46 urte ditu eta 18 urte zituenetik ia egunero joan da Arrasatera: Mondragon Unibertsitatean ikasi zuen eta 2000. urtetik MCCn lan egiten du. Deskargako bihurguneak bere etxeko pasilloa bezain ondo ezagutzen ditu. «1991n hasi nintzen Arrasaten ikasten eta ordurako autobidea egin behar zutela esaten zen».
28 urte pasa dira ordutik. 28 urte luze kamioien atzetik. «Denok kamioien atzetik joan beharra genuen eta sekulako inbutua sortzen zen. Garai hartan denbora asko behar genuen Arrasatera joateko: Bergara erditik pasatzen ginen, San Prudentzioko bidegurutzean sekulako kaosa egoten zen… Euria egiten zuenean istripu arriskua handiagoa zen. Dena den, arriskua ez zen oso handia. Izan ere, hain poliki joaten ginen…».
Pixkanaka zati ezberdinak ireki ziren. Martxoaren 26an, azkenean, autobidearen azken zatia ireki zuten. «Guretzat egun historikoa izan zen. 25 urte baino gehiago neramatzan horren zain».
Bi lankiderekin joaten da lanera, Iñaki Torres eta Ritxi Lasherasekin, eta martxoaren 26an pozez zoratzen joan ziren. Festa handi batera joango balira bezala. «Azken asteetan atzerako kontaketa egiten ari ginen. Hunkituta geunden. Joaneko bidaia errepide zaharretik egin genuen, baina lanetik atera ginenerako berria zabalik zegoen. Itzulera oso motza egin zitzaigun. Hori zen behar genuena. Errepide berria asko gustatu zaigu. Bihurgune batzuk ditu, baina zaharraren ondoan zoragarria da».
Arrasateko lankideek urte asko eman dituzten goierritarren kexak entzuten eta errepide berriari buruz galdetu zieten. «Batzuk errepide berria probatuko dutela esan digute. Orain arte Donostiara ordainpeko autobidetik joan dira, eta Iruñera Gasteiztik, eta N-1etik zenbat denbora behar den jakin nahi dute».
2020an, beharbada, bidesaria jarriko dute. Horrek ez ditu asko kezkatzen. «ViaT-rekin eta Bidegiren deskontuarekin, ez dugu asko ordainduko».
Agustin Larrañaga, Bergarako gozogilea: «Deskargako bihurgune itxietan poliki joan behar ginen pastelak eror ez zitezen»
Goierritar asko egunero Debagoienara joaten dira eta Debagoienatik Goierrira etortzen direnak ere asko dira, noski. Horien artean Agustin Larrañaga dago, Bergarako Larrañaga gozotegikoa. Urretxuko Ezkurra kafetegira eta Legazpiko Ilargi okindegira pastelak eramaten ditu. Gozotegia 1840an ireki zen eta 1905ean Agustinen birraitonak hartu zuen. Goierrirekin duten harremana ez da horren zaharra. Iazko ekainean hasi ziren Goierri garaira pastelak ekartzen. Duela 10 hilabete. Deskargaz nazkatzeko nahikoa. «Goierrira joaten hasi ginenetik, bide berria buruan genuen. Deskargak bihurgune itxiak ditu eta poliki joan behar ginen pastelak eror ez zitezen. Errepide berria sekulako abantaila da. Orain 20 minutu bakarrik behar ditut gure gozotegiko atetik Ezkurrako atera joateko. Goierriko kafetegi eta okindegi gehiagotatik deitzen badigute, gustura joango gara!».
Errepide berriari esker, Debagoienekoek Goierrira gehiago joko dutela uste du. «Ez genuen Goierrira joateko ohiturarik. Deskarga sekulako traba zen. Orain askoz ere gehiago joango gara. Nafarroara Goierritik joaten nintzen, baina Donostiara ordainpeko autobidetik. Hemendik aurrera Goierritik joango naiz. Doan da eta antzerako denbora behar da».
Grraiolarien iritzia
Garraiolarientzat ere mesedegarria da Deskargako autobidea. «Gure kalkuluen arabera, egunero 1.500 kamioik erabiltzen dute errepide hori. Horietatik, hiru laurden bertako garraiolariak dira. Gehienek inguruko enpresa txiki eta ertainentzat lan egiten dute, baina batzuk Bilboko portura deskarga egitera joaten dira. Errepide berria zaharra baino seguruagoa da, baina kamioiek ezin dute aurreratu. Hirugarren errail bat jarri behar zuten ibilgailu motelentzat», aipatu du Jaione Ugalde Hiru sindikatuko prentsa arduradunak.
Bidesariaren aurka daude. «Erabiltzaile guztiek ordaindu beharko dutela esaten ari dira, baina beste behin guk ordainduko dugu inork baino gehiago: zerga bidez, lanean gaudenean eta autoa hartzen dugunean».