Inaxio Usarralde
Eraldaketa, Joxepa, hauxe dun bolada honetan nonahi entzuten eta irakurtzen ari naizen hitza. Arestian mundua aldatzea zunan gure behialako ametsa, eta orain, hori nahikoa ez eta, dena dun eraldatu beharrekoa: gizarte-harremanak, ingurumena, ekonomia sistema, bizi-ohiturak… Nire iritzi motzean, makillaje pittin bat jarrita egindako aldaketa baino zerbait sakonagoaz ari direla sentitzen dinat eraldatzeaz ari direnak. Esaterako, Gure Eskuk, Bilbon bozeramaileak aldatu baditin ere, bere lehengo eraldaketa asmoari grinatsu eusten diola ulertu ninan nik: «Gure iparra erreferendumak dira: pluralean. Horrek barneratzen du lurralde aniztasuna, baina baita gaien aniztasuna ere». Amalur Alvarezen, gizarte mugimenduaren bozeramaile berriaren, hitzak ditun. Xede horrekin bultzatuko din Lazkaora ere helduko den herri ekimena. Gauza bera zezakenagu euskararen alorrean Euskaraldia eta egun hauetako Korrikaren indarra ikusita ere: eraldaketa indar ikusten ditinat horiek, erabilerarako jauzian lagungarri izan daitezen. Eta politikan, zer? Egun hauetan udaletxerako hautagaiak ari gaitun ezagutzen eta… zein ote dun horien asmoa? Eraldatzen hasi behar badugu has gaitezen etxetik, gertutik, geure udalerritik. Ondorengo udal arduradunei herritarren eraldaketa nahiekin bat egiteko eskatuko nieken eta, ondoren, beraien erabakiak norabide berean joan daitezela lau urteetan zehar. Horixe dun nire eskaera, eta hirea zein dun?
Joxepa Madariaga
Aupa, Inaxio! Ai, ai, ai, hauteskundeak gainean; zer eskatu guk, herritarrok? Zer eskaini beraiek, politikoek?… Eskatu eta eskaini, hau feria, hau merkatua, trukea eta saltsa. Hasteko, alderdiak ez, baizik eta pertsonak aukeratu nahiko nitizkek herriko udaleko talderako. Pertsonak, izen abizenak dituztenak, hau, hori eta hura, ez siglak. Eta pertsonez osatutako politikoen taldeari elkarlana eskatuko niokek, elkarlana, elkarlana eta elkarlana. Politikoak elkarrekin lanean, alderdikeriak alde batera utzita, eta politikoak herritarrokin lanean. Horixe ikusi nahiko nikek, to!
Astekari hau etxez etxe banatu berritan ibiliko gaituk goierritarrok korrika eta gai horri heldu behar zioat tarte hau bukatzeko. Klika! euskaraz, klika! ahobizi, klika! belarriprest, klika! Korrika! Asteartean Araban eta Nafarroan ibili gintuan, autobusean atzera eta aurrera (Zalduondo, Genevilla, Kanpezu…). Bai, askok munduan zenik ere ez genekien herrian, Genevillan, kilometroa erosi zian Maizpide Euskaltegiak eta bi autobuskada lagunek, 110en batek, ilusioz beteta, umoretsu, dantzan, kantari, korrika, euskaraz, klika, klika eta klika! Korrikan parte hartu genian. Pozik hartu gintiztean. Polita izan huen. Zerikusirik ez han bizitako giroak Goierrikoarekin, baina biak onak, biak politak, denak behar dizkiagu, denok gaituk-eta Euskal Herria. Euskararen herria izan gaitezen badiagu, ordea, oraindik lana. Hi, ni, gu, hemengoak eta hangoak, Maizpide, AEK, Korrika eta beste erakunde, ekitaldi, festa, lan… gehiago antolatu beharko dizkiagu aurrera ere. Euskara ofiziala izan arren, ez lurralde guztian oraindik baina, Euskal Herria euskalduntzen badiagu lana. Hasi etxetik eta kalera… igandean Gasteizen aurtengoak bukaera. Gora euskararen herria! Euskal Herria.