Nagore Belastegi
Zuk badakizu baina agian irakurleek ez. Garraio publikoan mugitzen naiz eta egunero Legazpitik Donostiarako bidea trenean egiten dut. Neguan aurpegi berdinak ikusten ditut egunero. Elkarrizketak entzutean badakit nor den abokatua eta nor irakaslea, nork dituen hiru seme-alaba eta nork senar jubilatua. Bakoitzak badu bere eserlekua reserbatua. Baina arropak arintzen diren heinean, treneko aurpegiak ere arinagoak egiten zaizkit. Ile hori batzuk, motxila handiekin besteak.
Donostiara iritsi eta zein zaila egiten den Bilbao Plazara doan zubia gurutzatzea! Autobus geltoki berria eta Tabakalera martxan jarri zituztenetik hiriburuko txoko hori turistaz beteta egoten da. Eta turistak diot, ez bidaiariak. Banderatxo luzea daraman gazte baten atzetik doaz guztiak aurikularrak jarrita, denak batera leku berdinera begira, argazkiak ateratzen. Donostia oso estetikoa da eta oroigarri politak eramango dituzte etxera, baina Donostiari buruz ezer gutxi ez dute ikasiko.
Berriz, hirian barrenera sartuta bidaiariak ere badaude. Turistek egiten dituzten gauza berdinak egiten dituzte askotan, baina horiek zergatik egiten diren informatzen dira, eta tabernan pintxo bat jan ostean «eskerrik asko» esaten dute, eta itxuraz hain erakargarri ez diren baina janari oso goxoa duten jatetxeetan bazkaltzen dute, eta zezenaren txapa erosi beharrean Nafarroako kateena eramaten dute etxera, norbaitek galdetzen badie atzean duen historia kontatzeko prest.
Iraia Oiartzabal
Sanferminetan murgilduta pasako dituzte datozen bederatzi egunak iruindarrek, eta haiekin batera mordoxka bat nafarrek eta baita Euskal Herriko beste puntu batzuetako herritarrek ere. Eta noski, atzerritik datozen ehunka bisitarik ere. Turismoaz eta bisitatzen den herriaz sortzen den iruditeriaren inguruan egiten duzun aipamenak horixe ekarri dit gogora, Nafarroako hiriburura datozenetako askok zer ulertzen ote duten gure jaiez, gure tradizioez eta, finean, gure herriaz. Zezenak, neurrigabeko parranda… Hori bai, eta hori baino askoz gehiago ere bai.
Berdintsu azken aldian Donostiara uholdean iristen diren turistek edo Lapurdiko hondartzetan topatzen ditugun atzerritarrek. Postaleko argazki bat baino gehiago, sustrai sakonak dituen historia baten jabe garela ba ote dakiten. Berezko hizkuntza dugula, zapaldu eta isildu nahi izan dutena. Tradizio eta kultura aberatsa dugula. Gerrak eta gatazka politikoak azken hamarkadak markatu dituela. Eta azken urteotan ziklo berri bati bide eman nahian gabiltzala. Aniztasunean aberastu nahi dugula herri hau (eta ez naiz diruz neurtzen den aberastasunaz ari), berdintasunean eta bizikidetzan…
Postaletan agertzen ez diren mezuak dira honakoak, eta pena litzateke eslogan hutsean galdutako herri bat irudikatu nahi izatea. Gure onena daukagulako oraindik ezagutzera emateko.