Ezkiotarrek Joxe Ugarteburu (Ezkio, 1956) aizkolaria omendu zuten joan den larunbatean. Ekitaldian azken 50 urteetako aizkolari onenetako batzuk parte hartu zuten: Arria II.a, Mindegia, Arrospide, Atutxa, Vicente… Ez da harritzekoa aizkolari askok bertan egon nahi izatea, Ugarteburu oso aizkolari maitea baita. Kirol ibilbideari dagokionez, bigarren mailako txapelketa bi aldiz irabazi zuen eta hiru aldiz hirugarren izan zen lehen mailakoan. Hamar apustu jokatu zituen. Horietatik zazpi irabazi egin zituen. Gainera, aizkolari euskaldunek Australiara egindako lehen bidaian parte hartu zuen, Arria II.a eta Mindegiarekin. Bere garaian, aizkolari txikien artean (80 kilo baino gutxiago pisatzen zuen), onena izan zen.
Egurrarekin eta aizkorarekin duzun harremana aspalditik dator.
16 urterekin dagoeneko basoan lan egiten nuen. Eskola ez nuen oso gustuko eta txanpon batzuk behar nituen. Dena den, basoa beti gustatu zait. Urte askotan basoan lan egin nuen, baina orain lantegi batean lan egiten dut. 20 urte banitu, ez nintzateke fabrika zulora joango. Mendian beste edozein tokitan baino gusturago egoten naiz. Mendiko lana beti gustatu zait, baina gauzak aldrebesten hasi zirenean [zorrak utzi zizkiguten] fabrikara joan behar izan nuen. Duela 15 bat urte izan zen hori.
Norekin hasi zinen basoan lanean?
Zelaako Isidrorekin. Amaren lehengusu txikia zen. Ondoren, haren semearekin aritu nintzen, Inazio Lasarekin. Hasieran idiekin eta mandoarekin lan egiten genuen. Ondoren, traktore koskor bat ekarri genuen. Poliki-poliki, enpresa hazi egin zen. Autonomoak ginen eta askotan Bizkaira joaten ginen, Aitzol Atutxaren aitarentzat lan egitera. Bakiora, Bermeora, Zeanurira, Orozkora… joaten ginen. Atutxaren aitak enpresa handia du.
Asko aldatu al da basoko lana?
Asko. Gaur egun makineria behar da. Inbertsioa handia egin behar da eta egurraren prezioa ez dago punta-puntan. Baina beste toki batzuetan bezala, segi egin behar da.
Nolatan hasi zinen aizkolari erakustaldi eta lehiaketetan parte hartzen?
Ramon Iurrebaso zena egurra kargatzera etortzen zen. Oraindik erakustaldietan parte hartzen zuen, eta berarekin joatea eskaini zidan. Halaxe hasi nintzen. Lehen erakustaldiak berarekin egin nituen. Aita-semeak bezalaxe, Amurriora joan ginela gogoratzen dut. Hango saria ekarri nuen. Ondoren, Tolosara joan ginen, gazteen txapelketa batera. 17-18 urte nituen txapelketa hartara joan nintzenean. Iurrebaso izan zen nire lehen maisua.
Nola oroitzen duzu Ramon?
Bere autoa kargatu eta Bizkai aldera joaten ginela gogoratzen dut oraindik. Aita-semeak ginela uste zuten. Ezkiotik Ramonen etxera Mobylettean joaten nintzen, aizkora hartuta.
Prestatzaile gehiago izan al zenituen?
Leitzako Kristobal Lazkano, Iturraspe eta hauekin ibili nintzen. Lazkanok asko lagundu zidan.
Aranburu anaien babesa izan zenuen.
Asko lagundu zidaten. Garai hartan oso garestia zen aizkoran egitea. Izan ere, gaur egun su egurra hobeto saltzen da. Hori dela eta, garai hartan norbaiten laguntza edukitzea beharrezkoa zen. Niri Aranburu anaiek lagundu zidaten.
Hamar apustu jokatu zenituen.
Jokatu nuen handiena Aierberen aurkakoa izan zen: 16 oinbikotara jokatu genuen. Nire burua ondo prestatu nuen eta irabaztea lortu nuen. Bizkai aldean lanean hasi nintzenean, prestatzeko denbora gutxi nuen eta aizkora utzi nuen. Gazte samar utzi nituen apustuak. [Ugarteburuk zazpi apustu irabazi zituen eta hiru galdu. Etxeberria (1977), Etxebeste (1978), Larretxea (1979), Aierbe (1980), Arregi (1981) eta Erdozia-Gorritiri (1982ko martxoan eta apirilean) irabazi zien. Arregi (1976), Aierbe (1977) eta Hilario Mindegiaren (1978) aurka galdu zuen].
Artean oso gaztea zinela aizkora utzi zenuela esan duzu. Baina itzuli egin zinen.
Azurmendiri, Arrospideri… laguntzen nien eta itzultzea erabaki nuen. Oraindik ez dut erabat utzi… Gustatu egiten zait eta… Iaz ez nituen erakustaldi asko egin, baina kolpe txukun batzuk emateko gai naiz oraindik. Bestalde, Mikel Larrañagaren prestatzailea naiz. Erreminta prestatzea ere beti gustatu izan zait eta gustura nabil berarekin.
«Basoa beti gustatu zait: 20 urte banitu, ez nintzateke fabrika zulora joango»
«Iurrebasorekin hasi nintzen eta Bizkaian aita-semeak ginela uste zuten»
«Aizkoran egitea oso garestia zen eta Aranburu anaiek asko lagundu zidaten»
Zer du aizkorak hain erakargarria?
Basoan lan egin nuen eta aizkora beti gustatu zait. Besteei laguntzen ere asko gozatzen dut. Dakidana irakasten diet. Hor sartzen denari, irtetea kosta egiten zaio.
Nolako aizkolaria zinen?
Gorputz txikikoa. Kilo gutxikoa. Bizkorra nintzela esaten zuten. Zerbait behar… Ramon Iurrebasoren antzekoa nintzen. Lan txikietan ondo moldatzen nintzen, baina lan luzeetan beti gaizki. Azkar erortzen nintzen. Nirea ematen nuen, baina ez nintzen gailurrera heldu. Ez dut horretarako gorputzik.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun egun bat?
Aierberen aurka apustua jokatu nuen, 16 oinbikora. Garai hartan Mindegia gurekin ibiltzen zen, irakasten. Aranburutarren baserrian, Aetan, egin genuen azken entrenamendua. 18 oinbiko ebaki nituen. Oso egun ona irten zitzaidan. «Jokoa gaur irabazi dek. Gaurkoa egiten badek, ez dek hiri irabazteko gai izango», esan zidan Mindegiak. Hala izan zen. 18 oinbiko haiek hain ondo ebakitzeak, konfiantza handia eman zidan. Egur gogorra zen eta proba oso gogorra izan zen, baina aurretik egur gogorra ebakita joan ginen. [Bi ordu, lau minutu eta 30 segundo behar izan zituen 16 oinbikoak mozteko. Aierbek, 8 minutu eta 10 segundo gehiago].
Zein dohain behar ditu aizkolari on batek?
Berezkoa izateaz eta ondo prestatzeaz gain, plazan egoten jakin behar du. Etxean lan ona egiteak ez du ezertarako balio, plazan urduri jarriz gero. Oso ondo nengoen urte batean, finaletik kanpo gelditu nintzen. Egun txarra tokatu zitzaidan eta kalera. Hori datorren bezala hartu behar da. Ezin dena bertan behera utzi eta segi egin behar. Beti egon dira aizkolari onak, eta orain ere badaude. Gainera, prestaketa asko hobetu da.
Azken 50 urteetako aizkolari onenetako gehienen aurka lehiatu zara.
Luxia eta Gartziarena ez nituen ezagutu, baina Gorriti eta Latasarekin aizkoran egitera heldu nintzen.
Zein da ezagutu duzun aizkolaririk onena?
Galdera hori erantzutea oso zaila da. Aizkolari on asko egon dira. Nire gustukoa Mindegia izan da. Baina Anjel (Arrospide) bera ez da bromatakoa izan. Sei txapel lortu zituen segidan. Gainera, besteren bat lor zezakeen. Plazara ez zen egokitzen eta egokitu zenean lan handiak egin zituen. Bere atzetik Olasagasti, Nazabal… etorri ziren.
Nola ikusten duzu aizkora mundua?
Ez dago gaizki. Aizkolari asko dago. Ez direla lehengoen mailara heltzen diote, baina hori ezin da konparatu. Horri ez diot koskarik bilatzen. Garaian garaikoa. Egurra dela eta, ez dago konparatzerik. Egun ere aizkolari onak daude. Atutxak eta Vicentek asko egiten dute aizkoran. Gainera, biak gazteak dira. Bien artean dagoen berdintasuna eta lehia ona da aizkorarentzat.
Goierri garaian ere badago zaletasuna.
Elorriaga eta biok, gero Anjel etorri zen, orain Xabier Zaldua eta Elorriagaren semea… Zaldua gauza handiak ari da egiten. Gazteak ikusteak ilusioa egiten du.