Urretxuko Tourseko San Martin parrokiko kanpandorrera hontz zuri bikote bat iristen da kumatzera. Bizilagunen arabera, hala egin dute orain bost urtetik hona. Hontz zuriena ere kopuruan behera egiten ari den espeziea da.
2019ko udaberriko igande bat da. Amonak, bazkalorduan, senideei Urretxuko Tourseko San Martin parrokiako kanpandorreko hontzak iritsi direla kontatu die. Amona lurrari estu lotutako belaunaldikoa da, eta garrantzia ematen dio hontzen iritsierari. Ikuskizun dago, esaterako, 2049ko amonek hontzen iritsieraz mintzatuko diren edota artean hontz zuriak gizakiengandik hurbil biziko ote diren; areago, biziko ote diren ere.
Badira urte batzuk hontzak iristen direla. Sasoi berean iristen dira. Negu amaieran, itxuraz. Informazioa egiaztatu nahian, lehenengo eta behin parrokiara deitu, eta Iñaki Akizu parrokoak baiezkoa esan du: «Iaz, han zeudela jakitean, Zumarragako biologo bati aholkua eskatu genion, zer egin galdetzeko. Bakean uzteko esan zigun, euren kasara lagatzeko. Kumaldiren bat atera dela badakigu, kume bat hilik topatu genuelako».
Hontza diogunean, hala ere, zein hontz motaz ari gara? Aranzadi elkarteko ornitologia sailera deitu, eta Nerea Pagaldai biologoarekin hitz eginda, kanpandorrekoak hontz zuriak direla zehaztu du. Pagaldairi hontz zuriok Urretxuko kanpandorrera urtero iritsi, eta kumatzeko zergatik aukeratzen duten galdetuta, hala erantzun du: «Hontz zuriek lursail mugatu bat dute eta toki horren barruan bere gustukoena izango da Urretxuko kanpandorre hori».
Espeziea arriskuan
Pagaldaik ere Zumarragako biologoa aipatu du. Hark egin zituen hontz zurien argazkiak, hark aholkuak eman zizkion parrokoari, hark Pagaldaik berretsi dituen azalpenak eman ditu. Biologo zumarragarra Unai Santamaria da, hura ere hegaztietan aditua.
Hontz zuriek baserrietako ganbaretako toki ezkutu eta lasaietan egiten dituzte habiak, baita kanpandorreetan edota gizakiek egindako bestelako eraikuntzetan. «Halako eraikuntzak gero eta gehiago modernizatu, eta tokirik gabe geratzen ari dira. Harrapariak dira eta nekazariei mesede egiten diete karraskariak jaten dituztelako», dio Santamariak. Katearen parte dira hontz zuriak.
Pagaldaik Araba, Bizkai eta Gipuzkoako harrapari gautarren zentsoa iaz egin zutela dio. Datuak behin-behinekoak dira oraindik, baina hontz zurien beherakada konfirmatu dutela dio. Santamariak bezala, Pagaldaik ere arratoien kontra erabiltzen diren pozoiak hilkortasunaren arrazoia direla esan du: «Pozoia baino eraginkorragoak dira hontz zuriak, urtebetean bikote batek 2.000 karraskari jan ditzake».
Ea 2049an amonek kanpandorretara iristen diren hontz zurien istorioak kontatzen dituzten; denon esku dago.