Gipuzkoako ehiztariak greba mugagabean daude martxoaren 1etik eta maiatzaren 5ean manifestazioa egingo dute Donostian. Grebarako «arrazoi ugari» dituztela zehaztu du ehiza federazioko Haritz Ezeiza koordinatzaileak.
Iazko apirilaren 15ean 10.000 ehiztarik manifestazioa egin zuten Donostian Euskadin ehiza bai lelopean. Urtebete beranduago, datorren maiatzaren 5erako, berriz egin dute manifestaziorako deialdia, aldarrikapen berberarekin. Iaztik hona gainera, bada aldaketa bat: martxoaren 1etik greba mugagabeak dira Gipuzkoako 100 ehiza elkarte eta 60 ehizako kuadrilla. Ehiztarien esanetan, «urtebeteren ondoren, gure eskariak ez dira bete, eta oraindik ere gure egoera gehiago larritu da. Gipuzkoar ehiztariak gure pazientziaren mugara iritsi gara, gure afizioari eten bat egingo diogu foru aldundiak duen jarrera ikusita».
Gipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzaile Haritz Ezeizaren esanetan, «tamalez» arrazoi ugari dituzte greba egiteko. Horietako bat, Ulia mendian ehiza egiteko debekuaren inguruko gaia da: «Auzitegi Gorenak Ulian ehiza egitearen aldeko epaia eman arren, foru aldundiak ez du errespetatzen eta ahaleginak egiten ari dira azpi jokoarekin epai hori ez onartzeko». Era berean, Uliako debekua hasiera bat besterik ez dela uste dute, beste herri batzuetan ere bide bera hartzen ari direlako. Era berean, ehizarekin lotutako erabakiak hartzerakoan, ehiztariekin biltzeko deia egiten dute. «Kasualitatez jakin dugu, Eusko Jaurlaritza animalien babespenerako legea negoziatzen edo adosten ari dela alderdi politiko desberdinekin, berriro ere, ehiztarien kolektiboaren bizkarrean. Lege horrek eragin zuzena dauka gure aktibitatean. Besteak beste txakurrak erabiltzen ditugulako ehizarako. Eragina zuzena izango da».
Azken batean, ehiztariek «kontraesana» ikusten dute erakundeen erabakietan: «Beraien borondatea argi eta garbia da, basurdeak kontrola- tzea. Basurdeek kalteak eragiten dituzte eta ehiztarien bitartez ekidin nahi dituzte nola edo hala, epeak luzatuz, uxaldi gehiago emanez, berdin da basurdeak haurdun dauden ala ez… Ehizeko zakur batekin mendi batera ateratzen bazara, isuna daukazu, agian habia jarrita daukan zozoren bat edo birigarroren bat aztoratu egin dezakeelako. Eta haurdun dagoen basurdea akabatzea ez da arazoa».
Izan ere, «administrazioak ere, ehiza nagusia beharrezkoa dela ikusten du, eta laguntza eskatzen digu basurde populazioa kontrolatzeko». Ezeizaren esanetan, «ez dago beste modurik basurdearen populazioa mantentzeko». Baina, «basurde ehiza obligazio bat bezala bihurtzen ari da. Kupoak jartzen dizkigute. Baina guk ehiza afizioz egiten dugu, nahi badugu joango gara eta nahi badugu ez gara joango. Badirudi beraien ahalegin guztia basurdeetara bakarrik doazela bideratuta».
Aldundiari zer eskatzen dioten galdetuta, garbi du erantzuna Ezeizak: «Gure beharrak, gestioak aurrera ateratzea. Eta, ehiztarioi errespetua edukitzea». Ezeizaren iritziz, «errespetua galtzen ari da, jarrera ultraekologista eta gaizki ulertutako ekologismo baten ildoan. Izan ere, gu, ekologistak sentitzen gara eta uste dugu horrela garela, ingurumenean ari garen agente bat garelako, zaindu egiten dugulako eta bere iraupenarengatik lana eginez bermatzen dugulako».
Adibide bat jarri du ehiza federazioko koordinatzaileak: «Animalistek esaten dute natura bera erregulatzen dela. Baina naturak zein mekanismo ditu gehiegizko populazio bat erregulatzeko? Gaixotasunen bitartez. Orkatzen kasuan ikusten ari gara, orkatzari sudurretik harra sartzen ari zaiola bururaino. Asturiasen, orain dela gutxi, oreinetan sarna azaldu da. Eta horrek guztiak eragin bat dauka: animalia horiek guztiak landa lurretan ibiltzen dira ganaduarekin (ardi, behi, txerri…) eta kutsadura ekartzen du». Era horretan, «puntu horretaraino iritsi gabe, populazioa bere horretan mantentzea eta gaixotasunik ez azaltzea ahalbidetzen du ehizak».
Araudi berriak
Armen lege berria eta ehiza debekualdien araudiak ere ehiztarien aurkakoak direla uste du Ezeizak. «Arma araudi berriak murrizpen handiak dakartza. Azken finean, erabateko zailtasunak ehizeko baimenak berresteko. Armero blindatu homologatuan eduki beharko genituzke eskupetak; orain arte rifleak bakarrik gorde dira. Labanak ere arma bezala hartzen dira. Ehiztarien labanak bakarrik? Eta sukaldekoak? Ehizera eraman dezakezun labanarekin bezalaxe, sukaldeko laban handi horiekin kalte berbera egin dezakezu». Arau berri horien ondorioz, «gure kalkuluen arabera, horrelako murrizpenekin eta baldintza berri horiekin, , %20k utzi egingo lituzkete armak, batez ere jende helduak».
Kirol lege berriak ere, «ikuskizunetan eta lehiaketetan, kiroletan, animalien murriztapena» dakarrela gogoratu du Ezeizak. «Oilagor lehiaketak txakurrarekin egiten dira, ehiza txikiko lehiaketak txakurrekin… Basurde arrastoaren txapelketak ere egiten ditugu… Hori guztia ere, kolokan geldituko litzateke».
500 basurde gehiago
Ehiztariak «jomugan» daudela uste dute, baina beraiek argi dute « ingurumenaren gestioa eramaten» dutela, eta «populazio desberdinen oreka mantentzen» dutela. Grebaren ondorioez galdetuta, erantzuna ondorengoa izan da:«Hilabeteko grebaren ondoren, kalkulatzen dugu 500 bat basurde gehiago utzi ditugula mendian. 500 horietatik erdiak harrak izango dira eta beste erdiak emeak. Beraz, datorren urtean basurde dezente gehiago izango dugu. Horren ondorio bezala, kalteak izango dira nekazaritzan, eta errepideetan, berriz, istripuak».
Nekazal lurretan basurdeek egindako kalteak «ezin ordaindu»
Basurdeek nekazal lurretan egiten dituzten kalteak ordaintzea ehiza federazioaren ardura da, aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz. Ezeizaren esanetan, « lau urte daramagu hitzarmena sinatu gabe, baina guk jarraitu dugu gure aldea betetzen». Orain artean, «ehiza larriko kuadrillen buruak tasatzen zituen kalteak eta federazioak ordaindu egiten zien. Betikoa gertatzen da: jaso behar duenarentzat gutxi da eta eman behar duenarentzat asko. Beti dago norbaitekin liskarren bat, baina azkenean konpontzen ziren». Hala ere, 2017an sistema aldatu egin zuten eta peritu batek peritatzen zituen kalteak eta federazioak ordaindu. «Baina perituari ordaindu egin behar zitzaion eta aldundiak perituari ordaintzeko aurreikusitako dirua lau hilabetean bukatu zen. Geroztik, perituak ez ditu kalteak peritatu eta kalteen baloraziorik egin ez denez, ezin izan ditugu ordaindu. Guk esaten duguna da, denon onerako hitzarmen hori beharrezkoa dela». Abendutik behin baino gehiagotan elkartu direla aitortu du Ezeizak: «Nahiz eta elkartu eta hitz egin, gauzak ez dira aurrera ateratzen. Eta ez adostasunik ez dagoelako. Gehien-gehienean adostasuna dago, baina ez dira hitz egindako horiek gauzatzen».