Ehunmilak proiektuak herriko bizitza aldatu du Beasainen eta herri oso bat batzen duen ekitaldia dela esan daiteke. Uztaileko bigarren asteburua gorriz markatutako asteburua da askorentzat, arrazoi batengatik edo bestearengatik.
Kirol ekitaldi bat baino askoz ere gehiago da Ehunmilak. Horixe da beasaindarrek sentitzen dutena eta horrela bizi izaten dute gainera uztaileko bigarren asteburua. Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu nahi izaten duen proiektua da. Boluntarioen elastikoa harrotasunez janzten den asteburua, Ehunmilen parte direla erakutsiz. Beasaindarrek eta goierritarrek asko ematen diete Ehunmilei, baina Ehunmilek ere asko ematen die beasaindarrei eta goierritarrei. Salbatoreh hoteleko Jon Aierbek garbi du: «Gurea bezala sentitzen dugu Ehunmilak. Bakoitzak ahal duen eran laguntzen du. Beasainen ispilu oso ona da Ehunmilak». Plazape tabernako Felix Huizi ere iritzi berekoa da: «Beasainentzat oso garrantzitsua da Ehunmilak». Huiziren esanetan, beasaindarrek agendan gorriz markatutako egun bat gehiago da uztailaren bigarren ostirala: «Loinatz jaietan Mariren jaitsierarekin gertatzen den bezala: Ehunmilen irteera ikusi, pote batzuk hartu, ogitarteko bat afaldu eta 23:00etan G2Hko irteera ikusten dute askok eta askok».
Elkarbizitzarako ekitaldia da gainera Aierberentzat : «Herri guztia batzen gaitu. Elkarbizitza handia dago, eta oso polita da». Helburu zehatz bat hartuta, elkartzen ditu sentsibilitate eta adin desberdinetako boluntarioak eta korrikalariak. Horren adibide da korrikalariek entrenatzeko sortzen dituzten kuadrillak. Horregatik guztiagatik Aierbek dei argia egin du: «Erakundeei esango nieke Ehunmilak gehiago laguntzeko. Beasainen izena munduan zehar zabaltzen du, eta horrelako gauza gutxi daude».
Dena den, esaera zahar batek dioen bezala, inoiz ez du euria denon gustura egiten. Ehunmilen kasuan ere, amaitzeko gogoz egoten direnak ere izaten dira, batez ere, Kale Nagusiko bizilagunak eta dendariak.
«Zazpi logela hartu dituzte portugaldarrek, bost egunerako»
Jon Aierbe, Salbatoreh hotela: Goierriko ostatuetan gertatzen den bezala, Beasaingo Salbatoreh hoteleko hamalau logelak beteta egoten dira Ehunumilak izaten den asteburuan. Batez ere, Ehunmilak ultra trailean parte hartzen duten korrikalariek eta familiartekoek hartzen dituzte: «Asteazken-ostegunetik astelehenera arte». Gabonen aurretik betetzen da. Jon Aierberen esanetan, «itxaron zerrenda izaten dugu eta logelaren bat hutsik geldituz gero, deitu egiten diegu. Aurten zazpi logela hartu dituzte portugaldarrek, bost egunerako datoz». Aierberentzat, bezero oso ona eta fidela da korrikalaria: «Oso eskertuak dira gainera. Pasta eta arroza beti izaten dugu eta asko eskertzen dute. Ahal dugun guztia laguntzen diegu korrikalariei eta beraiekin datozen laguntzaileei». Aierbek eskerrak eman nahi izan dizkie «hau dena posible egiten dutenei».
«Osteguneko pintxo potea ere berezia izaten da»
Felix Huizi, Plazape taberna: Loinazko San Martin plazan izaten dute irteera eta helmuga Ehunmilek lasterketek, eta plazapean dagoen Plazape tabernan ere «Ehunmilak egiten» dituzte barraren atzean lanean: «Gogorra da, baina oso polita da». Ostegunetik hasten dira gainera lan gehiagorekin: «Egun horretan pintxo potea berezia izaten da. Korrikalariak dortsalak jasotzera etortzen dira eta giro oso polita egoten da pintxo potean». Nahiz eta hiru proben irteerak izaten diren une gorenenak, etengabeko lana izaten dute tabernan: «Etengabe izaten da jendea. Korrikalarien zain egoten dira familiartekoak eta lagunak; korrikalari bakoitzak 6-7 lagun mugitzen ditu. Lehen, garai batean, Beasaingo jaietara jende asko etortzen zen kanpotik danborrada eta mozorroak ikustera. Baina gaur egun ez dago horrelakorik; Ehunmilak probak lortu du hori».
«Kirol ohiturak aldatu ditu Ehunmilak ultra trailak»
Koldo Agirre, Prestatatzaile fisikoa: «Kirol ohiturak» aldatu ditu EHM eta G2H iraupen luzeko mendiko lasterketek. Koldo Agirre prestatzaile fisikoaren esanetan, «gaur egun, G2H-a prestatu eta egitea ‘normaltzat’ hartzen dugu, nahiz eta oso proba gogorra izan. Erresistentzia luzeko probak prestatzea oso ohikoa da eta horretarako entrenamendu luzeagoak sartu beharrean egoten da jendea». Kirol materialari dagokionean, «orain oinetako erosoagoa, eta amortiguazio gehiago duen oinetakoak bilatzen ditugu orokorrean, kilometroen ondorioz gorputzak, artikulazio zein muskuluek gutxiago sufritzen baitute. Motxilak, frontalak…. ere derrigorrezko bilakatu dira korrikalarien artean».
«Korrika egitera datorrena itzuli egiten da oporretan»
Niko Osinalde, Goitur: Goiturreko Niko Osinalderen ustez, Goierrira jendea erakartzeko oso tresna baliagarriak dira Zegama-Aizkorri eta Ehunmilak: «Korrika egitera edo ikustera datorren bezeroa, oso fidelizagarria da. Horrek esan nahi du, nahiz eta astebukaera horretan beteta egon, turista hori, jaso duen harreragatik, oporretan edo zubietan itzuli egiten dela; hori horrela dela badakigu. Dirua gainera, ez dute ostatuetan bakarrik uzten, nonbaiten jan behar dute eta bertako produktuak ere erosten dituzte, Idiazabal Gazta edo sagardoa adibidez». Horrekin batera, bi mendi lasterketa horiei esker, «Goierri mendiarekin lotzea lortu da eta jende asko etortzen da bertako ibilbideak egitera».