Euskal Herrian prozesioak egiteko ohitura mantentzen duen herri apurretako bat da Segura. Izan debozioz ala tradizioz, ohitura urtez urte mantentzen jakin dute, eta oraindik ere, santuak jantzi, arropak prestatu eta urteo ateratzen dira prozesioan. Prestaketa lanetan nahiz prozesioan ateratzen diren herritarren artean, 300 bat lagunek parte hartzen dute. Bakoitzak bere postua edo langintza du, askotan, belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jasotakoa.
Tradizio handia dute aste santuko prozesioek Seguran. Jatorria zehazki esatea zaila bada ere, XVII. mendeko dokumentuetan aipatzen da aurrenekoz. Prozesioko irudiak ere balio handikoak dira, eta herriko emakumeak arduratzen dira urtero jantziak garbitu, txukundu eta behar izanez gero, konpontzeaz. Arropa horiek 80ko hamarkadan egin zituzten Segurako mojek, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin. Hain zuzen ere, Sorkundetarren komentuan egiten dira Aste Santuko mezarik gehienak.
Ospakizunak igande honetan hasiko dira, Erramu Egunarekin. Herritar ugari joaten dira komentura, erramuak bedeinkatzera. Prozesioak berriz, ostegun eta ostiral santuan egingo dituzte, eta Pazko Eguneko mezarekin bukatuko dute egitaraua, hilaren 21ean.
Urtero bezala, Aste Santurako egitarau betea osatu dute Seguran, erramu igandetik (hilak 14) hasi eta pazko egunera (hilak 19) bitartekoa:
Apirilak 14, Erramu Igandea
· 11:00. Erramu bedeinkatzea eta meza nagusia, Sorkundetarren komentuan.
Apirilak 18, Ostegun Santua
· 17:00. Azken afaria gogoratzeko meza parrokia elizan.
· 18:15. Prozesioa.
Apirilak 19, Ostiral Santua
· 08:00. Gurutze bidea, Santa Engrazitik komentura.
· 16:30. Jaunaren nekaldiaren ospakizuna eta gurutzetik jaistea, parrokia elizan.
· 18:15. Prozesioa.
Apirilak 20, Zapatu Santua
· 21:30. Meza santua Sorkundetarren komentuan.
Apirilak 21. Pazko Eguna
· 11:00. Meza nagusia, Sorkundetarren komentuan.