Goierri garaiko emakumeen etxea prest da dagoeneko. Urola Garaia mankomunitateko Berdintasun teknikariek bertan lan egingo dute maiatzetik aurrera eta emakume guztiak gerturatzera eta eraikinari bizitza ematera gonbidatu dituzte.
Emakumeen etxea Urretxuko Pagoeta auzoko haurreskola zegoen eraikinean dago kokatua. Maitane Agirre eta Estibaliz Ripa Berdintasun teknikariak 08:00etatik 16:00etara egongo dira bertan.
Emakume elkarteek txartel bat edukiko dute teknikariak bertan ez daudenean eraikinera sartu ahal izateko. Berdintasun sailak koordinatzaile lanak egingo ditu, emakume guztiek aretoetara sartzeko aukera eduki dezaten, eta egun eta ordu berean bi ekitaldi egon ez daitezen.
Goierri garaiko hiru emakume elkartek emakumeen etxea erabiliko dutela jakinarazi dute dagoeneko. Hiru elkarte horiek Koordinadora Feminista, Al Amal emakume musulmanen elkartea eta Matraka dira.
Azken elkarte hori Legazpikoa da. Hori dela eta, beraien herrian bertan lokal txiki bat utziko diete elkartu nahi duten bakoitzean Urretxura joan beharra izan ez dezaten.
Elkarte guztientzat
Dena den, emakumeen etxea ez da emakume elkarteentzat bakarrik izango. Gainontzeko elkarteek ere erabili ahal izango dute, beti ere gaiarekin lotutako ekintzak egiteko. Halakoetan, elkarte horiei ere atea irekitzeko balio duen txartela utziko diete.
Gainera, hemendik aurrera, ahalduntze eskolako ekintza guztiak eta Berdintasun sailak eskuartean dituen egitasmo guztiak emakumeen etxean egingo dira.
Aipatu bezala, Berdintasun sailaren egoitza emakumeen etxean egongo da. Berdintasun sailak, emakumezkoen eta gizonezkoan arteko berdintasuna lortzeko egitasmoak aurrera ateratzeaz eta eraikina koordinatzeaz gain, aholkularitza juridikoa eskaintzen du.
Emakumeen etxearen helburu nagusietako bat elkarte ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea da. «Urola Garaiak Berdintasun plan bat du eta bertan Emakumeen Kontseilua sortzea aurreikusten da», azaldu dute Ripa eta Agirre Berdintasun teknikariek.
Eraikinak aukera asko eskaintzen ditu. Sarreran, Berdintasun teknikarien bulegoaz gain, bi txoko daude. Sarrerako bi txoko hauek egongela zein itxarongela bezala erabil daitezke.
Sarreratik aurrera pasillo bat dago. Bertan takilak jarri dituzte. Emakume elkarteek erabiliko dituzte beraien lan materiala gordetzeko.
Pixka bat aurrerago bilera gela dago. Gela hori Berdintasun teknikariek ere erabiliko dute, diskrezioa beharrezkoa duten gaiak lantzeko. Gela hori liburutegi bezala ere erabiliko da.
Areto nagusia
Eraikin nagusiko azken aretoa balioaniztuna izango da. Eraikineko areto handiena da eta gidaridun ateak jarri dituzte bitan zatitu ahal izateko.
Emakumeen etxeko eraikin nagusiak bi solairu ditu, baina goikoa ez da erabiliko. Izan ere, ez da irisgarria.
Emakumeen etxeak beste espazio bat ere badu: patio itxia. Patio horretan bi areto daude. Bata ahalduntze eskolako ikastaroetarako erabiliko da eta bestea ariketa fisikoak eta erlaxazio ariketak egiteko.