Parketarrak ekimenaren bitartez, euskaraz jolasteko ohitura hedatu nahi dute Zumarraga eta Urretxuko udalek.
Parkeak bete egiten dira udako oporretan eta, hortaz, harremanetarako tokiak ere bilakatzen dira. Harreman horiek euskaraz izateko zuzenean eragin behar zutela argi ikusi zuten Urretxuko eta Zumarragako udalek euskararen inguruan antolatutako parte–hartze prozesuan, eta ideia horri tiraka, Parketarrak proiektua abiatu zuten. «Haurren hizkuntza ohituretan eragitea da egitasmo honen helburu nagusia», azaldu du Jesus Mari Alberdi Urretxuko Udaleko Euskara Teknikariak. Urtxintxa aisialdi taldearen laguntza dute.
«2011 eta 2012 tartean, euskararen erabilera areagotzeko parte–hartze prozesu bat abiatu genuen. Bi adar zituen prozesu hark: alde batetik, kirol mundua eta, bestetik, familia transmisioa», dio Alberdik. «Gurasoak, eskoletako arduradunak, udaleko kideak… zortzi bat lagun elkartzen gara euskararen transmisioa nola indartu erabakitzeko. Ikusi genuen Parketarrak proiektua beste herri batzuetan ere egiten dutela, eta emaitza onak ematen dituela. Gure herriko parkeetara ekarri genuen».
Urretxuko San Martin auzoko parke estalian eta Zumarragako Zelai Arizti eta Izazpi parkeetan topaketak egiten dituzte ekainean eta urrian. Pare bat orduz, Urtxintxako begiraleen laguntzarekin, hiru eta bederatzi urte bitarteko haurrek euskaraz jolasteko aukera dute. «Ez dira topaketa masiboak izaten, baina helburua ere ez da hori», zehaztu du euskara teknikariak. «Familiei eta haurrei euskaraz jolasteko baliabideak eskaintzea, euskararen inguruan biltzeko guneak bermatzea eta parkeetan euskararen presentzia areagotzea dira helburuak», gaineratu du. Hiru puntu horiek betetzen direla ikusita, emaitza positiboa dela aipatu du Alberdik.
Parketarrak ekimenarekin haurren hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzte
Haurren eta helduen arteko elkarrizketetan erabiltzen da gehien euskara
Parketarrak Izazpi auzora eramanda, inguru erdaldunean arnasgunea ematen dio euskarari
«Gurasoek askotan ez dute jakiten halako ekimenak daudenik, baina parkean topo egiten dutenean, batu egiten dira». Gurasoen partetik ere balorazio positiboa jasotzen dutela dio teknikariak.
Gurasoek ere jolas batzuetan parte–hartzen dute. Hiru eta bost urte bitarteko haurrei bideratutako jolasetan gurasoak ere batu egiten dira. Haur koskortuagoek,sei eta bederatzi urte bitartekoek, aldiz, euren artean jolasten dute. Betiere, Urtxintxa taldeko begiraleen laguntzarekin.
Erabilera, behera
Bi eta hamalau urte bitarteko haurrak dira Urretxun eta Zumarragan euskaraz gehien hitz egiten dutenak. Hamarretik hiruk erabiltzen dute euskara kalean, eta inguruan helduren bat dagoenean, datua %36,5era hazten da. Halere, haurren arteko erabileraren kopuruak behera egin du: hamabi puntu jaitsi da lehen neurketatik azkenera. Soziolinguistika Klusterrak eta Urretxuko eta Zumarragako Udalek egindako kale neurketek hala frogatu dute.
Emaitzetan alde handiak daude neurketak egin diren eremuaren arabera. Esaterako, lehen ibilbidean bost aldiz gehiago entzuten da euskara hirugarrenean baino. Zehazki, lehen ibilbideak Gernikako Arbola, Kalebarren, Kale-Errota, Euskadi Plaza, Iparragirre kalea eta Etorbidea lotzen ditu. Hirugarrenak, aldiz, Leturiatarren Enparantza, Izazpi auzoa eta parkea, Antonio Oraa kalea, Elgarrestamendi, Ipar Haizea auzoa eta Busca Isusi auzoa. Bi herrietako ingururik erdaldunena da, neurtutako hamar elkarrizketatik bederatzi erdaraz izan baitziren.
Parketarrak Izazpi auzoko parkera eramateak euskarari arnasgune bat eskaintzen dio.