Ez dut aukerarik izan oraindik aldaketen eragin erreala frogatzeko. Baina aitortu behar dizuet gaia interesez jarraitu dudala, ogizale eta ogijale amorratu gisa –Espainiako Estatuko biztanleen urteroko 31,87 kiloko kontsumoa sobera gainditzen dut–. Oinarrizko elikagaietan oinarrizkoenari buruzko legedia berriaz ari naiz, ogiaren osaketa eta merkaturatzea arautzen eta eguneratzen dituen erreformaz. Ore amarekin edo hirin integralarekin egindako produktuek bete beharreko ezaugarriak finkatzen ditu eta, besteak beste, kontsumitzaileari kalitate-bermeak eskaintzen dizkio halako produktuak erosteko garaian.
Zorionez Goierrin okindegi ederrak baditugu, bezeroari bertako ogia, bikaina eta gozoa, eta arreta adeitsua eskaintzen diotenak. Mugatua delako gurean frankizia handien eragina. Erosi ohi dugun eguneroko ogiaren ezaugarriak hobeto ezagutzeko, beraz, dendariari edo okinari berari galdetu besterik ez dugu. Hala eta guztiz ere, egiari zor, araudi berriaz gaindi estimatuko nuke ogi barietate bakoitzaren osagaien inguruko informazioa dendetan ikusgarri egotea. Kontserbagarri eta bestelako gehigarririk baduten jakin ahal izateko, batik bat. Beste produktu batzuekin gertatu ohi den moduan, kontsumitzaileoi erabakiak hartzeko garaian lagungarri izango litzaioke.
Ikusten duzuen moduan, udako oporren aurreko nire azken artikuluan eguneroko ogiari buruzko iritzi kritikoaren berri ematera nindoan. Baina, ezinbestean, utziko didazue gaiz kolpetik aldatzen. Egunkarian irakurri berri dudan notiziak horretara bultzatu nau eta.
Londresen jazo da. Gizon bat etxeko lorategian eguzkia hartzen delarik, metro gutxi batzutara sortutako hots izugarri batek asaldatu du. Danbateko labur eta gogorra izan da. Zarataren jatorria deskubritu duenean iritsi da, ordea, benetako sustoa. Lorategian gizon baten hilotza aurkitu du eta ingurua odolez beteta. Zerutik jaurti izan balute bezala. Poliziaren ikerketak konfirmatu du hasiera batean sinesgaitza dirudien hipotesia. Hegazkin batetik jauzi da hildako gizasemearen gorpua.
«Haiek ere, guk bezala, bizitza duin eta zoriontsu bat besterik ez dute nahi. Ez daitezela gure bihotzak gogortu, ogi zahar eta lizuna bezala»
Aurretik ere Londresen gertatu omen dira halakoak. Jatorrizko abiapuntuan, Afrikan gehienetan, gizaseme edo emakume bat hegazkinaren lurrartzeko trenean ezkutatzen da, Europa helburu duen hegaldi batean. Gerra, pobrezia edo goseari ihesi, ogibide eta bizitza duinak amets, izoztuta hilko da hegazkinaren tripetan, atmosferako tenperatura hotza dela eta. Hegazkinak lur hartzeko garaian, gurpilak zabaltzen dituenean, bere gorpua Londreseko lorategi batean eroriko da.
Ogiaz idazten hasi naiz, baina zaila da horrelakoez aritzea, guregandik ez oso urrun horrelako egoerak bizi direnean. Gure arazoen tamaina ispiluaren aurrean jartzen digute. Tamalez eguneroko ogia bezain ohikoak bihurtu zaizkigu Londreskoa bezalako heriotz triste eta tragikoak. Europako atarian, Mediterraneo Itsasoan, noiznahi gertatzen dira Afrikako migratzaileen heriotz bidegabeak. Eta Europako agintariek bizitza hobe baten bila datozen milaka pertsona horiei gizalegezko arretarik eta laguntzarik bermatzen ez dieten bitartean, begitandu zait gure ongizatearen lorategian etzanda jarraitzen dugula, zerura begira. Gurekin zerikusirik ez balu bezala. Haiek ere, guk bezala, bizitza duin eta zoriontsu bat besterik ez dute nahi. Ez daitezela gure bihotzak gehiago gogortu, ogi zahar eta lizuna bezala.