Inaxio Usarralde
Jolasguran natorren gaur, Joxepa. Hara, hiru pertsona deskribatuko ditinat. Lehena: arrauna maite din. Neguan, astean sei egunez entrenamendua izan din. Ekainetik irailera egunero izango din entrenamendua, estropada egunetan salbu. Bere lagunak parrandan, edo oporretan, dabiltzanean hura etxean erretiratuta geratuko dun. Hala ere, bere moduko dozena eta erdi kiderekin bat egin eta, arraunaren erakarmen indartsuagoak bultzatuta, zortzigarren denboraldia hasteko sasoian jartzen ari dun. Bigarrena: hau ikerketa munduarekin erabat lotuta zebilen azkeneko sei urteotan. Ingurumen arloan, plastikoaren eraldaketan diharduen lantalde batean zebilen Bartzelonako laborategi batean. Sarri joan behar izaten din atzerrira mundu mailako biltzarretara. Ozta-ozta hartzen din tarte bat Gabonetan etxekoei eta lagunei bisita egiteko. Hala ere, pozik zebilen, betidanik amestutako langintza batean ari baitun. Hirugarrena: bete-beteko sei urte ikasketetan murgilduta eman ondoren, mediku-zirujau ekin zion lanari urte hasieran Iruñeko erietxe publikoan. Hasiera ez din oso erosoa izan: asteburuak, larrialdiak eta beste medikuen hutsune txandak betez baitzebilen… Hala ere, gustura zegon bere gustuko lana duela eta.
Joxepa, hiretzat eta irakurleentzat jolasa hauxe: jar iezaien nori bere izena. Hiru pertsonen azaletan zein generotakoak irudikatu ditun? Erantzunak argibide politak utziko zizkigun hurrengo afari osteko solasaldirako…
Joxepa Madariaga
Jolasera!, bada, Inaxio. Mutila/neska/neska; horrela irudikatu ditiat lehenengo kolpean, hik deskribatutako hiru pertsonak. Kirolaria, mutila. Ikerlaria, neska. Mediku-zirujaua, neska. Kirolaria ere izan zitekean neska, baina mutila etorri zaidak, lehenengo, burura.
Generoa; horrek ematen zizkiguk buruhausteak! Ez duk harritzekoa; izan ere, gizonentzat zagok egina mundua, gizonek gizonentzat egina, guztiz. Baina ari gaituk, pixkanaka-pixkanaka, geure lekua hartzen, errespetua irabazten. Elitera, puntaren puntara iristen ari gaituk arlo guztietan. Inork oparirik egin gabe, gu geu ari gaituk lortzen elitean lekua; eredu duk mugimendu feminista eta, nahiz eta egin beharreko lana handia izan oraindik, bide onetik goazela ez diat dudarik. Zirrikituak aurkitu eta aurrerapausoak emanez, 1. mailara, ezkututik argitara, leku erabakigarrietara iristen ari gaituk. Datuak lortzeko modua izango duk, baina nik ez ditiat eskuratu. Adibidez, duela 40 urte, Fabrika Handian, CAFen, zenbat emakumek lan egiten ote zian tailerrean? Zenbat ingeniari emakume ote zeudean? Ia %100ean gizonen fabrika izango huen Fabrika Handia. Lanean ari ziren emakumeak garbiketan edota sukaldean ariko hituen. Eta, gaur egun, nola ote zagok proportzioa? Datuak aldatuko hituen, ez diat dudarik. Seguru asko gizon-fabrika izaten jarraituko dik, baina emakumeak ere ari dituk tailerrean, emakume ingeniariak ere badituk. Proportzioa aldatuta egongo duk. Hala pentsatzen diat. Datuak lortzen ditudanean, beste batean, azalduko ditiagu.
Errespetua, horixe duk falta duguna; emakumeak ikustean, pertsonak ikustea, ez objektuak. Bidea luzea duk, baina egin duguna, urte gutxitan lortu duguna, ez duk ahuntzaren gauerdiko eztula.